Super Amara BAT eta Donostiako Atletico atletismo taldeak maiatzaren 4an lehiatu ziren emakumezkoen Ohorezko Mailan. Irungoa da aurrenekoa, eta Donostiakoa bestea, izenak dioen bezala, eta etxean jokatzea egokitu zitzaien. Baina etxeko pista gisa Durangokoa (Bizkaia) erabili zuten; etxetik urrun. «[Donostiako] Anoetako pistaren mantentze lanen falta Udal Kirol Patronatuaren interesik ezaren ondorio da. Ohorezko Mailan lehiatzen diren Gipuzkoako bi taldeek Durangoraino joan behar izan dute», salatu zuen Atleticok sare sozialetan. Izan ere, Gipuzkoan ez dago gaur egun era horretako lehiaketak egin ahal izateko estadiorik, Anoetako miniestadioa homologazio gabe geratu denetik. Beharrezko baimena laster lortzea espero dute.
Hain zuzen, miniestadioan jokatu ohi dira maila horretako txapelketak, orain arte Gipuzkoan horretarako ahalbidetuta egon den estadio bakarra baita. Baina duela hilabete batzuk, atletismo pistako jaurtiketa kaiola hautsi egin zuen denboraleak, eta, kaiola konpondu zuten arren, ez dute homologatu. Homologaziorik gabeko azpiegituretan ezin da halako txapelketarik egin, eta, beraz, atletek Bizkaira joan behar izan zuten lehiatzera.
Txapelketak egiteko zortzi pista nagusi daude Gipuzkoan gaur egun: Arrasaten, Eibarren, Ordizian, Tolosan, Zumarragan, Irunen, Errenterian eta Donostian. Horiez gain, entrenatzeko balia daitezkeen hamabost pista daude. Dena den, horietako batere ez dago gaituta txapelketa handiak egiteko. «Espainiako Txapelketa absolutu bat egiteko, Gipuzkoan ez dago pistarik orain. Guztiei falta zaie homologatzeko zerbait», adierazi du Ramon Goikoetxea Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidenteak.
Igandean Donostiako miniestadioaren barrualdean egin zen Gipuzkoako Txapelketako saio bat. GUPODESING
Izan ere, pistak egiteaz harago, mantenuaren garrantzia azpimarratu du Goikoetxeak: «Eibarko pistak, esaterako, kaiola eskasa dauka. Arrasatekoa ere oso gaizki dago. Gipuzkoan dagoen gabezia handi bat zera da, ez dela pisten mantentze lanetan inbertitzen». Irungo kasua ere nabarmendu du: bertan dago Gipuzkoan garrantzitsuenetakoa den taldea, Super Amara BAT, eta urteak daramatza atletismo estadio berri baten zain: «Gunea zehaztuta dago, proiektua erdi adostuta… baina ez da aurrera ateratzen. Irunek instalazio egoki bat behar du; orain daukana zahartuta dago».
«Gipuzkoan dagoen gabezia handi bat zera da, ez dela pisten mantentze lanetan inbertitzen».
RAMON GOIKOETXEA Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidentea
Baina nork dauka berrikuntza horiek eta mantentze lanak egiteko erantzukizuna? Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura, Gazteria, Kooperazio eta Kirol foru diputatuak argi dio azpiegiturak udalenak direla eta, beraz, udalak daukala ardura. «Hori bai: aldundiari laguntza eskatzen dio». Hain zuzen, Alvarezek azpimarratu du Eibarren, esaterako, udalarekin lankidetzan dabilela aldundia, bertako pista homologatzeko zer berrikuntza behar dituen zehazteko.
Kaiola, homologatu gabe
Anoetako estadioko kaiolaren homologazioak polemika ekarri du azkenaldian, homologaziorik gabe ezin baita programa guztia han egin. «Espainiako txapelketak edo ligak estadio batean egin ahal izateko, modalitate guztietan lehiatzeko aukera egotea derrigorrezkoa da, eta, horretarako, kaiolak ere homologatuta egon behar du. Orain arte, baldintza horiek betetzen zituen Gipuzkoako estadio bakarra Donostiakoa zen», esan du Alvarezek.
«Kaiolak ere homologatuta egon behar du. Orain arte, baldintza horiek betetzen zituen Gipuzkoako estadio bakarra Donostiakoa zen».
GOIZANE ALVAREZ Kultura, Gazteria, Kooperazioa eta Kirola foru diputatua
Goikoetxeak azaldu du Espainiako Federazioko ikuskaritzak ikusi duela jada kaiola, eta ikuskaritzak homologazioari oniritzia emateko zain daudela orain. «Uste dut arazo artifizial bat izan dela, ez dakit zeinen interesen arabera sortutakoa. Arazo burokratikoak sortu ziren, era artifizial batean. Baina uste dugu astebeteko epean izango dugula homologazioa, oso kaiola ona baita, segurua eta sendoa, estatuko onenetako bat».
