Gipuzkoa da, Hegoaldean, gorroto delituen tasa handiena daukan lurraldea. Hori jakinarazi du Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak uztailaren 1ean argitaratu zuen Gorroto delituen bilakaerari buruzko txostena Espainian txostenak. Haren arabera, iaz 100.000 biztanleko 14,65 kasu erregistratu ziren Gipuzkoan. Zenbaki osoak hartuz gero, Hego Euskal Herrian Bizkaiak dauka gorroto delituen kopururik handiena: 134koa. Baina, kalkulua biztanleriaren arabera proportzionalki eginda —Gipuzkoan Bizkaian baino biztanle gutxiago dagoela kontuan hartuta, alegia—, Gipuzkoan dago delitu mota horien tasarik handiena. Gorroto delituen artean, arrazakeriagatik edo xenofobiagatik egindakoak ugaritu egin dira.
[articles:2127840]
Antisemitismoa, aporofobia, desgaitasuna, arrazakeria eta xenofobia, eta orientazio sexuala izan daitezke, besteak beste, legediak hartzen dituen arrazoiak delitu bat gorrotozkoa izan daitekeela zehazteko. Gipuzkoako delitu gehienak arrazismoari eta xenofobiari lotutakoak dira. Izan ere, mota horretako kasuek nabarmen egin dute gora azken urtean. Gipuzkoan, iaz denera 106 gorroto delitu erregistratu zituzten, eta 73 izan ziren arrazoi arrazista edo xenofoboengatik. Sexu orientazio edo identitateagatik hamalau izan ziren, eta «arrazoi ideologikoengatik», zortzi. Aporofobiari lotutako gorroto delitu bat erregistratu zuen Poliziak.
Gipuzkoan gorroto delituengatik atxilotu dituztenen kopurua ere estatuko handiena da: 206 izan ziren guztira 106 delitutan nahasitako pertsonak. Horietatik 156 izan ziren arrazismo edo xenofobia delituak egin zituztenak, txostenak dakarrenez. Erasoen biktimak, berriz 144 izan ziren —horietatik %72 izan ziren arrazismoa edo xenofobia pairatu zutenak—.
«Administrazioak salaketa jartzera bultzatzen du. Eta hori ondo dago. Baina, gero, zer erreparazio jasoko dute salatzen duten horiek?».
MIKEL MAZKIARAN Gipuzkoako SOS Arrazakeriako abokatua
«Segur aski, badago arrazakeria edo xenofobiagatik egindako gorroto delituen gorakada bat», esan du Mikel Mazkiaran Gipuzkoako SOS Arrazakeriako abokatuak. Hala ere, ohartarazi du atestatu polizialetatik ateratako datuak direla txostenekoak: «Poliziak erregistratzen dituen gertakariak dira, baina gero ez dakigu atestatu horiekin zer gertatzen den. Hau da, epaitegi batera joaten diren edo ez; eta, joaten badira, nola bukatzen duten, artxibatu egiten dituzten edo sententzia bat duten. Informazio hori jakitea falta da».
Beste ohartarazpen bat ere egin du Mazkiaranek: gertatzen diren kasuetatik %80 baino gehiago ez dira salatzen. «Europa eta Ameriketako Estatu Batuetan badaude ikerketa ugari horri buruz, eta diote horrelako kasuak oso gutxi salatzen direla». Arlo horretan, nabarmendu du pertsona askok ez dituztela salatzen jasandako erasoak, uste dutelako ez duela «merezi»: «Normalean, administrazioak gomendatzen du salaketa jartzea. Eta hori ondo dago. Baina, gero, zer erreparazio jasoko dute salatzen duten horiek? Instituzioek erantzun eraginkor bat eskaini beharko liekete salatzen dutenei».
Horrez gain, SOS Arrazakeriako abokatuak salaketak bultzatzeko egindako sentsibilizazio kanpainek duten hutsune bat ere nabarmendu du: ez da horien eraginkortasuna neurtzen. «Estatu Batuetan egiten dituzte horrelako ikerketak ere. Esate batera, [Donald] Trumpek presidente zen garaian migratzaileen aurka zabaltzen zuen diskurtsoen eta kolektibo horren aurkako gorroto delituen igoeraren arteko lotura ikusi zuten».
Gorrotozkoa ala ez?
