Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Eguna da irailaren 10a, eta Gipuzkoako hainbat lekutan egin dira aste honetan prebentzioarekin lotutako ekitaldiak. Gainera, Azpeitian gai hori jorratuko dute datorren astelehenean, suizidioaren prebentzioari buruzko hitzaldi batean. Badira urte osoan buruko osasuna zaintzeko lanean dabiltzan erakundeak. Esate baterako, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoak bizitzaren korapiloetan kateatuta daudenei erakutsi nahi die bide bat badagoela. Herrialde osoko boluntarioek telefonoa hartu eta laguntza ematen diete entzute aktiboaren bidez. 37 urte daramatzate telefono deiak jasotzen. Hiru urte dira BadaBideBat programa martxan dutela: gazteentzako arreta zerbitzua.
[articles:2130383]
Beñat Benitez Gipuzkoako Itxaropen Telefonoko teknikari eta psikologoak esan du «bakarrik daudenei laguntzeko» sortu zela telefonoa: «Gure filosofia da arreta anonimoa, konfidentziala eta doakoa eskaintzea Gipuzkoako herritarrei, eta, gainera, bertako boluntarioek ematea arreta hori». Hala ere, nabarmendu du psikologoek trebatzen dituztela boluntarioak, eta arreta ere profesionalek gainbegiratzen dutela. Horrez gain, argitu du telefono zerbitzuak Espainiako Estatuan dagoen proiektuaren izen bera daraman arren «guztiz independentea» dela: «Izen bera daukagu, baina hori besterik ez».
Deiak ordu erdi batekoak izan ohi dira, Benitezek azaldu duenez: «Aurreneko deiaren helburua da pertsona horrentzako eremu eroso bat eraikitzea; entzuna sentitzeko eremu bat». Teknikariak gehitu du garrantzi berezia ematen diotela entzute aktiboari. «Entzute ariketa horren bitartez, deitzen duenak aukera dauka ezinegona sortzen dion gaiaz hitz egiteko. Helburua ez da soluzioak bilatzea, baizik eta bidean egoera hobeto ulertzen eta aztertzen laguntzea». Herritar batzuek sei edo zazpi dei ere egiten dituzte, laguntza modu jarraituan jasotzeko, eta lehenengo deia hartu dion boluntario berak egiten dio jarraipena, psikologoen oniritziarekin.
«Helburua ez da soluzioak bilatzea, baizik eta bidean egoera hobeto ulertzen eta aztertzen laguntzea»
BEÑAT BENITEZ Gipuzkoako Itxaropen Telefonoko teknikaria eta psikologoa
Horrez gain, beharrezkoa denean, arreta psikologikoa ere eskaintzen du proiektuak, baina Benitezek adierazi du ez dela erabiltzaile guztientzat, eta «tentuz» aztertzen dutela noiz behar den arta mota hori, protokolo espezializatu bati jarraituta: «Lehentasuna ematen diegu maila ekonomiko apalagoa dutenei». Joan den urtean, adibidez, 58 laguni eman zieten arreta psikologikoa: 25 gazteri eta 33 helduri. Arreta mota hori behar izan zutenetatik, %32,8 etorkinak izan ziren, eta %63,8, emakumezkoak. «Emakumezko etorkinak artatzen ditugu maizenik. Ordu asko lan egiten dute, eta ez dute denborarik izaten osasun mentalari erreparatzeko», adierazi du Benitezek.
2021az geroztik, bi zerbitzutan banatzen da arreta: 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat, BadaBideBat proiektua sortu dute, eta 30 urtetik gorakoentzat, berriz, Albainduz proiektua daukate martxan. Bigarren proiektuaren barruan, 2.365 dei jaso zituzten iaz, eta bakarrik zeuden helduak artatu zituzten batez ere. Bada Bide Bat zerbitzuari dagokionez, erabiltzaileek beste bide batzuetatik jartzen dira proiektuarekin harremanetan, baina, guztira, 106 gazteri eman zieten arreta iaz.
2.365
Zenbat dei jaso zituzten iaz. Joan den urtean, 30 urtetik gorako herritarren 2.365 dei jaso zituen Gipuzkoako Itxaropen Telefonoak.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 2023an emandako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 15 eta 29 urte bitarteko hamar gaztetatik batek antsietate edo depresio sintomak ditu. Gainera, 2015etik 2020ra bitartean, 29 urte baino gutxiago zituzten 76 pertsonak egin zuten beren buruaz beste.
Arreta, beste bide batzuetatik
2021ean hausnarketa prozesu bat egin zuten Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa elkartean, ohartu baitziren gazteen deiak nekez iristen zirela. «Ikusi genuen arazoak zeudela gazteengana iristeko. Gazte batzuekin bilerak egin, eta galdetu genien zer motatako zerbitzua beharko luketen», esan du Benitezek. Ondorio argia atera zuten bilera horietatik: beharrezkoa zen telefonoa ez ezik beste komunikazio bide batzuk ere zabaltzea. Hortik sortu zen BadaBideBat proiektuaren webguneko txat anonimoa, eta baita WhatsApp bidezko arreta ere. Horrez gain, ikastetxeetan lantegi emozionalak, harremanen inguruko saioak eta suizidioaren prebentzioari lotutako bestelako ekintzak ere antolatzen dituzte Gipuzkoako hainbat herritan.
Orduz geroztik, «nabarmen» egin du gora zerbitzua erabiltzen duten gazteen kopuruak, Benitezen arabera. Iaz, 106 gazteri eman zieten arreta. «Guregana jotzeko arrazoi nagusia antsietate egoerak izan ohi dira. Egunerokoari aurre egitea kosta egiten zaie batzuetan, eta modu anonimoan norbaitekin hitz egin eta ezinegon horren berri emateak lagundu egiten die». Teknikariak nabarmendu du gazteek naturalago hitz egiten dutela buru osasuneko arazoez, eta, horregatik, gehiago ikusarazten direla gazteengan arazo horiek: «Gizarteak ere prestasuna agertzen du gazteen buru osasunean arreta jartzeko».