Bluesa nonahi Arrasaten

Bluesa nonahi Arrasaten

Bluesaren melodiak Arrasateko txoko guztiak hartuko ditu hurrengo egunetan. Urtero bezala, pianoa, baxua, bateria… izango dira protagonistak Arrasate Blues jaialdian, Ibai-Arte merkatari elkarteak antolatua, udalaren laguntzarekin. A Contra Blues taldeak eman zion hasiera atzo seigarren aldiari, eta igandera bitarte hamabi talde izango dira oholtza gainean.

Jaialdiko zuzendari Jon Apraizen hitzetan, aurten instrumentuak jotzen dituzten emakume gehiago igoko dira agertokietara, emakume abeslariak baino gutxiago izaten baitira normalean. «Merkatari elkarte modura, konpromiso handia dugu emakumeen presentziarekin, merkatari gehienak emakumeak direlako». Gertuko talentuen aldeko apustua ere egin dute aldi honetan, talde guztiak Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoak baitira, Ina Frosman izan ezik; Diablues & Bluezifer eta Serendepya, gainera, Arrasate inguruko herrietakoak. Lau taldek euskaraz abestuko dute.

Lehen mailako artistak igoko dira eszenatokira; besteak beste, European Blues Challengeko hiru irabazle: Ina Forsman (Finlandia), A Contra Blues (Herrialde Katalanak) eta Mingo Balaguer (Espainia). Forsman kartelburu da, eta, Europa osoan zehar eta AEBetan ibili ondoren, Arrasaten joko du Alemaniako taldearekin. Balaguer ere Thailandian eta AEBetan ibilia da, eta Apraizi eskatu zion Arrasateko jaialdira etortzeko. «Hasieran ezetz esan nion Balaguerri, ez delako euskalduna, baina behin eta berriz eskatu zidan, eta, azkenean, kolaboratzaile gisa dator», esan du Apraizek. Pablo Sanparekin, Paul San Martinekin, Fran Serranorekin eta Marti Eliasekin batera igoko da agertokira.

Gaur, Vulcanizadas taldeak emango dio jarraipena jaialdiari, 19:00etan, Euskal Herria plazan. 19:30ean Zerendepya eta Diablues & Bluezifer taldeek joko dute: lehenak Zigarrolan eta bigarrenak Arimazubin. 20:00etan, Amann & The Wayward Sons taldea izango da, Otalora Lizentziadunan, eta 22:30ean, The Allnighters taldea, Ferreriasen.

Biharko 13:00etan The Half Nelsons taldeak Arbolapeta girotuko du, eta 18:45ean, Portaloia Mingo Blaguera & Pablo Sanpa Blues Blast bandak. Iluntzean Olana Liss eta Ina Forsman izango dira herriko plazan, hurrenez hurren.

Azkenik, igandean, Ibai Garcia Blues Project izango da 13:00etan, Biteri hiribidean, eta 19:00etan Arima Soul taldearen kontzertuarekin batera emango diote amaiera aurtengo aldiari.

Arima Soulekin duela bi urte hitzartu zuen aurtengo kontzertua, ez daude-eta «behar bezainbeste euskal banda» urtero talde desberdinak ekartzeko. Taldeak bosgarren taldekidea aurkeztuko dute jaialdian: Martina Sarias gitarra jolea. Disko berria grabatuko dute hurrengo hilabetean, Lalo Lopez ekoizlearekin, eta Arrasatekoa izango da orain arteko abestien azken kontzertuetako bat.

Lau talde aldi berean

Aurtengo aldiak hainbat berritasun dauzka; lehen aldiz, Arimazubin eta Musakolan ere agertokiak jarriko dituzte, eta, hala, herrian 11 eszenatoki egongo dira. Gaurko egitaraua, gainera, berritasuna da, aurreneko aldiz lau taldek aldi berean joko baitute Arrasateko leku ezberdinetan: Vulcanizadas, Zerendepya, Diablues & Bluezifer eta Amann & The Wayward Sons taldeek. Igandean, 12:30ean, «alaitasuneko eta girotasuneko ekintza sorpresa» bat antolatu dute haurrentzat, herriko plazan, musika adin guztietako publikoari hurbiltzeko helburuarekin.

