Zaporeak: otorduak eskutik eskura

Zaporeak: otorduak eskutik eskura

Otordu bero eta osasuntsu bat, ezerezaren eta gosearen erdian. Hori eskaintzen die Zaporeak elkarteak Lesbosko Kara Tepe kanpalekuan dauden 3.000 errefuxiatuei, egunero. Elkartea 2019. urtetik ari da lanean Greziako uharte horretan, baina hura ez da Euskal Herriko elkartasunari esker otorduak banatu dituen leku bakarra. Etiopiako Wukro ibarrean hasi ziren horretan, eta, 2016az geroztik, Greziara heltzen diren errefuxiatuei janaria ematen dabiltza. Orain, finantzaketa lortzeko, egitasmo berritzaile bat jarri dute abian.

Ekinbidea Cellar Art and Fashion moda, artea eta gastronomia uztartzen dituen proiektuarekin batera sortu du Zaporeak-ek, finantzaketarako aukera berriak zabaltzeko. Duela astebete aurkeztu zuten proiektua, eta zenbait artistak euren diziplinarekin lotutako botila bat diseinatuko dute. Zaporeak-ek botilak enkantean banatuko ditu abenduan, eta dirua janaritarako baliatuko du.

Cellar Art and Fashionek eta Zaporeak-ek antolatutako egitasmoaren aurkezpena, uztailaren 17an, Donostian. ZAPOREAK

Zaporeak munduko hainbat lekutan dabil lanean. Hango kideak Donostiako Intxaurrondoko Gastronomia elkartean hasi ziren lan batzuetan, Helena Ruiz Azua komunikazio arduradunak esan duenez, eta, gero, Greziara joan zirenean sortu zuten Zaporeak proiektua, 2016an. «Errefuxiatuen krisi handia hasi zen 2016an, eta zerbait egin behar zela erabaki genuen. Asmoa zen sei hilabeterako proiektu bat egitea, baina, larrialdia luzatu egin zenez, luzatu egin behar izan dugu». Hori baino lehen, esperientzia bazeukan elkarteak, Intxaurrondoko Gastronomia elkarte gisa, Zaporeak sortu baino lehen. Etiopiako Wukro ibarrean izan ziren 2012an, Angel Olaran apaizak han zeukan proiektu batean laguntzen. Hala ere, Ruiz Azuak azaldu du Etiopiako ekinbidea «guztiz ezberdina» izan zela: «Gu iritsi ginenean, proiektua martxan zegoen, eta elkarteak gehienbat ekitaldiak egiten zituen Euskal Herrian finantzaketa lortzeko, eta gero elikagaiak eramaten zituzten Wukrora, proiektu zabalago baten barruan».

2016an milaka errefuxiatu hasi ziren iristen Greziara. Hango gobernua errefuxiatuak kanpaleku inprobisatuetan sartzen hasi zen, eta egoera gogortuz joan da, bizi baldintza itogarriak dituzten eremuak bihurtu arte. «Zortzi urte hauetan gauzak ez dira asko aldatu. Oraindik milaka pertsona daude errefuxiatuen kanpalekuetan, eta beste horrenbeste ari dira iristen. Haietako asko Mediterraneoan hiltzen dira», esan du Zaporeak-eko kideak. «Kanpalekuetan oinarrizko eskubideak kentzen dizkiete: elikatzeko eskubidea, eskolara joateko eskubidea… Urratuta dauzkate eskubideak. Egoera oso larria da, eta, oraingoz, ez dauka hobera egiteko itxurarik».

«Greziako Gobernuak Kioseko kanpamentuan egoteko baimena kendu zigun, eta alde egin behar izan genuen»
HELENA RUIZ AZUA Zaporeak elkarteko kidea

Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak Zaporeak proiektua sortu zuen orduan, eta Kioseko kanpamentuan (Grezia) hasi zen lanean, baina handik joan egin behar izan zuten. «Faxismoa asko indartu zen garai hartan, eta pertsona ezezagun batzuk gure sukaldera sartu ziren, gauzak apurtzera. Elkarteko kide batzuei eraso egin zieten. Gainera, Greziako Gobernuak Kioseko kanpamentuan egoteko baimena kendu zigun, eta alde egin behar izan genuen», azaldu du Ruiz Azuak. Gero, Grezian bertan, Atenasen eta Patrasen ere egon ziren otorduak ematen, eta, duela bost urte, Lesbosko uhartera lekualdatu zuten proiektua. Han zegoen errefuxiatuen kanpamentu handienetako bat: Moriakoa. 2021ean erre egin zen kanpaleku hori, eta Kara Tepekoa eraiki zuten haren ordez, eta 20.000 lagun pasa bizi dira han.

