Etxe barneko lana ahaztuz kafearen bueltan

Etxe barneko lana ahaztuz kafearen bueltan

Besteen etxeetan lan egin eta bizi diren hainbat emakumek kafea hartzeko talde bat sortzeko laguntza eskatu zioten SOS Arrazakeria elkarteari, 2021ean. Langile horietako batzuek egunean ordu gutxi batzuk izaten dituzte atseden hartzeko, eta ordu horietan «deskonektatu» nahiak bultzatu ditu etxeko langileentzako kafe taldeak sortzera. Errenterian egin zituzten lehen bilkurak, eta gaur egun beste hiru talde dituzte: Donostian, Irunen eta Tolosan. Taldeak handituz joan dira denborarekin: etxe barneko langileez gain, zaintza arloan lan egiten duten bestelako langile batzuk ere batu dira bilkuretara, bai eta ofizio horrekin zerikusirik ez duten zenbait lagun ere. Marling Castillo SOS Arrazakeriako teknikariarekin batera egiten dituzte kafearen bueltako hitzorduak.

Irungo bilkuren kasuan, Txokogorri elkarte gastronomikoan biltzen dira, asteazken arratsaldean. Parte hartzaileak etengabeko sartu-irtenean ibiltzen dira, ez baitute ordutegi finkorik. Castillok dio biltzen diren lekuak estrategikoa eta «garrantzitsua» izan behar duela, espazioak «irisgarria» eta «erosoa» izan behar duelako parte hartzaile guztientzat.

Elkartze horien helburua da parte hartzaileek «egunerokotik deskonektatzea» eta «askeago» sentitzea hitz egiteko, sentitzeko eta partekatzeko. Gainera, Castillok esan du askotarikoak izaten direla deskonektatzeko helburuz izaten dituzten hizketagaiak. Orain bi aste, esaterako, uztailaren 17an, hamar emakume bildu ziren Irungo saioan. Gehienek ia hogei urte daramatzate Euskal Herrian, eta hainbat jatorritakoak dira: Honduras, Nikaragua, Peru, Mongolia, Boli Kosta eta Euskal Herria.  

Elkar entzuteko

Etxeko langileak dira gehienak: batzuek lan egiten duten etxean bertan egiten dute lo, eta beste batzuk, berriz, etxera joaten dira lana bukatutakoan. Lan egiteko modu desberdinak dituzte, eta, horrenbestez, modu desberdinetan bizi dituzte bilkurak. «Errenteriako taldean badago neska bat langileen ahotsak eta testigantzak aditzera etortzen dena, zaintzen duen emakumeak ez duelako hitz egiten», esan du Castillok. Ordu eta erdi bateko saioan «isilik» egoten da emakume hori, soilik jendea entzutera joaten baita.

Rebeca Vargasek asteazkenero parte hartzen du asteroko bilkuretan, eta azaldu du elkar «animatzen» dutela saio guztietan. «Batzuetan etxean geratzea gustatuko litzaidake; baina ez. Taldea ikustera etortzen naiz, barre egitera, kideei astero gertatzen zaienaren berri jakitera eta zurrumurruak entzutera». Taldea «oso dinamikoa» dela uste du Mila Castillok, beste parte hartzaile batek. Castillok esan du «gauza askori buruz» hitz egiten dutela eta eurek markatzen dutela solasaldien norabidea. Vargasek gaineratu du lan kontuei buruz hasten direla aldiro hizketan, baina bestelakoez ere hitz egiten dutela dio: sexuaz, familiaz…

«Oinarrizko euskara izanik, nahi duzun lekura irits zaitezke. Ezer ez jakinda, askoz ere zailagoa da»
RACHELLE YAO Etxeko langilea

Atzerritartasun kontuez mintzatzen dira askotan, eta emakume asko aholku bila joaten dira saioetara. Horretan laguntzen aritzen da Castillo teknikaria. Nolanahi ere, gai horiei buruz sakonago aritzeko, SOS Arrazakeriako bulegora bideratzen ditu parte hartzaileak, eta asteazkenetako saioak aprobetxatzen dituzte atzerritartasuna nola bizi duten elkarri kontatzeko. Sonia Clares langileari hurrengo hilerako eman diote hitzordua atzerritarren bulegoan, eta denek zoriondu dute horregatik, ez baita ohikoa hitzordua hain azkar lortzea.

Nork bere esperientziak kontatzeaz gainera, ospakizunetarako tarteak ere izaten dituzte Irungo Txokogorrin. Esaterako, urtebetetzeak ospatzen dituzte, eta irteeraren bat edo beste egin dute; Irungo Aitzondo ur jauzira joan ziren azkena, eta Errenteriako madalenetan parrillada egin zuten.

Integrazioa

Langileak «gizartearen parte» sentitzea ere bada kafearen bueltako topaketen asmoa. Castilloren arabera, migratzen dutenek «esfortzu berezia» egin behar dute gizartean integratzeko, eta esan du hori «lantzen» ari direla. «Herriko jaietan parte hartu behar dute, antolatzen diren jardueretan; sare horien parte izan behar dute». Izan ere, teknikariak uste du modu horretan bilakatuko direla parte hartzaile aktibo, hala izango baitute herrian gertatzen diren kontuen berri.

Bat dator Reina Isabel Cruz langilea. Hala, kontatu du behinola patata-tortilla lehiaketa batean hartu zuela parte, patata tortilla kozinatzen jakin gabe. «Behin andre zoragarri batekin lan egitea tokatu zitzaidan, eta bere auzoko jaietako patata-tortilla lehiaketan parte hartzera gonbidatu ninduen; asko poztu zen animatu nintzelako». Integratzeko euskara «apur bat» jakin behar dela iritzi dio Rachelle Yao etxeko langileak: «Oinarrizko euskara izanik, nahi duzun lekura irits zaitezke. Ezer ez jakinda, askoz ere zailagoa da». Yaorekin konforme agertu dira gainerako parte hartzaileak.

«Herriko jaietan antolatzen diren jardueretan parte hartu behar dute; sare horien parte izan behar dute».
MARLING CASTILLO SOS Arrazakeriako teknikaria

Kafe baten bueltako bilerak SOS Arrazakeria elkartearen Zabaltzen langileen antolakuntzarako programaren bidez egiten dituzte, eta alor desberdinetan ahalduntzeko tailerrak ere egiten dituzte saio horietan. Dena dela, SOS Arrazakeriatik kanpora ere zabaldu nahi dute programa. «Sarea zabaldu nahi dugu, langile hauek ez daude-eta gizartetik at: herriaren parte dira», esan du Castillok.