Auzozaintza izeneko programa abiatu zuen Hernani Burujabe herri ekinaldiak 2022an. «Hautatu gabeko bakardade egoera hauskorrean» dauden adinekoei laguntzeko asmoz jarri zuten martxan, eta dagoeneko Hernaniko hainbat auzotara zabaldu dute egitasmoa. Xabier Lertxundi alkateak esan du Auzozaintzaren helburu nagusia «erabiltzaileen autonomia eta bizi kalitatea zaintzea eta sustatzea» dela, eta ahalegin horretan ari da udala azken bi urteotan. 237 erabiltzaile daude programan izena emanda —emakumeak gehienak—, eta alkateak ontzat jo du orain arte egindako bidea. Hain justu, EHUko ikerlari talde batek proiektuak erabiltzaileen osasunean izan duen eragina aztertu du oraintsu, eta ekainaren 6an aurkeztu zituzten ikerketaren emaitzak, Hernaniko udaletxean. Ikerketak dio Auzozaintzako erabiltzaileen osasuna nabarmen «hobetu» dela izena eman zutenetik gaur arte.
Amaia Maquibar ikerlarietako batek aurkezpenean esan zuenez, bakardade sentimendua apaldu zaie parte hartzaileei programari esker, eta horrek erabiltzaileen osasun mentala hobetzea ekarri duela dio. Osasun mentalean ez ezik osasun fisikoan ere eragina duela frogatu dute ikertzaileek. «Nabarmen murriztu dira pertsona horiek lehen mailako arretako kontsultetara egindako bisiten kopurua», azaldu du Maquibarrek. Datu horixe nabarmendu du alkateak: «Pentsa: badago erabiltzaileren bat programaren hasieran makuluarekin ateratzen zena kalera eta orain makulua etxean uzten duena, ahaztuta. Horrek erakusten du osasun fisikoan ere eragina duela Auzozaintzak».
«Egin ditugun elkarrizketen bidez ikusi dugu Auzozaintzan parte hartzeak bizitza hobera aldatu diela sentitzen dutela erabiltzaileek».
AMAIA MAQUIBAR EHUko ikerlaria
Auzozaintza programaren eragina neurtzeko, talde elkarrizketak egin dizkiete ikertzaileek parte hartzaileei, eta, Maquibarren hitzetan, elkarrizketa horietan ziurtatu dute hobera egin duela euren osasun mentalaren zein fisikoaren kalitateak: «Egin ditugun elkarrizketen bidez ikusi dugu Auzozaintzan parte hartzeak bizitza hobera aldatu diela sentitzen dutela erabiltzaileek, eta, gainera, hori baieztatzen dute haien senideek eta lehen mailako arretako mediku eta espezialistek».
Zainduak eta zaintzaileak
Aurkezpenean izan zen Oihane Zabaleta Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria ere, eta azaldu zuen iraupen luzeko zaintzen gaineko analisian oinarrituta dagoela Auzozaintza programa: «Autonomia funtzionalari, mendekotasunari eta bakardadeari aurre egiteko kalitatezko arreta sustatzea, zainduaren duintasuna aintzat hartzea, eta zaintzailearen bizi eta lan baldintzak erdigunean jartzea dira programaren lan tresnak». Egitasmoaren izaera «publiko komunitarioa» nabarmendu du, halaber, Zabaletak, eta uste du «oso zaila» izango litzatekeela «bakardadea bezalako arazo konplexuei» erantzutea osasun sistematik edo zerbitzu sozialetik soilik. «Hor hartzen du garrantzia, hain zuzen ere, programaren izaera komunitarioak, tokian-tokian egokitzeko malgutasuna eta sektoreen arteko elkarlana eskatzen baititu».
«Hernaniko Udalarentzat ederra da jakitea Fini Rubiok nahi zuenari erantzuten ari garela».
XABIER LERTXUNDI Hernaniko alkatea
Programa hutsetik hasi bazuten ere, Fini Rubio donostiarrak erein zuen proiektua gauzatu ahal izateko lehen hazia. Izan ere, hil aurretik, bere herentziaren zati bat Gipuzkoako lau udalerritara —Andoain, Errenteria, Hernani eta Pasaia— bideratu zuen Rubiok. «Testamentuan utzi zuen idatzita herentzia horrekin bakardade egoeran dauden adinekoei laguntzeko zerbait egin behar genuela», esan du alkateak. Horren emaitza da Auzozaintza programa. «Hernaniko Udalarentzat ederra da jakitea emakume hark nahi zuenari erantzuten ari garela».