Iaz, legealdia hasi zuenean, Ibarrako udal gobernu berriak askotariko beharrak hauteman zituen hezkuntza arloan. Gizarteari dagozkion zenbait erronka atzeman zituzten, hala nola maskulinitate ereduak, sexualitatearen inguruko heziketa falta, zaintza eredu motak, kulturartekotasuna eta euskararen erabilera. Ohartu ziren hezkuntza zela erronka horiei erantzuteko tresnarik garrantzitsuena. Hezkuntza alorreko eragileak «modu informal batean» saiatu dira orain arte gaiok lantzen, baina Ibarrako Udalak beharrezkotzat jo duen «herri mailako erantzun bat» ematea. Hori dela eta, Ibarra Herri Hezitzaile taldea sortu du udalak, beste hainbat eragilerekin batera.
Julen Urrestarazu Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak adierazi duenez, legealdi berriaren hasieran herritar askok zioten Ibarrak hezkuntza baliabide ugari zituela: «Herritarrek zioten hezkuntza alorrean ekintza ugari egiten zirela herrian. Ibarrak duen tamainarako eta herri txikia izanik, hezkuntza baliabide ugari genituela, alegia». Jarduera horiek guztiak antolatzeko koordinazioa falta zela zioten orduan herritarrek, Urrestarazuren arabera: «Herritarrek esaten zuten bakoitza bere kasa aritzen zela herriaren alde lanean, eta koordinazioa falta zela. Behar, kezka eta erronka berak genituen, baina modu deskoordinatuan aritzen ginen elkarlanean». Horrenbestez, zinegotziak esan du «elkarren berri izateko» eta «marko komun bat eraikitzeko beharra» sentitu zutela udalean, «komunitate izaera indartzeko». Horren emaitza da Ibarra Herri Hezitzaile taldea.
«Zenbait balio adostu ditugu, eta argi daukagu Ibarra parte hartzaile, eraikitzaile, feminista, euskaldun eta jasangarri bat nahi dugula»
JULEN URRESTARAZU Ibarrako Hezkuntza eta Gazteria zinegotzia
Udala ari da proiektua bideratzen, baina herriko zenbait eragile ditu lagun prozesuan. Zer-nolako Ibarra nahi duten adosteko, lau saio egin dituzte urtarriletik ekainera bitartean. «Hori izan da gehien kostatu zaigun fasea», esan du Urrestarazuk. «Hezkuntza arloko eragileak gara, baina nork bere sinesmenak ditu, hezkuntza modu oso zabalean uler daitekeelako. Hala ere, zenbait balio adostu ditugu, eta argi daukagu Ibarra parte hartzaile, eraikitzaile, feminista, euskaldun eta jasangarri bat nahi dugula».
Oraingoz, eragile hauek osatzen dute lantaldea, udalarekin batera: Uzturpe ikastolak, osasun etxeak, Nura gizarte elkarteak, Gaztezulok, Zugatik Gugatik guraso taldeak, UEMAk, Galtzaundi euskara taldeak eta Txiribitu aisialdi taldeak. «Proiektuari forma eman eta zenbait balio txertatzerakoan, argi genuen hezkuntzarekin lotura zuzena zuten eragileen, alor honetan profesionalki lanean aritzen diren adituen edo, behintzat, esperientzia handia duten eragileen laguntza beharko genuela».
Herritar guztien beharra
Hezkuntza arloko proiektua izanik, haurrentzako eta nerabeentzako dela pentsa dezake zenbaitek, baina, Urrestarazuren hitzetan, «herritar orori» bideratutako proiektua da. «Hasieratik argi genuen adin guztietako herritarrok izan behar dugula proiektuaren parte, denok dugulako heziketa egoki baten beharra. Haurrak eta nerabeak dira oraina eta etorkizuna, baina gurasoak, aitona-amonak eta guraso ez diren eta interesa duten helduak ere ezinbestekoak dira, gu garelako haurren eta nerabeen eredu». Izan ere, uste du jarrera ugari moldatu behar direla eredu hezitzaileago bat lortzeko. «Nik, esaterako, guraso modura, inkontzienteki barneratu ditudan mezu ugari ditut, eta, gizonezko modura, ziur nago nire zenbait jokabide ez direla hezitzaileak eta moldatu egin behar ditudala».
Urrestarazuk azaldu du gisa horretako proiektuak martxan jartzen dituztenean konplexua zaiela eragile bateko kide ez diren herritarren parte hartzea bultzatzea. «Taldea ezagutu behar dute lehenik, eta, pixkanaka, pedagogia eginez joango gara, baliabideak eskainiz». Horixe du helburu Ibarra Herri Hezitzaile taldeak. «Nahi dugu gertutik izan dezatela nazioartean edo erkidego mailan entzundako arazoen berri; jakin dezatela Ibarran ere baditugula antzeko kezkak, eta udalak baliabideak jarriko dituela horietarako. Entzule izatetik parte hartzaile izatera igaro daitezela».
«Hasieratik argi genuen adin guztietako herritarrok izan behar dugula proiektuaren parte, denok dugulako heziketa egoki baten beharra».
JULEN URRESTARAZU Ibarrako Hezkuntza eta Gazteria zinegotzia
Hori dela eta, irailean hasiko den ikasturte berritik aurrera, herritar eta eragile gehiagorengana iristea da taldeko kideen asmoa, horiek ere proiektura batu daitezen. «Elkartu garen guztietan, oso argi izan dugu bileretan herriko eragile guztiak egotea nahi dugula; besteak beste, eskolaz kanpoko eragileak eta Bizi Nahi adinekoen elkartea», esan du. «Futbolak eta dantzak hezten gaituzten moduan, adinekoen elkarteko karta jokoetako partidek ere hezten gaituzte».
Horretarako, «plangintza partekatu bat» osatu dute, Ibarrako hezkuntza komunitatea bildu eta, herri moduan, estrategia bat adosteko. Plangintza zehazteko, Eihera kooperatibarekin harremanetan jarri da taldea. «Udalak argi du talde honek espazio erabilgarri bat izan behar duela eragileek dituzten erronkei eta beharrei erantzuteko. Lehen asmoa da hiru hilabetean behin guztiok elkarren berri izatea, proiektuak partekatzeko eta denok bat gatozen gaien inguruan ekintzak aurrera eramateko». Urrestarazuk gaineratu du marko teorikoa eratu dutela, oraingoz: «Irailetik aurrera, praktikotasunari helduko diogu, kanpaina, proiektu edota ekitaldiak martxan jarriz. Herrian sortzen diren dinamikek Ibarra Herri Hezitzailea elkargunearen marka izango dute».