Zuzeneko musika

Zuzeneko musika

Orain urte dezente udako oporrak Bretainian pasatu genituen. Hogei bat egun atzera eta aurrera turistarena egiten. Ezinbesteko zita bat ere bagenuen apuntatuta: An Orianteko festibal interzeltikoa. Hara iritsi, eta Tri Yannen kontzertua gomendatu ziguten. Orduan sasoian ez ziren sarrerak Internetez saltzen, eta horregatik ikusi ahal izan genuen zuzenean. Kontua da Bretainian musika nonahi aurkitu genuela kalean zein tabernetan. Kontzertuak ere makinatxo bat. Hala, Angelo Branduardiren emanaldia parean tokatu zitzaigun, parke baten iluntzeko zortziak aldera. Zoragarria. La Rue Ketanou ere ezagutu genuen Naoneden, hori ere parke baten eta antzeko orduan. Hiru aste eskasean hiru kontzertu handi, eta beste horrenbeste musika emanaldi informalagoak. Itzela.

Oroitzapen horiek aurreko ostiralean etorri zitzaizkidan Petti eta Etxeko Uztaren kontzertuan. Aste mortala izan nuen, pot eginda nengoen, baina aspaldian neukan Berako bluesmanaren kontzertu bat berriro ikusteko gogoa. Ez joatekotan egon nintzen nekearen nekez, eta kontzertuetako lagunak kale eginda, baina Mendaron zenez, arratsaldeko zazpietan, animatu, eta arrastaka bazen ere, Garagartza auzora iritsi nintzen. Eta eskerrak! Ez zidan nekea kendu musikak, baina deskantsu mentala eta gorputzekoa eragin zidan. Ez nintzen gai mugitzeko, eta aharrausika jardun nuen kontzertu erdia, ez oso jarrera txukuna rock kontzertu baterako, badakit, baina nire nekeagatik zen, musikariek dena eman zutelako oholtzan, gitarra joaldi paregabea Joseba Irazoki eta Pettiren artean, ikaragarria.

Nire besaulkian jarrita, Bretainian bizi izandakoa etorri zitzaidan akordura eta musikak zuzenean duen eragin bizigarrian pentsatu nuen, zelako energia eta ongizatea sortzen digun, zelako gozatua den. Pentsamenduen haria harantzago joan zitzaidan, eta hausnarrean pasatu nuen emanaldi osoa: zein inportantzia gutxi duen gure gizartean zuzeneko musikak, kontzertu txikien garrantzia, hurrengo belaunaldiei transmititzen ote diegun guk sentitzen dugun gozatua… Burua bor-bor erabili nuen.

Makroak ederrak izan litezke, baina kontzertu txiki barik handirik ezin egon. Txikien magia, gertutasuna, sarrerak erosteko premia zoro hori gabe… Zein garrantzitsuak diren guztiak!

Amaitutakoan ezagun batzuekin egon nintzen San Agustin kulturguneko terrazan. Antolatzaile batzuekin jardun nuen berbetan kontzertuaz eta kontzertuak sortutako hausnarketez. Ederra izan zen ostekoa ere. Gorputza jota izan arren, gogoa biziberritua itzuli nintzen etxera.

Eta zein garrantzitsuak diren antolatzaileak! Ahaztu egiten zaigu askotan jende horren lan isila. Boluntarioak, musu truk dabiltzanak, zaletasunagatik, sinistuta zertan diharduten, nahi baino gehiagotan borrokan instituzio edota burokraziarekin, diruarekin… Garagarock antolatzen dute Mendaron azken urteetan, eta aurten irailaren 21ean izango bada ere, Petti eta Etxeko Uztaren kontzertua Garagarock horren aurrerapena da: Garagarock Parkean. Eskerrik asko, lagunok.

Beste ildo batetik ere joan ziren nire gogoetak, azken boladan makrokontzertuen harira sortu den polemikara, hain zuzen. Makroak ederrak izan litezke, baina kontzertu txiki barik handirik ezin egon. Txikien magia, gertutasuna, talde berriak ezagutzeko aukera, sarrerak erosteko premia zoro hori gabe, sarriago zuzeneko musikaz disfrutatzeko abagunea… Zein garrantzitsuak diren guztiak!

Azken konklusioa ere atera nuen: musika osasuna da. Botika gozoa! 

Gora zuzeneko musika!