«Poligono industrialetara eraman dugu heriotza; ezgauza bihurtu gara»

«Poligono industrialetara eraman dugu heriotza; ezgauza bihurtu gara»

Hil eta Bizi egitasmoaren sortzailea da Nerea Erkiaga (Lekeitio, Bizkaia, 1973). Haren ustez, heriotza «beldurrez eta ezjakintasunez» inguratuta dagoen «tabua» da oraindik. Ikuspegi hori aldatu nahi du, eta, hain zuzen ere, funtzio hori du Hil Arte Bizik: heriotza modu naturalagoan bizitzeko tresnak sortzea. Ekainaren 6az geroztik, gai horren gaineko tailerrak ematen ari da Lazkaon, ostegunero.

Zer da Hil Arte Bizi?

Nik abiatu dudan egitasmo bat da. Heriotzaren inguruan eraiki dugun beldurra desegiten laguntzea du helburu, eta, horretarako, herritarren ahalduntzea sustatzea da asmoa. 

Zer dela-eta sortu zenuen proiektua?

Nik kultur arloan egin dut lan beti. Liburuzaina naiz, dokumentalista, liburutegi eta dokumentazio zentroetan lan egin dut askotan. Gainera, Parte Hartze Masterra egin nuen EHUn, eta parte hartzeari lotutako prozesuak bideratu ditut. Gero, bizitzako kontuak zirela eta, heriotzaren inguruko interesa piztu zitzaidan, baina interes hori oso modu praktiko batean landu dut. Heriotza da lantzen dudan gaia, ez heriotzak eragindako dolua, eta ez espiritualitatea edo sinesmena.

Kultur arlotik zatozela esan duzu, baina Tanatologia ikasketak egin dituzu. Zer lantzen da tanatologian? 

Kultur arlotik nator, baina azkeneko hamar urteetan heriotzaren gaineko ikasketak egin ditut. Tanatologia anglosaxoien death studies-en pareko zerbait da: heriotzaren inguruko jakintza. Alor asko lantzen ditu: filosofia, antropologia, soziologia, psikologia, medikuntza, zuzenbidea… Bizitzak bezala, heriotzak ere alor guztiak ukitzen ditu.

«Heriotza lantzen dut nik, ez heriotzak eragindako dolua eta ez espiritualitatea edo sinesmena»

Heriotzaren zer alorretan kokatuko zenituzke zure saioak?

Hil Arte Bizi alor praktikoan aritzen da. Arauak lantzen ditugu, jakiteko heriotzari lotutako zer lege dauden. Testamentuari dagokionez, adibidez, nork bere ondasun materialak nola kudeatu, zer eskubide edo muga dauden, eta muga horien barruan zer aukera dauden; horixe lantzen dut Hil Arte Bizin.

Nori bideratua dago?

Bi lan lerro ditu: herritarrei bideratutakoa da bat, eta komunitateei bideratutakoa bestea. Herritarrei begirako lan lerroan, eskubideei buruz hitz egiten dut, behar dugun jakintza praktiko guztia jaso eta zenbait alorretan gogoetak eginez. Komunitateei begirakoan, berriz, askotariko gaiei buruzko parte-hartze prozesuak proposatzen ditut. Komunitate gisa, hainbat erantzukizun ditugu heriotzari begira, eta ez badugu horien gaineko gogoetarik egiten, ez ditugu erantzukizun horiek beteko.

Esango zenuke, oro har, jendeak geroz eta gehiago hitz egiten duela heriotzaz?

Gaur egun heriotzaz ikusi edo entzun daitekeena zera da, zonbiak, gau beltzak, beldurrezko pelikulak edo gerrak. Hori da heriotzaren inguruan jaso dugun heziketa bakarra. Horrenbestez, kamustuta geratzen gara pertsona eta gizarte gisa. Aztertzen hasiz gero, ikusiko genuke ez garela heriotzaren inguruko jakintzan minimora ere iristen. Hain gaude hutsaren pare, nonbaitera iritsi behar dugu, gutxieneko batera. Beraz, esango nuke heriotzaz hitz egitea ez dagoela modan edo jendeak ez duela geroz eta gehiago hitz egiten heriotzaz, baizik eta naturaltasun batera heltzen ari dela horretaz hitz egitea, minimora. 

Nondik dator jendeak heriotzari dion beldurra?

Heriotza pendulu bat izan da gizartearen eboluzioan. Iraganean, Elizak kontrolatzen zuen gaia, eta beldur itzela sortu. Orain, beste muturrera mugitu gara: ez da gaia inoiz aipatzen. Gizarte gisa, poligono industrialetara eraman dugu heriotza; ezgauza bihurtu gara.

«Heriotzari buruz hitz egitea ez da inoiz erraza izan, pertsonok programatuta gaudelako heriotzari buruzko elkarrizketak saihesteko»

Parte hartzaileei erraza egiten zaie heriotzaren inguruan hausnartzea?

Erraza baino gehiago, atsegina egiten zaiela esango nuke. Modu atseginean lantzen dugu gaia, eta oso ondo pasatzen dugu eta barre ere egiten dugu. Heriotzari buruz hitz egitea ez da inoiz erraza izan, pertsonok programatuta gaudelako heriotzari buruzko elkarrizketak saihesteko. Hau da, bizitza da nahi duguna. Hori da berezko joera, eta beldurra naturala eta normala da, horrek laguntzen baitigu bizitzari lotzen. Baina modu parte hartzailean, taldean eta planteatutako ariketak eginez, giro oso ona sortzen da, eta ideia asko argitu egiten dira. 

Zein da zure saioen helburua?

Bukaerako planteamendua da erabaki dugun guztia labur-labur bildu eta karpeta batean jasotzea. Alor guztietako erabakiak eta dokumentu legal guztiak bertan gordeta edukitzea. Agur on karpeta deitzen diogu horri.

Haurrekin eta gazteekin ere egiten duzu lan Hil Arte Bizin? 

Hil Arte Bizi helduentzako planteatuta dago. Baina haur eta gazteentzat korronte oso bat dago sortuta, heriotzaren pedagogia deitzen dena. Haurrak, hurrengo pertsona helduak izango direnak, euren baliabide guztiekin garatzea sustatzen du heriotzaren pedagogiak. Heriotza egon badago, eta bizirik dagoen dena hil egiten da. Horretaz hitz egin behar da haurtzaroan zein gaztaroan, bizitzak dakarren egoeretatik abiatuta, hausnartzen hasteko. Bestela, berehala usainduko dute ezin dela heriotzari buruz hitz egin, tabua dela, eta orduan heziko dira gu hezi garen bezala: kamustuta.

Zer lortuko litzateke heriotzaren tabua desagertuz gero?

Gehiago hausnartuko litzateke heriotzari buruz, eta, horren ondorioz, pertsona heldu eta osoagoak bihurtuko ginateke. Heriotza suertatzean, baliabide gehiago izango genituzke heriotza horri aurre egiteko orduan. Mina bera izango litzateke, dolua maitatzearen ordaina baita. Dolua igaro beharra dago, ezin da baztertu. Ez da gaixotasun bat, prozesu natural bat baizik, eta baliabide egokiak edukiz gero, eramangarriagoa izan daiteke.