Bella Belluci da Mattin Garikano (Tolosa, 1987), eta Mattin Garikano da Bella Belluci. Bata ez da bestea gabe. Drag-a egiten duen artista da Garikano, baina baita umoregilea ere. «Itsuspetasuna eta inperfekzioa» irudikatzen ditu Belluciren pertsonaiaren bidez. Eta, horretaz guztiaz gain, mugako nortasunaren nahasmendua (MNN) ere badu. Ordena horretan, eta ez beste batean, berak argi dioen bezala: «Ni ez naiz mugako nortasunaren nahasmendua; ni Mattin naiz, eta mugako nortasunaren gaixotasuna daukat». Igandean emango du hurrengo emanaldia, Donostiako Beti Boga tabernan, 13:30ean.
Drag-a egiten duzu orain, baina arte eszenikoen afizioa aspalditik datorkizu, ezta?
Bai. Betidanik gustatu izan zait antzerkia. Eskolan, 8 urte ingururekin hasi ginen antzerki lanak egiten, eta hor jantzi nuen lehen aldiz izebak utzitako ileorde zahar bat. DBHn ere antzerkiko eskolaz kanpoko ikastaroetara joaten hasi nintzen. Garai hura oso zaila izan zen niretzat, eta antzerkiak errazago egin zidan etapa hori guztia. 17 urterekin ikus-entzunezkoak ikasten hasi nintzen, eta 18rekin Madrilera joan nintzen zinemagintza ikastera. Nire ilusiorik handiena zen zinemagile izatea.
Noiz hasi zinen drag-aren munduan?
Clown formatuko show bat egiten hasi nintzen lehenengo, Donostiako El Callejón tabernan. Gaur egun egiten dudana antzekoa da, baina erakusleihoa aldatu diot.
Nola sortu zenuen Bella Belluciren pertsonaia?
Duela urtebete inguru, depresio sakon batean nengoela, Euskadiko Gayfriendly elkarteak antolatutako asteburupasa batera joan nintzen, eta egun batean Sevillako azokaren tematika zeukan festa bat antolatu zuten. Jendeak ondo prestatutako jantziak eraman zituen, baina nik ileorde itsusi bat baino ez neukan, eta horrekin joan nintzen. Bertan zeudenei grazia handia egin zien inperfekzio horrek, eta hor konektatu nuen betidanik izan dudan indar komikoarekin. Esan nuen: komedia dago inperfekzioan eta arautik kanpo egotean. Eta horrek bat-batean zerbait piztu zuen nigan. Itsustasuna, baldartasuna eta inperfekzioa irudikatzen ditut Bella Belluciren bidez.
Zer eman dizu pertsonaiak?
Ez dakit zoriontasunik badagoen, baina, zoriontasunera ahalik eta gehien hurbiltzeko, jomuga bat izan behar dugu bizitzan. Nire kasuan, garai txar horretan peluka jarri eta narrastasun hori ateratzeak nire helburuarekin konektatu zuen: jendeari barre eragitea. Indarra eman zidan gauzak beste leku batetik ikusteko eta nire bizitzaren alde borrokatzeko. Beraz, niretzat ez da soilik drag-a egitea: nire xede horrekin konektatzea da. Eta hori beti da terapeutikoa.
Hain zuzen, mugako nortasunaren nahasmendua daukazu, eta gaixotasunarekin bizitzeko orduan lagungarri egin zaizu drag-a. Nola hasi zinen sintomak igartzen?
Tolosatik Madrilera bizitzera joan nintzenean, estimulu asko neuzkan. Baina 2012an krisi garaia etorri zen, eta etxera etorri behar izan nuen, lanik aurkitzen ez nuelako. Gaixotasun mentalek osagai sozial bat dute, nire ustez. Tolosara bueltatu nintzenean, Madrilek ematen zidan hori guztia falta zitzaidan, eta, bat-batean, ez nekien nor nintzen. Hutsune existentzial bat neukan, eta ardi beltz bat sentitzen hasi nintzen. Ikusten nuen zerbait ez zegoela ondo.
