«Euskal Herrian badaude gaurko elikadura eredua aldatzeko alternatibak»

«Euskal Herrian badaude gaurko elikadura eredua aldatzeko alternatibak»

Donostiako Herrera auzoan dagoen Aterpea zahar etxeko sukaldeko suak berpiztu ditu Basajaun elkarteak. Astero prestatzen eta ontziratzen dituzte platerak euren bazkideentzat, gaur egungo kontsumo eta elikadura ohiturak eraldatzeko helburuz. Tokian tokiko eta garaian garaiko elikagaiak prestatzen dituzte Basajaun elkartean, eta sukalde komunitario bat da. Gainera, beste herri zein auzoetako sukalde komunitarioak sortzen laguntzen du, prestakuntza eta antolakuntza tresnak eskainiz. Egitasmo horren sortzaileetako bat Unax Seges da (Donostia, 1978), eta gaur egun Errenterian eta Donostiako Gros eta Herrera auzoetan dituzte banaketa puntuak.

Zer da Basajaun elkartea?

Sukalde komunitario bat baino gehiago, sukalde komunitarioen konfederazio gisa pentsatutako egitasmo bat da. Irabazi asmorik gabeko proiektu bat da, eta beste auzoetako konfederazioei lagundu nahi diegu sukalde komunitario propioak sortzen. Tokian tokiko eta garaian garaiko produktuekin eginiko menuak eskaintzen ditugu astero. Herrerako Aterpea zahar etxean dugu egoitza nagusia, eta Errenterian eta Groseko Marruma tabernan beste bi banaketa puntu. Erabiltzen ez diren sukaldeak aprobetxatzea du xede Basajaun elkarteak. Auzo guztiek eta herri guztiek dituzte erabiltzen ez diren sukaldeak: zahar etxeetakoak, elkarteetakoak… Azken finean, auzoko komertzio txikiekin, artisauekin edota nekazariekin komunitatea sortzea da gure helburua.

Noiz sortu zenuten Basajaun elkartea?

Pandemiaren aurretik Herrera Auzoko Elkarte Soziokulturala sortu genuen, baina, COVID-19aren ondorioz, elkarteetako sukaldeak itxi egin zituzten. Urtebeteren ondoren, egonkortasuna lortu genuen, eta Basajaun elkartea izena hartu genuen. Grosen gune bat ireki nahi genuen orduan. Harrezkeroztik, Herrerako Aterpea zahar etxean gaude.

Nola egiten duzue lan?

Bazkidetzaren bidez. Guk bazkideei menua bidaltzen diegu astelehenean, eta haiek eskaera betetzen dute asteazkenean edo ostegunean. Guk ostiralean elikagaiak erosi, eta astelehenean edo asteazkenean prestatzen ditugu platerak. Garaian garaiko produktuak izaten dira beti: barazkiak, haragia, arraina… Baina iraunkorrak diren platerak ere eskaintzen ditugu; adibidez, pasta freskoa, arroz integrala, purea edo entsalada.

Nola egin zaitezke bazkide?

Basajaunelkartea.eus/eu webgunean sartu, eta bertan dagoen eskaera inprimakia bete behar da. Alergien eta datu pertsonalen inguruko galderak erantzun behar dira, eta aktibo dauden hiru zentroetako bat aukeratu —Herrera, Gros eta Errenteria—. Menu mota bat ere aukeratu behar da. Eskaera egin ondoren, mezu bat iritsiko zaio bazkideari sakelakora, eta hilean behin kuota finko bat ordaindu beharko du. Komunitate bat sortzea da, azken finean, eta ez soilik tuperrak hartzea. Parte hartzailea izan behar du.

Non erosten dituzue elikagaiak?

Elikagaiak erosteko orduan, hiru kontzeptu ditugu ardatz: gertutasuna, etikotasuna eta ekologismoa. Garrantzitsua da tokian tokiko elikagaiak izateaz gain etikotasunerantz jotzea. Ekologikoa den enpresa bat, adibidez, izan daiteke ez oso etikoa. Edo Herrerako denda txiki bat, Kanadako produktuak saldu arren, gertuko denda bat da hala ere. Lekaleak Araba eta Nafarroan erosten ditugu; besteak beste, Tierra Papel Tijera dendan txitxirio eta babarrunak. Pasaiako portuan erosten dugu arraina, eta inguruko harategietan haragia. Sukalde komunitario bat irekitzean, inguruko ekoizleekin egin behar da komunitatea.

«Sukalde komunitario bat irekitzean, inguruko ekoizleekin egin behar da komunitatea»

Gizartean beharrezkoak dira halako sukalde komunitarioak?

Bai. Argi dago elikaduran aldaketa bat egin behar dela. Euskal Herrian elikagai gutxi ekoizten dira, eta horiekin bakarrik ez ginateke elikatzeko gai izango. Arazo horri aurre egiteko, gurea bezalakoak diren hainbat proiektu sortu dira. Halako proiektuek irakasten dute, besteak beste, garaian garaiko produktuak zein diren, eta zabor gutxi sortuta aritu daitekeela sukaldean. Hego Euskal Herrian badaude kalitate oneko produktuak, eta gaurko elikadura eredua aldatzeko jasangarriak diren eta bertako produktuak erabiltzen dituzten alternatibak ere bai.

Jendeak zergatik ez ditu aldatzen elikadura ohiturak?

Mundu indibidualista batean bizi garelako eta erosotasunaren izenean erosten dugulako. Lehen ohikoa zen urte guztian tomaterik ez izatea, ezta sagardorik ere. Gaur egungo kimikoei esker, urte guztian ditugu produktu horiek. Jendea ohitu egin da elikagai guztiak urte guztian izatera, baina jakin behar da garaian garaikoa jaten. Jatea, azken finean, ekintza politiko bat da.

Etorkizunari begira, zer?

[Donostiako] Egian eta Intxaurrondon banaketa puntuak jarri nahi ditugu. Baina gure intentzioa ez da guk sortzea, baizik eta jendeak bere herri eta auzoetan Basajaun elkartearen gisako egitasmoak sortzea. Laudion, adibidez, proba pilotu bat egin dute orain dela gutxi. Agian, guk hazitxo bat jarri behar dugu, baina garrantzitsuena da gure esperientzia eta tresnekin besteei egitasmo propioak sortzen laguntzea. Beharrezkoa da Euskal Herrian tokian tokiko eta garaian garaiko saretze puntu bat izatea.