GI-3610 errepideak gurutzatzen du Zizurkilgo Elbarrena auzoa, alderik alde. Herriko erdiguneko biribilgunean lotzen da GI-2631 errepidearekin, Ernio bidean, eta Alkiza, Larraul eta Asteasurako norabidea hartzen du. Trafiko handia izaten da bide horietan: Zizurkilgo Udalak egindako azkeneko kalkuluen arabera, aste barruan 13.000 ibilgailu inguruk igarotzen dute bide hori. Errepide horrek zarata, kutsadura eta arriskua eragiten dituela iritzita, Biala Orain plataforma sortu zuten hainbat zizurkildarrek 2018an. Pandemiak eragindako etenaren ondotik, berriro abiarazi dute taldea. Sare sozialetan iragarri dute itzulera, kartelez josi dute herria egunotan, eta hainbat ekinaldi antolatu dituzte udazkenerako. Trafikoa herriko erdigunetik ateratzeko bide baten alde ari da plataforma.
Ez da oraingoa Zizurkilen trafikoarekin duten arazoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak 1990. urtean aztertu zuen lehen aldiz ibilgailuak herriko erdigunetik ateratzeko saihesbide bat egitea. Aurretiazko azterketa bat ere egin zuen, errepide berriak izango zuen ibilbidea zehaztuta eta egungo bideekin zer lotura izango zuen aurreikusita. Orduko hartan, baina, bertan behera geratu zen asmoa, eta ondorengo urteetan ere ez dute gauzatu, nahiz eta proiektua mahai gainean egon den behin baino gehiagotan —azkenekoz, 2010ean—. Aldundiak saihesbidea egiteko konpromisoa hartu bazuen ere, ez diote heldu asmoari, «krisi ekonomikoa» dela medio.
«Argi dago saihesbidea ezinbestekoa dela bai zizurkildarron bizi kalitateari eta bai herriaren etorkizunari begira»
MAITE AMENABAR Zizurkilgo alkatea
Zizurkilgo Udalak behin baino gehiagotan eskatu dio saihesbidea egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiari. Besteak beste, iazko urte hasieran, udalbatzak mozio bat onartu zuen, eta, hartan, eskatu zuen saihesbide bat egiteko, helburu hartuta herriko erdigunean ez hainbesteko trafikoa izatea. Zizurkilgo eta Asteasuko udal ordezkariak urtarrilean bildu ziren azkenekoz Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretarako orduko foru diputaturekin eta Mikel Uribetxeberria plangintza zuzendariarekin.
Maite Amenabar Zizurkilgo alkateak esan du bilkura hura «adeitsua» eta «emankorra» izan zela, baina orain gutxi jaso duten erantzunak ez ditu asebete udal ordezkariak. Alkatearen esanetan, aldundiak egin dien proposamena ez da «errealista». Biala Orain plataformako kideak 2019an bildu ziren Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretarako orduko diputatuarekin, eta hark esan zien Zizurkilgo saihesbidea ez zegoela Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasunen artean. Orain aldundia aukera hori aztertzen ari dela jakiteak poztu egin du Amenabar, nahiz eta orain gutxi jasotako erantzuna «ezkorra» izan. «Jasotako proposamena xehetasunez aztertuko dugu orain, erantzun bat emateko. Argi dago saihesbidea ezinbestekoa dela bai zizurkildarron bizi kalitateari eta bai herriaren etorkizunari begira».
Geroz eta ibilgailu gehiago
Urtarrilean egindako bilkuran, Zizurkilgo Udalak herri erdigunetik pasatzen den trafikoaren inguruko datu eguneratuak utzi zituen foru arduradunen eskuetan. Azkeneko urteetan ibilgailu kopuruak gora egin duela frogatu ahal izan dute udal ordezkariek; besteak beste, Asteasuko industrialdera joateko bide bakarra baita Zizurkilgoa, eta industrialdea hori handitu egin da azken urteotan. AHTa eraikitzeko lanek ere ugaritu egin dute kamioien joan-etorria. Udalak ibilgailuen abiaduraz ohartarazteko gailuak jarri zituen 2019tik 2023rako agintaldian, eta, gailu horiek egindako neurketen arabera, aste barruan 13.135 ibilgailu pasatzen dira egunero Bulandegi eta Ernio bideetatik. Gainera, trafiko astuna da gehiena.
Biala Orain plataformako kideek diote hainbesteko trafikoa izateak, zizurkildarrei ez ezik Asteasuko, Larraulgo eta Alkizako herritarrei ere eragiten diela. Ibilgailu asko igarotzeak «kutsadura», «zarata» eta, batez ere, «oinezkoentzako segurtasun falta» dakartzala esan dute. Haien ustez, saihesbidea da hori konpontzeko bidea, eta taldeak horixe du lehentasun. Nolanahi ere, beharrezkotzat jotzen dute segurtasuna bermatzeko neurriak ezartzea lehenbailehen.
Zizurkilgo Biala Orain plataformako kideak, 2019ko otsailaren 6an Zizurkilen egin zuten errepide mozketan. JON MIRANDA
Zizurkilgo Udalak Bulandegi bidea berrurbanizatzeko proiektuari ekin zion 2022an. Irisgarritasun plan horrek elkarbizitza arazoak konpontzea du helburu, oinezkoei lehentasuna emanez. «Esaten digute saihesbide eraikitzea garestia dela, baina, bien bitartean, herritarren ongizatea bermatzeko lanak egitera behartuta gaude, eta obra horiek, guztira, bi milioi eurotik gora kostatuko dira», esan du Zizurkilgo alkateak. «Horregatik uste dugu saihesbidea egin bitartean aldundiak diruz lagundu behar dituela gisa horretako lanak».
Saihesbidearen egitasmoa gauzatu artean, plataformak asmoa du mobilizazioei eusteko. Plataformaren aldarriaren berri ematen duen bandera jartzeko deia egin diete herritarrei egunotan. 2020an manifestazioak eta errepide mozketak egin zituzten, eta ez dute baztertzen bide bera hartzea udazkenetik aurrera.