«Peluka jarri eta narrastasun hori ateratzeak nire helburuarekin konektatu zuen: jendeari barre eragitea. Indarra eman zidan gauzak beste leku batetik ikusteko eta nire bizitzaren alde borrokatzeko»
Nola eman zenuen gertatzen zitzaizuna identifikatzeko pausoa?
La Herida filma ikusi nuenean konturatu nintzen, 2016an. Kuriosoa da: MNN [Mugako Nortasunaren Nahasmendua] daukan neska baten egunerokotasuna kontatzen du pelikulak, baina protagonistak ez daki gaixotasun hori daukala. Filma ikustean, bat-batean, ate bat ireki zen niretzat, eta informatzen hasi nintzen. Psikiatrarengana joan nintzen, eta baieztatu zidan hori zela nire diagnostikoa.
Nola eragin dizu?
2018an izan nuen lehenengo krisi handia. Proiektu zinematografiko bat aurrera eramaten hasi nintzen, baina nik egin nahi nuena eta egin nezakeena ez zetozen bat. Bat-batean, era guztietako arazoak edukitzen hasi nintzen: inguruko jendearekin, neure buruarekin… Ikusten nuen nire bizitza 24 orduko kaos bat bihurtzen ari zela. Ez nintzen gai nire barruan bake puntu bat aurkitzeko. Mundu paralelo batean bizitzea bezalakoa zen. Nire errealitatearen pertzepzioa ez zetorren bat besteek zeukatenarekin.
Nola atera zinen krisialditik?
Garai hartan Donostiako psikiatriako unitatean ospitaleratzea proposatu zidaten, eta han egin nuen ia hilabete bat. Handik atera eta hilabete gutxira, Ingalaterrara joan nintzen bizitzera, hutsetik hasteko. Oso denbora gutxian hobetzen hasi nintzen, baina, bestalde, oso urrun nengoen nire bizitzako jomugatik: komedia egitetik. Pandemia garaian Tolosara bueltatu behar izan nuen azkenean, eta oso gaizki pasatu nuen. Neure buruaz beste egiten saiatu nintzen, eta psikiatriako unitatean beste egonaldi bat egin nuen. Hor izan zen depresio sakonean erori nintzen unea, joan den urtean Bella Belluci deskubritu nuen arte.
Nolakoak dira beherakada eta gorakadak?
Gorakadak euforia puntuak dira, eta beherakadak, depresioak. Autoestimu oso baxua eduki dezakezu egun batean, eta egun berean, oso-oso altua. Kontraste handiko gaixotasuna da. Gauzak nik espero dudan bezala irteten ez direnean, mundu guztia nire kontra dagoela sentitzen dut.
«Ni ez naiz mugako nortasunaren nahasmendua; ni Mattin naiz, eta mugako nortasunaren gaixotasuna daukat, baina artista ere banaiz, komedia egiten dut, eta pertsona ona izaten saiatzen naiz»
Nola eragiten du horrek eguneroko harremanetan?
Zorte handia daukat, eta oso lagun onak ditut; haiekin asko landu dut hau guztia. Honetaz hitz egitea gustatzen zait. Nik kontrolatu behar dut nire gaixotasuna, baina, era berean, nire ingurukoei erakutsi behar diet zer gertatzen zaidan momentu batzuetan, eta beti ezin dudala kontrolatu. Harremanetan asko eragiten dit.
Estigma dago gaixotasunaren inguruan?
Jendeak duen inpresioa da oso pertsona zailak garela; hori da daukagun estigma. Gauza txarrekin lotzen da. Nik erakutsi nahi dut gaixotasun bat baino gehiago garela. Ni ez naiz mugako nortasunaren nahasmendua; ni Mattin naiz, eta mugako nortasunaren gaixotasuna daukat, baina artista ere banaiz, komedia egiten dut, eta pertsona ona izaten saiatzen naiz. Horregatik da hain garrantzitsua Bella Belluci; jendeak Bella ikusten duenean, artista bat ikusten duelako, eta ez MNNa duen pertsona bat.