2019an antolatu zuten jaialdia lehen aldiz, uztailean Arrasaten dauden bizilagunentzako aisialdi gisa. Herriko hainbat tabernatan antolatu zituzten orduan emanaldiak, eta, nahiz eta bluesa ez izan nagusi, jendea azaldu zen. Aurtengoa seigarren aldia da, eta jada «sekulakoa» da, Apraizek dioenez. Urte osoan buru-belarri ibili dira ekintzak antolatzen eta joko duten taldeen kontzertuak ikusten. «Blues munduan erreferente den Madrilgo Coquette tabernan nengoela, musikari batek iradoki zidan jaialdira halako banda bat ekarri behar nuela. Halako espazioetan ezaguna izatea sekulako pausoa da».

«Dirua ez dutenei aukera eman behar zaie musikaz eta kulturaz gozatzeko».
JON APRAIZ Arrasate Blues jaialdiko zuzendaria

Jendeak bluesaren inguruko aurreiritzi asko dituela aitortu du jaialdiko zuzendariak. «Hasieran esaten didate bluesa ez dutela gustuko, baina, jaialdiko kontzertuak ikusi eta gero, iritziz aldatzen dute». Lidia Insausti eta Mikel Makala Arima Souleko abeslari eta baxuak adierazi dute Euskal Herrian «izugarrizko ezagutza falta» dagoela musikaren inguruan. «Jendeak ez daki musika genero guztiak musika beltzetik datozela». Insaustik eta Makalak diote Spotifyren moduko plataformengatik dagoela ezagutzarik eza, halakoek zaildu egiten baitute musika nondik datorren jakitea.

Urrezko lau katu

Azken urteetan antolatzaile pribatuen jaialdiak ugaritu egin diren arren, badira oraindik ere jaialdi publikoen alde egiten dutenak. Arrasate Blues da horietako bat, eta hango zuzendariak nabarmendu du kultura herriarentzat dela. «Dirua dutenek egin dezatela nahi dutena, baina ez dutenei aukera eman behar zaie musikaz eta kulturaz gozatzeko». Musikari askok, gainera, salatu dute jaialdi pribatuetan dirua taldeen edo publikoaren ongizatearen aurretik jartzen dutela. Insaustik eta Makalak esan dute kontzertuetako programatzaile orok musikariak eta publikoa zaindu behar dituztela, eta «gertutasun handiagoarekin» antolatu beharko lituzketela. Euskal musika eszenan «urrezko lau katu» daudela ziurtatu dute, eta, nahiz eta ulertu diru gehien haiengan inbertitzea, ez dute begi onez ikusten talde txiki asko bigarren mailan uztea. Arrasate Blues jaialdia «mimoz eta bihotzez egindako jaialdia» dela aitortu dute.

Urtebete lehenago, ekintzak antolatzen dituzte hurrengo urteko aldiari begira. Otsailean eta irailean, adibidez, outlet-ak antolatzen dituzte, eta, azaro bukaeran, Black Arrasate, tokiko komertzioaren erantzuna black friday egitasmoari —5.000 txokolate tableta banatzen dituzte dendetan—. Haurrentzako puzgarriak eta bestelako ekintzak ere antolatzen dituzte abenduko zubian. Aurten, oraingoz, ez dute ezer pentsatuta hurrengo urterako. Badute, ordea, amets bat: jaialdia Debagoieneko beste herrietara zabaltzea. «Bakoitzak geure herrira begiratzen dugu beti, baina ingurura zabaldu behar da. Polita izango litzateke».

EGITARAUA

 

GAUR

19:00. Vulcanizadas, Euskal Herria plazan.
19:30. Zerendepya, Zigarrolan.
19:30. Diablues & Bluezifer, Arimazubin.
20:00. Amann & The Wayward Sons, Otalora Lizentziadunan.
22:30. The Allnighters, Ferreriasen.

BIHAR

13:00. The Half Nelsons, Arbolapetan. 
18:45. Mingo Balaguer & Pablo Sanpa Blues Blast, Portaloian.
20:00. Olana Liss, herriko plazan.
22:30. Ina Forsman, herriko plazan.

ETZI

13:00. Ibai Garcia Blues Project, Biteri hiribidean.
19:00. Arima Soul, Jokin Zaitegi plazan.