Bisiguaren Festa uztailarekin batera iristen da urtero Oriora. Ospakizun kutuna dute herrian, eta inguruko herrietako jende asko erakartzen du. Aurten, ordea, bisiguaren egoerak baldintzatuko du jaia; izan ere, Orioko Udalak bisiguaren egoeraren gaineko gogoeta egin du, eta neurriak hartu ditu jaia «gaur egungo errealitatera egokitzeko». Horrela erabaki dute antolaketaz arduratzen diren eragileek, eta hainbat neurri hartuko dituzte festaren aurtengo aldirako. Uztailaren 13an eta 14an ospatuko dute Bisiguaren Festa, eta lau otordutik bira jaitsiko dute eskaintza, «bisiguaren etorkizuna» eta «espeziearen babesa» baitute xede.
Orioko Udala da festaren sustatzaile eta antolatzaile nagusia, eta, alkate Anuska Esnalek adierazi duenez, saiatu dira gaiari «merezi duen arduraz» erantzuten. Erabakia «zaila» izan den arren, «zentzuzkoena» dela dio Esnalek. Gainera, esan du hartutako neurriak eragile askoren arteko «hausnarketa prozesu sakon baten emaitza» direla: «Ez da bat-bateko erabakia izan; bilera mordoxka bat egin dugu azken hilabeteotan udaleko bi taldeetako kideok parrilleroekin, generoa ekartzen duten arrandegietako arduradunekin, zientzialariekin eta jaian era batera edo bestera inplikatuta daudenekin». Hausnarketa prozesu horren ondorioz hartu dute eskaintza murriztearen erabakia. «Alternatiba asko jarri genituen mahai gainean, baina aho batez egin dugu aurrera hartutako erabakiarekin».
«Arrandegiek ikaragarrizko ahalegina egin behar izaten dute festak eskatzen duen arrain kantitatea bermatu ahal izateko».
ANUSKA ESNAL Orioko alkatea
Festak herrian duen atxikimendua «handia» denez, atxikimendu hori «zerora» jaitsi beharrean «erdibideko aukera bat» bilatzen saiatu direla azaldu du Orioko alkateak. Aitortu du herri guztiari eragiten diola erabakiak, eta «bertigoa» ere eragin diela. Esnalek nabarmendu du udalak gaiaren inguruan izan behar duen «erantzukizuna eta ausardia» izanda jokatu duela. «Gustatuko litzaiguke itsasoen egoera bestelakoa izatea, baina orain jasangarritasunaren eta bisigu espeziearen babesaren alde ausardiaz jokatu beharra ikusi dugu».
Itsasoen egoeraz kezkatuta
Bisiguaren egoera «ez da ona», Esnalek esan duenez: «Hainbat arrazoirengatik dago bisigua egoera horretan: alde batetik, urte luzez egin den arrantza ereduagatik, eta, bestetik, gaiaren gaineko ezjakintasunagatik». Unean uneko erabakiez aparte, etorkizunari begiratzearen garrantzia aldarrikatu du: «Gure eginbeharra ez da soilik herritarrei momentukoaz gozatzeko aukera eskaintzea; ondorengoei testuingururik ahalik eta onena uztea ere gure ardura da». Egoeraren larritasunaren berri ematea ere ezinbestekotzat dauka: «Momentuaren larritasuna aztertzeko gai izan behar dugu, eta, ale horretatik, uste dugu badaudela hartutako erabakia justifikatzeko nahikoa argudio».
Sukaldariak, ostalariak eta parrilleroak ere kezkatuta daude hainbat arrain espezieren egoera «kaskarrak» direla eta. Orioko alkatearen arabera, parrilleroek ere «mahai gainean» dute gaia, eta haien iritzia «ezinbestekoa» izan da aurtengo Bisiguaren Festa antolatzerakoan. «Hustu dugu Bizkaiko Golkoa, hustu Gibraltargo itsasoa, eta orain beste itsaso batzuk hustu behar al ditugu?», galdetu du alkateak.
Orioko Bisiguaren Festako epaimahaiko kideak, iaz, Orion. ARITZ MUTIOZABAL
Festaren antolakuntzak «lan mardula» eskatzen duela dio Esnalek: «Uda sasoian egiten dugu festa. Ordurako herriko establezimenduak gainezka egoten dira, eta parrilleroek ahalegin berezia egiten dute plazara joateko». Arrandegietako langileen lana ere aitortu nahi izan du: «Arrandegiek ikaragarrizko ahalegina egin behar izaten dute festak eskatzen duen arrain kantitatea bermatu ahal izateko». Beraz, aurten, lau otordutik bi otordura pasatuko da eskaintza, baina alkateak esan du kalitatea ez dela okerragoa izango. Ohi bezala, «punta-puntako» parrilleroen eskuetatik igaroko da jatekoa, eta bi egunez 220 pertsonarentzako bazkaria eskainiko dute, hilaren 13an eta 14an, 14:00etan.
Omena, boluntarioei
Hain zuzen, Orioko bederatzi parrillero arituko dira bazkariak prestatzen: Katxina jatetxeko Joxe Migel Zendoia, Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga eta Juan Carlos Martinez, Joxe Mari erretegiko Mikel Manterola, Sarasua erretegiko Joseba Etxezarreta, Orioko Barra jatetxeko Tati Gerra, El Vaskito jatetxeko Iñaki Azkue, eta Euskal Parrillako Aitor Atorrasagasti eta Aratz Arregi. Omenaldietarako tartea ere hartzen dute Bisiguaren Festan, eta aurten, antolaketa lanetan boluntario aritzen den Tolosako taldea omenduko du udalak.
«Kontzientzian eragin behar dela diogu udaletik, herritarrek jakin dezaten itsasoen egoera kezkagarria dela».
ANUSKA ESNAL Orioko alkatea
Bisiguaren Festan sortzen den giroa nabarmendu du alkateak, eta esan du bisigua dastatzeko aukera ona dela. «Askotariko iritziak egon daitezke Bisiguaren Festaren gainean, baina jakinekoa da bertako nahiz kanpoko jende asko egoten dela jai honen zain; izan ere, sortzen den giroaz gain, ekonomikoki tabernetan baino modu eskuragarriagoan dastatu ahal izaten da bisigua hemen». Dena den, gogoeta ere piztu nahi dute herritarrengan: «Kontzientzian eragin behar dela diogu udalekook, herritarrek jakin dezaten itsasoen egoera kezkagarria dela».