Moriako kanpamentuan zeuden baldintzak pixka bat hobetu diren arren, Ruiz Azuak dio bizitzeko baldintzak «gizagabeak» direla oraindik ere: «Errefuxiatuak jada ez dira txabola edo kanpin dendetan bizi: plastikozko karpa handiak eta kontainerrak jarri dituzte orain. Gaur [joan den ostiralean] hitz egin dugu kanpamentuan dauden kideekin, eta esan digute 40 gradu baino gehiago daudela Lesbosen. Imajinatu tenperatura horrekin plastikozko kontainerretan edo karpatan bizitzea…».

Zaporeak elkarteko kideak Lesbosko kanpalekuan sukaldean lanean, joan den hilean. ZAPOREAK

Horrez gain, Zaporeak-eko kideak salatu du ia ez dagoela ur edangarria ematen duen iturririk, eta umeek ez dutela eskolara joateko aukerarik. Gainera, kanpamentutik sartu edo ateratzeko, errefuxiatuek Poliziaren kontrolak igaro behar izaten dituzte. «Kartzela bat dirudi. Errefuxiatuek egin duten gauza bakarra da asiloa eskatzea; hau da, euren eskubide bat baliatzea. Oso larria da; gerraren atzaparretatik ihesi datoz asko, eta, Europara iristean, horrelako kanpamentu batean itxita ikusten dute euren burua: harresiz beteta, etengabe oihukatzen dien poliziekin, diskriminatuta…».

Elikatzeko zailtasuna gehitu behar zaie baldintza horiei. Izan ere, lehenengo kanpamentua erre zenetik, bertan bizi diren pertsonei ez diete uzten kozinatzen, eta janaria lortzeko dauzkaten aukerak ez dira asko. «Gobernuak egunaren arabera ematen ditu aukerak. Catering zerbitzu ofizial bat dago, baina ez dute egunero lan egiten. Gainera, ez dute errespetatzen pertsona asko musulmanak izatea, eta txerri haragia sartzen dute otorduetan. Askotan, janariak xixareak izaten ditu, edo iraungita egoten da», azaldu du Ruiz Azuak. Hutsune hori nolabait betetzen du Zaporeak proiektuak: oraingoz, 3.000 pertsonarentzako otorduak prestatzeko ahalmena dauka; baina kanpalekuan 20.000 pertsona baino gehiago bizi dira.

Boluntarioen lana

Asier Arroita Zaporeak-eko boluntarioa uztailaren 12an bueltatu zen Lesbostik, han hiru aste egon ondoren. Errefuxiatuak diren sei pertsona daude kontratatuta Zaporeak-eko sukaldean aritzeko, eta, haiekin lan egiteko, sei boluntario joaten dira Euskal Herritik, hiru asteko txandetan. Kontratatuta dauden sei pertsonetatik hiruk koordinazio lanak egiten dituzte; haiek banatzen dute lana.

«Europarrok ez gara hara joaten errefuxiatuei janaria ematera eta kito. Gu ari gara haientzat lanean, errefuxiatuentzat. Ikuspegi oso polita da»
ASIER ARROITA Zaporeak elkarteko boluntarioa

Sukaldariei laguntzea da boluntarioen zeregina. Arroitaren iritziz, lan egiteko modu hori da elkarteak duen indarguneetako bat: «Europarrok ez gara hara joaten errefuxiatuei janaria ematera eta kito. Gu ari gara haientzat lanean, errefuxiatuentzat. Ikuspegi oso polita da».

Zaporeak-en uztaileko lantaldea, Lesbosen. Argazkian, Asier Arroita, eskuinetik aurrena. ZAPOREAK

Errefuxiatuetako gehienek pitazko ogia nahiago izaten dute, eta duela urte batzuetatik okindegi propioa dauka Zaporeak-ek, mota horretako ogia egiteko. Egunean 2.200 ogi egiten dituzte. «Goiz osoa ematen dugu kozinatzen, eta, janaria eta ogia prest daudenean, guztiok jartzen gara mahai baten inguruan, ilara luzeak osatuta, anoak egiten. Batek arroza jartzen du, besteak saltsa bota… Guztia behin eta berriz zenbatzen da, inor ez uzteko janaririk gabe. Gero, Zaporeak-eko kide batzuk kanpamentura joaten dira janaria banatzera, eta beste batzuk hurrengo egunerako gauzak prestatzen geratzen dira», esan du Arroitak.

Zaporeak-eko kide bat, ekainean, Lesbosen daukaten okindegian, ogia egiten. ZAPOREAK

Kanpalekuetan janaria banatzeak «inpresioa» egin zion Arroitari. Izan ere, «oso gogorra» egin zitzaion jendea ilaran janari eske ikustea. «Haientzat oso zaila da beste modu batera janaria eskuratzea. Esaterako, umeak etortzen dira fruta eske, eta latza da ezetz esan behar izatea. Gauzak ondo egongo balira, Zaporeak-ek ez luke hemen egon beharko, eta kanpaleku horiek ez lirateke egongo».