Abian da Kalerki kaleko arteak biltzen dituen ikuskizunen jaialdia, Zarautzen. Atzo hasi zen 31. aldia, eta bihar amaituko da. Hamar kale ikuskizun egingo dituzte gaur eta bihar bitartean, eta askotarikoak izango dira emanaldiak; hala nola zirkua, antzerkia, musika eta dantza. Hainbat gunetan izango dira ikuskizunak, eta Zarauzko Udalak egitarau «aberatsa» prestatu du, Nagore Irastorza udaleko kultur teknikariaren arabera, «edonork» aurki baitezake «gustuko obraren bat» ordu zein leku desberdinetan. Euskal Herriko bost konpainia ari dira parte hartzen Kalerkin, eta Kataluniakoak eta Frantziakoak dira, besteak beste, gainerako taldeak.
Antolatzaileek esan dute saio ibiltariek «tarte berezia» izango dutela aurtengo programazioan. Esaterako, Kukai dantza taldearen Euskorleans obra ibiltariak eman zion hasiera atzo jaialdiari, eta Zurrunka Teatro & La Semilla Voladora konpainiak Birakolore antzezlan ibiltaria egingo du bihar. L’Estranya Cia Kataluniako konpainiaren Calacas obra ibiltariak itxiko du egitaraua bihar iluntzean. Mexikoko Hildakoen Eguna du ardatz emanaldi horrek, eta piroteknia eta dantza uztartzen ditu.
«Lehengo urtean Santa Klara komentuan izan genuen esperientzia oso ona izan zen, eta aurten berriz egingo dugu».
NAGORE IRASTORZA Zarauzko Udaleko kultur teknikaria
Kalerkik Zarauzko hainbat gune hartuko ditu aurten ere: Villa Manuela, malekoia, Frontoi Txiki, Munoa plaza, Santa Klara eta Alde Zaharra, besteren artean. Iaz, estreinakoz, Santa Klara komentuan egin zituzten emanaldietako batzuk, eta Irastorzak esan du aurten berriro antolatu nahi izan dituztela: «Lehengo urtean Santa Klara komentuan izan genuen esperientzia oso ona izan zen, eta aurten berriz egingo dugu. Izan ere, komentu hori oso leku atsegina eta egokia da Kalerkirentzat, eta jendeak oso gustura hartu zuen iaz».
Aurten, Amalur parkean egin dute lehenengoz obretako bat: Jimena Cavalletiren B.O.B.A.S. Banda Orquestal Benéfica de Actor Sepulcrales. «Amalur parkea konpontzeko lanak amaitu dira, eta han izan da B.O.B.A.S. Ikuskizun berezia da, parke bat eskatzen duena, eta horregatik erabaki genuen Amalurreko gunea ere Kalerkin txertatzea».
Kultur teknikariak esan du malekoia ez dutela urtero erabiltzen jaialdirako. Ikuskizunaren arabera erabiltzen duten toki bat da, eta aurtengo aldirako erabiltzea erabaki dute.
Publikoa, gertu
Arte diziplina guztien artean, umorea izango da Kalerkiren urte honetako osagai nagusia. «Orotariko publikoarentzat da Kalerki», azaldu du Irastorzak. «Umore beltza, musikaz girotutako umorea zein malkoak eragiten dituen clownen umore lotsagabea ikusi ahal izango dira». Izan ere, teknikariaren hitzetan, kale ikuskizunek «asko izan ohi dute umoretik», eta horren adibide da Tio Teronen Semeak konpainiak eskainiko duen Haurreskolari emanaldia. Bihar iluntzean ikusi ahal izango da dantza taldeak sortu duen azken ikuskizuna, eta, konpainiako kide Aritz Salamancaren hitzetan, «umorea oinarri izanda» eta melodia ezagunez osatuta, «haurtzarora bidaia» proposatzen du obrak: «Guztiok ikastetxean izandako esperientziak dantzaren bidez, eta, batez ere, umoretik bizi izan ahalko ditugu. Identifikatuko ditugu melodia, estruktura eta dantza ezagunak, eta estilo desberdinak ikusi ahal izango dira».
Dab dantza konpainiako dantzariak, ekainaren 28an, Zarautzen, Kalerki jaialdiaren aurkezpenean. JULENE SORARRAIN
Nahiz eta lehenago bi emanaldi egin dituzten, Zarauzkoa izango da Tio Teronen Semeak taldeak obra hori interpretatuko duen lehen jaialdia. Horrenbestez, Kalerkiko emanaldia estreinalditzat daukate taldekideek. Salamancak esan du «zoragarria» izan dela orain arteko bi emanaldietan jaso duten erantzuna: «Ikusi dugu ikusleak lehenengo minututik katigatzen direla; segituan konturatzen dira umorezko saioa izango dela, eta, beraz, haiekiko konexioa hasieratik sumatzen dugu».
«Ikuslea segituan konturatzen da umorezko saioa izango dela gurea, eta, beraz, haiekiko konexioa hasieratik sumatzen dugu».
ARITZ SALAMANCA Tio Teronen Semeak taldeko kidea
Bigarrenez arituko da Tio Teoren Semea Kalerki jaialdian —2016an aritu zen lehenengoz—, eta, lehen aldiko emanaldiaren gisan, Zarauzko malekoian izango da biharkoa ere. «Lehenengo emanaldi hartan malekoian dantza egitea luxu bat izan zen, han elkartu zen jendetzagatik eta itsasoaren aurrean geundelako. Bederatzi urteren ondoren leku berera itzultzea oso polita da guretzat».
Hain zuzen ere, kalea da konpainiaren «eremu naturala», eta dantzariek beharrezkotzat daukate jendea hurbil izatea. «Kalerkik iraun bitartean gainezka egoten da malekoia, bereziki eguraldi onarekin, eta horrek aukera ederra ematen digu publikoarekin hartu-eman estua egin eta ikuskizuna aurrera eramateko».
Kalerkik 31. aldia duela eta, Irastorzak esan du herrian errotuta dagoela jaialdia honezkero, herritarrak «jaialdiaren zain» egoten baitira. Horregatik, eguraldia lagun izatea espero dute, kaleko emanaldiez goza dezaten.
EGITARAUA
GAUR
19:00. Lucas Escobedo konpainiaren Los Mañas, Modelo aretoan.
20:00. Adrian Conderen Check-out, Villa Manuelan.
21:00. La Sincro konpainiaren Ohlimpiadas, Frontoi Txikin.
22:30. Champagnie LMP konpainiaren Piti Peta Hofen Show, Santa Klaran.
BIHAR
18:00. Zurrunka eta La Semilla Voladora konpainien Birakolore, Modelo aretoan.
19:00. Le Puant konpainiaren Gran sonata, Villa Manuelan.
20:00. Circo Los konpainiaren Kasumay, Frontoi Txikin.
21:00. Tio Teronen Semeak konpainiaren Haurreskolari, malekoian.
22:30. DA.TE Dantza konpainiaren En tierra de nadie, Munoan.
23:30. L’Estranya konpainiaren Calacas, Munoan.