Gainera, Gipuzkoako Federazioko buruak adierazi du Kirol Patronatuak «oso ondo» jokatu duela aferan: «Erabaki egokiak hartu ditu gurekin batera. Agian, prozesuak beste bat izan behar zuen: lehenengo Espainiako Federazioari galdetu, eta gero kaiola konpondu. Baina ahalik eta azkarrena egin nahi genuen, eta azkenean erabaki zuzena izan da». Goikoetxean zehaztu du kaiola homologatu gabe egon den azken bi hilabeteetan lortu diren markek ez daukatela baliorik Espainiako Federazioarentzat. «Homologatzen dugunean, saiatuko gara Espainiako Federazioari eskatzen kontuan hartzeko azken hilabeteetako marka horiek ere».
Igandean Donostiako miniestadioan egin zen Gipuzkoako Txapelketako proba bat. GUPODESING
Donostiako estadioan, zehazki, kaiola homologatu gabe egoteak ez ezik, pistako marren mantentze faltak ere ekarri du arazoa. Izan ere, margoa zahartuta dago, eta marrak ez dira guztiz ondo bereizten, Espainiako Federazioak eskatzen duen bezala. Irati Mitxelena (Donostia, 1998) atleta bertan entrenatu ohi da. Gipuzkoan gehien nabarmendu diren atletetako bat da Mitxelena; 2022an Espainiako salto luzeko lehiaketa irabazi zuen, eta Europako lehiaketan hamabosgarren postuan geratu zen. Udan Parisko Olinpiar Jokoetara iristea dauka hurrengo helburu gisa. «Berez, Donostiako pista oso ondo dago. Marrak pintatzea eta kaiola homologatzea besterik ez du behar. Entrenatzeko balio du, baina txapelketetarako, ez. Eta pena ematen dit, jakinda horren arrazoia zainketa falta dela», azaldu du.
Mitxelena izan zen maiatzean Durangon lehiatu behar izan ziren atletetako bat: «Durango ez dago horren urruti, baina Donostian izango balitz jende gehiago etorriko litzateke ikustera. Bi taldek haraino joan behar izatea ere…».
«Durango ez dago horren urruti, baina Donostian izango balitz jende gehiago etorriko litzateke ikustera».
IRATI MITXELENA Atleta
Horrez gain, Espainiako Txapelketa bat egiteko, harmailetan edukiera jakin bat izateko aukera eduki behar du estadioak: «Espainiako Federazioak harmailetarako eskatzen duen edukiera 4.000 pertsona ingurukoa da, eta Gipuzkoan oraintxe ez dago halako edukiera daukan estadiorik», jakinarazi du Goikoetxeak. Gipuzkoako txapelketak egiteko, ordea, erabil daitezke pista horiek, herrialdeko federazioak berak onartuak baititu homologaziorik gabeko pistetan lortutako markak.
Miniestadioko lanak
Donostiako miniestadioko lanak azaroaren 1ean hasiko direla espero da, eta bi zatitan banatu dituzte: eraikinaren berritze lanak, batetik, eta pista eta zelaia hartuko dituen eremukoak, bestetik. «Gimnasioa da gehien interesatzen zaiguna, orain daukaguna zaharra eta txikia baita. Orain daukaguna halako hiru izango da berria», dio Goikoetxeak. Eraikineko lanek hemezortzi hilabete beharko dituzte, eta kanpoaldekoek, bederatzi. «Pentsatzeko daukagu nola uztartu lanak atleten jarduerarekin, ahalik eta eragin txikiena izateko. Erabakiak hartzeko orduan, eragina eta segurtasuna hartuko ditugu kontuan».
Lasarte-Oriako atletismo pista ere egokituko dute: homologatua izango da, sei kalekoa. Mitxelena atletak entzun du horren berri, eta uste du aukera bat izan daitekeela Donostiakoa obretan dagoen bitartean entrenatzera joateko: «Pentsatu beharko dugu zer egingo dugun lanek dirauten bitartean, baina Lasarten irekiko duten pista berria izan daiteke aukera bat».
Lanak bukatuta ere ezin izango da Donostiako estadioan Espainiako txapelketarik egin, instalazioak berritu dituzten arren harmailetan ez duelako Espainiako Federazioak eskatzen duen edukiera izango —1.300 ikusle hartu ahal izango ditu—. Hala ere, Goikoetxeak nabarmendu du konponbidea izan dezakeela arazo horrek, harmaila mugikor batzuk alokatuta. «Ez dut uste orain edukiera handitzean dirua gastatzen hasi beharko genukeenik. Patronatuarekin bat nator horretan».