Herri kirolak sustatzea helburu duen elkarte bat sortu dute berriki Lezon: Sats herri kiroletako taldea. Asier Sarasua talde horretako kideak esan du Lezon aspaldi hasi zirela herri kirolak sustatzeko lanetan, gisa horretako kirolak probatzen eta probetan parte hartzen. Hogei lagun inguruko talde bat da Sats, eta emakumezkoek eta gizonezkoek osatzen dute. Orain, gainera, Sats elkarte gisa erregistratu dutela jakinarazi du Sarasuak, eta, hala, taldeari «formatu serioagoa» eman diotela. Behin taldea erregistratuta, hitzarmen bat adosteko lanean ari dira Lezoko Udalarekin, herri kirolak egiteko leku bat lortzeko. Sarasuak dio toki bat edukita entrenatzeko eta materiala gordetzeko aukera izango dutela.
Elkartea eratzea lortu badute ere, Satseko kideak azaldu du prozesua ez dela erraza izan. Astigarragako emakume talde batek animatu zituen Lezon herri kirolak sustatzeko ahalegina egitera, eta, erronka onartuta, Satseko kideek askotariko herri kirolen gaineko informazioa bildu behar izan zuten, modalitate asko ezezagunak baitzitzaizkien. Gutxinaka joan ziren modalitateak ezagutuz, eta segidan hasi ziren proiektuari forma ematen. Ekinaldi horren emaitza da Sats taldea.
«Herritik kanpoko profesionalak etortzen dira Lezora erakustaldiak egitera, eta herri kirolak, berez, herritik datoz, baina herrian ez dakit oso ezagunak diren gaur egun»
ASIER SARASUA Lezoko Sats herri kiroletako taldeko kidea
Sortu zirenez geroztik, modalitate berrien gaineko informazioa eskuratu soilik ez, probatu ere egin dituzte horietako batzuk, hala nola sokatira, giza probak, lokotxak, txingak, ingudea eta trontza. Giza proba egin zuten lehenik, harri bati tiraka, eta orain askotariko probak egiten dituztela kontatu du Sarasuak.
Satseko kideak gustura daude ikusita taldeak eragina izan duela Lezon. Orain artean antolatutako ekitaldi guztietan, herritarren erantzuna ona izan da, Sarasuak baieztatu duenez, eta taldekideak ziur dira «zerbait berria eta polita» eskaini diotela herriari, aurrez ez baitzegoen mota horretako aukerarik. Horrez gain, Satseko kideak argi du «herri kirolek herriarenak» izan behar dutela: «Gaur egun beti herritik kanpoko profesionalak etortzen dira Lezora erakustaldiak egitera, eta esango nuke hori gauza arrotza dela. Herri kirolak, berez, herritik datoz, baina herrian ez dakit oso ezagunak diren gaur egun».
Horren harira, Sarasuak argi azaldu ditu taldearen helburu nagusiak: herri kirolak sustatzea, jendeak jarduera hori probatzea eta ekintzetan parte hartzea, ikus dezaten herrian zer egiten den.
Herri kirolen erakustaldiak
Herri kirolen erakustaldiak egiten dituzte gehienbat Satseko kideek, eta herriz herri ibiltzen dira. Sarasuak esan du erakustaldiaren araberako entrenamenduak egiten dituztela. Aire zabalean entrenatzen dira orain, eta azaldu du horrexegatik behar dutela leku bat, maizago entrenatu ahal izateko. «Astean bizpahirutan elkartzeko eta serioago hasteko aukera emango digu horrek. Aire zabalean entrenatzeak zailtasunak ditu».
Lezoko Sats herri kiroletako taldeko emakumezkoak, giza proba egiten, ekainean, Lezoko Goiko plazan. NAHIA SARASOLA
Satseko kidearen esanetan, taldearen egungo helburua ez da txapelketetan lehiatzea. Izan ere, beste helburu batekin hasi zuten bidea. «Jendea ezagutzeko aitzakia ona da hau: beste herri bateko kuadrilla batekin elkartu, haien herrira joan, hango jendea ezagutu… Gainera, Lezoko jendea beste herrietara mugitzen da, eta beste herrietakoak, berriz, Lezora etorri. Ondo pasatzeko asmoarekin elkartzen gara».
Egiten dituzten erakustaldien ondoren, bildutako jendea gonbidatzen dute herri kirolak probatzera: «Jendeak probatzea eta parte hartzea nahi dugu, eta baten batek gugana etorri nahi badu, ongi etorria izango da».
«Gustatuko litzaiguke Oiartzualdean desafio gehiago egitea, gazteak animatuko bailirateke, eta herri kirolen kultura eta euskara sustatu, eta uste dut hori aberasgarria izan daitekeela»
ASIER SARASUA Lezoko Sats herri kiroletako taldeko kidea
Satseko kideek orain gutxi egin dute azken erakustaldia: larunbatean, hilaren 7an, Piztu Lezo taldeak herrian bertan antolatutako Gazte Egunean. Olinpiadak antolatu zituen Piztu Lezok egun horretarako, Karlos Saldise plazan, eta Satseko kideek herri kirolak sartu zituzten proben artean. Sarasuak esan du jendea «gustura» aritu zela eta iritzi «onak» jaso zituztela. Olinpiaden ondoren, ingude txapelketa herrikoia egin zuten, herritarrek modalitate hori proba zezaten. Parte hartzaileek minutu erdi zuten ahalik eta kolpe gehien emateko, eta, Sarasuak esan duenez, «jende askok» parte hartu zuen.
Herrien arteko desafioak
Herri kirolen erakustaldiak egiteaz gain, herrien arteko desafioak ere egiten dituzte. Lezoarrak, esaterako, oiartzuarrekin hasi ziren desafioak egiten, iaz. Joanekoa Oiartzunen egin zuten, eta itzulikoa, berriz, Lezon. Biak ala biak Sagardo Egunean izan ziren, eta, desafioaren ondoren, sagardoaren festaz gozatzen aritu ziren bertaratutakoak. Sarasuak dio horrexek erakusten duela herrien arteko topaketak egiteak balio duela jendea ezagutzeko eta ondo pasatzeko.
Lezokoek Pasai Donibanekoen eta Oñatikoen kontra ere egin dituzte desafioak, eta halako topaketak beste herrietara zabaltzea gustatuko litzaioke Sarasuari: «Gustatuko litzaiguke Oiartzualdean desafio gehiago egitea; polita litzateke. Gazteak animatuko lirateke, herri kirolaren kultura eta euskara sustatu, eta uste dut hori aberasgarria izan daitekeela».