Plaza oso bat euskal kulturari

Plaza oso bat euskal kulturari

Elorrioko (Bizkaia) Musikaire musika zikloa izan zuen inspirazio Eskoriatzako Errekan Gora musika jaialdiak. «Botata genion begia lehendik. Azkenean, haiekin elkartu ginen, eta Eskoriatzara ekarri genuen ideia, poliki-poliki», aitortu du Iñaki Kortazar Errekan Gora jaialdiaren antolatzaileetako batek. 2008an sortu zuten festibala, eta hasieratik Atxorrotx kultur elkarteak hartu zuen bere gain antolaketa lan guztia, udalaren laguntzarekin. Gaurtik igandera bitartean egingo dute jaialdia, eta zazpi kontzertu izango dira: The Clayton, Unidad Alavesa, Ibil Bedi, John Dealer and The Coconuts, Idoia Asurmendi, Demode Quartet eta Garratz. Bi dantza emanaldi ere izango dira, larunbatean: Eskoriatzako Gorosarri eta Arrasateko Lore Gazteak taldeena. Herriko plazan izango dira emanaldi guztiak, eta ez da sarrera ordaindu beharrik izango.

Festibala uztaileko asteburu guztietan eta herriko hainbat txokotan egiten zuten lehen, harik eta COVID-19aren pandemia iritsi zen arte. Pandemiaren ondotik, dena gune bakar batean egitea erabaki zuten antolatzaileek, segurtasun kontuak zirela eta. Herriko plaza aukeratu zuten horretarako, eta beti «harrera beroa» jaso dutela esan du Kortazarrek. «Oso harrera ona izaten duen festibala da Errekan Gora; jendea asteburu-pasa edo egun-pasa etortzen da herrira».

«Oso harrera ona izaten duen festibala da Errekan Gora; jendea asteburu-pasa edo egun-pasa etortzen da herrira»
IÑAKI KORTAZAR Eskoriatzako Errekan Gora jaialdiko antolatzaileetako bat

Pandemiaren ondorengo emaitzarekin gustura zeudenez, egitura horri eustea erabaki zuten, eta herriko plazan egiten dute festibala harrezkero. Kortazarrek uste du herritarrek aurtengo jaialdiari ere «harrera beroa» egingo diotela. «Kartelak duen kalitatea ikusita, aurten ere herria beteko den esperantzarekin gaude».

«Kalitatezko» musikari asko izan dira Errekan Gora jaialdiko oholtzan orain hamasei urtetik hona, hala nola Oreka TX, Bizardunak, Mikel Markez, Erramun Martikorena, Mikel Urdangarin, Pello Reparaz, Des-Kontrol, Hesian, Rafa Rueda, Kalakan, Izaki Gardenak, Belako, Kokein, Xiberoots eta Neomak.

Kokein musika taldea, iazko irailean, Eskoriatzako Errekan Gora jaialdian. ERREKAN GORA

«Herriko kultur eskaintzan zegoen hutsunea betetzea» du helburu Errekan Gora festibalak. «Askotariko kulturgileentzat gune bat» sortu nahi dute antolatzaileek, eta, bide batez, «herria biziberritu». Izan ere, Atxorrotx kultur elkarteko kideek diote udan «herritarrak herritik irteteko joera nabaria» dela, eta jaialdiaren bitartez «herritarrak herrian eta herriaz disfrutatzeko aukera» eman nahi dute. Eskoriatzarrek badute, gainera, herrian bertan geratzeko nahikoa arrazoi, gaurtik igandera bitartean zazpi kontzertu eta bi dantza emanaldi izango baitira plazan. «Ohikoak ez diren ikuskizunak eskaini nahi dizkiegu herritarrei, zirkuitu komertzialetan sartuta ez dauden taldeei leku eginda».

Atxorrotx elkarteko kideek herritar oro gonbidatu nahi dute antolatu duten egitaraura, izan ere, esan dute askotariko gustu eta adin tarteetarako moduko taldeak izan ohi direla urtero jaialdian. Hain zuzen ere, oholtza herriko plazan jartzeak ematen die herritar guztiengana iristeko aukera.

Euskara eta berdintasuna

Handia da Atxorrotx kultur elkarteko kideek herrian euskara sustatzeko egiten duten ahalegina. Euskara dute lanabes egiten dituzten bilkuretan, eta, beraz, balio hori erantsi nahi diete antolatzen dituzten ekitaldiei. Errekan Gora jaialdian ez dute soilik Euskal Herriko taldeek jotzen, egonak baitira nazioarteko hainbat talde ere. Lehendabiziko urtean, esaterako, Fado em Si Bemol (Portugal) eta Teatrino dei Piedi (Italia) taldeak izan ziren, eta 2016an, Le Touquet Quartet taldea (Herrialde Katalanak). Nolanahi ere, baldintza bat jartzen diete nazioarteko talde horiei: agurra eta hitz batzuk euskaraz egitea.

«Kartelak duen kalitatea ikusita, aurten ere herria beteko den esperantzarekin gaude»
IÑAKI KORTAZAR Eskoriatzako Errekan Gora jaialdiko antolatzaileetako bat

Hizkuntzari ez ezik, berdintasunari ere ematen diote garrantzia Atxorrotxen. Antolatzaileek esan dute emakumeen presentzia bermatzea dutela helburu, bai antolakuntzan eta baita oholtzan ere. «Emakumezkoen presentzia indartu nahi dugu emanaldietan. Edizio guztietan egon dira emakumez bakarrik osatutako taldeak edo gehiengoa emakumezkoak ziren taldeak». Aurten ere hala izango da.

«Jendeak kartela ikusi badu, konturatuko da asteburu honetan aspertzeko denborarik ez duela izango Eskoriatzan», adierazi du Kortazarrek. «Asteburu-pasa edo egun-pasa egiteko aukera paregabea izango du etorriko denak». Gaineratu du, musika eta dantza taldeez gain, izango dela zerbait jateko aukera ere, Villabonako Earra janari furgonetari esker.

EGITARAUA

  GAUR

19.30. The Clayton, Inkernu tabernaren kanpoaldean.
22:30. Unidad Alavesa, plazan.

  BIHAR

13:00. Ibil Bedi, plazan.
18:30. Gorosarri eta Lore Gazteak dantza taldeak, plazan.
19:15. John Dealer & The Coconuts, plazan.
23:00. Idoia Asurmendi, plazan.

  ETZI

12:00. Demode Quartet, plazan.
19:00. Garratz, plazan.