«Hala ere, kontuan hartu behar dira Eusko Jaurlaritzak ateratako txosteneko datuak ere», ohartarazi du Mazkiaranek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ekainaren amaieran argitaratu zuen gorroto delituei buruzko dokumentua, Unescorekin eta EHUrekin lankidetzan. Espainiako Barne Ministerioak emandako datuekin alderatuta, Jaurlaritzaren txostenak Gipuzkoan sei delitu gehiago erregistratu ditu (beraz, denera 112). Bizkaian, 136, eta Araban, 33. Kontuan hartu behar da, dena den, kopuru absolutuak direla horiek, eta ez batez besteko tasak. Jaurlaritzaren txostenak eta Espainiako Gobernuarenak, biek aipatzen dute arrazoi arrazista edo xenofoboa duten delituen igoera.
Horrez gain, ez da erraza zehaztea delituak kolektibo jakin baten aurkako gorrotoak bultzaturikoak izan diren edo ez. «Epaitegi batean frogatzeko oso zailak izan ohi dira kasu horiek. Esaterako, lesio delitu bat badago, nola frogatu hori arrazakeriagatik izan dela eta ez pertsona horrekin beste mota bateko arazo bat izan duelako?», galdetu du Mazkiaranek. Horretarako, adierazle jakin batzuk erabiltzen dira, abokatuak azaldu duenez. Adibidez, delitua egin duenak muturreko ideologia batekin identifikatzen den janzkerarik daukan, delitua egun seinalatu batean egin duen —Adolf Hitler alemaniar diktadorearen jaiotze egunean, kasurako— edo biktima lehendik ezagutzen duen. «Gorroto delitu bat egiten duenak, askotan, ez du bere biktima ezagutzen, ez zaiolako axola nor den. Axola zaion bakarra da, esaterako, beltza dela, eta horregatik soilik erasotzen dio», esan du Mazkiaranek.
«Lesio delitu bat badago, nola frogatu hori arrazakeriagatik izan dela eta ez pertsona horrekin beste mota bateko arazo bat izan duelako?».
MIKEL MAZKIARAN Gipuzkoako SOS Arrazakeriako abokatua
Zigor Kodean gorroto delitutzat hartzen dira, besteak beste, biktimak egiaz edo ustez duen ezaugarri baten aurkako aurreiritzietan oinarritutako mehatxuak, eraso fisikoak, hertsapenak, eta baita gorrotozko diskurtsoak ere. Azken horiek, dena dela, frogatzeko «are zailagoak» direla nabarmendu du Mazkiaranek. «Oso mezu esplizitua izan behar du, eta jakin behar da nor izan den mezu horren igorle zehatza». Nabarmendu du pertsona arrazializatuen aurkako diskurtsoa asko zabaldu dela azken urteetan, eta sare sozialetan asko hedatzen dela diskurtso hori.
Donostiako gertakaria
Hala ere, Mazkiaranek azaldu du bestelako bideetatik ere heda daitekeela. Donostiako Martutene auzoan ekainaren amaieran izandako gertakaria gorroto diskurtsoaren «adibide garbia» dela iritzi dio abokatuak. Auzoan iaztik lapurretak ugaritu dira, eta eztabaida ugari piztu dituzte lapurretek. «Segurtasun talde bat» sortu zuten hainbat bizilagunek, «Ertzaintzak ezer egiten ez» zuela iritzita, eta kartelak ere jarri dituzte auzoan, armak dituztela ohartaraziz eta «jendilajeari» buruan tiro egiteko eskatuz. Besteak beste, Agustindarren eraikinean bizi diren migranteak ditu jopuntuan talde horrek aspalditik, Irutxuloko Hitza-k erreportaje batean zekarrenez. Karteletako mezuak iradokitzen du, adibidez, migranteek ez dakitela gazteleraz irakurtzen. Martutene Sarroeta auzo elkarteak kartel horiek gaitzetsi ditu, eta eskatu du inguruan bizi diren migratzaile guztiak ez estigmatizatzeko.
Mazkiaranek dio Martutenen, esate batera, karteletako egilea anonimoa denez, «ezinezkoa» izango litzatekeela kasua salatzea, «polizia ikerketa bat» abiatzen ez bada. «Horregatik, gauza guztiak ez dira epaitegi batean konpontzen. Batzuk bai, baina ez guztiak. Hiritartasunak baditu beste tresna batzuk horrelako egoerei aurre egiteko. Adibidez, bizilagunek kartel horiek ken ditzakete kalean itsatsita ikusten dituztenean».