«Askoren moralitate trazak ikusita, borrokarako gogoa pizten zitzaidan»

«Askoren moralitate trazak ikusita, borrokarako gogoa pizten zitzaidan»

Zumarraga XX. mende hasieran herri industrializatua bilakatu zen, eta Iñigo Jaka medikuaren (Zumarraga, 1948) familiaren etxea fabrikaz inguratuta gelditu zen. Etxe hartan jaio zen Jaka, baina, gaur egun, etxebizitza ez dago zutik. «Erroak moztu zizkiguten», dio Iñigo Jakak berak. Urretxun bizi da egun. Bokazioak bultzatu zuen Medikuntza ikastera, eta mediku gisa jardun zuen erretiratu zen arte. Salamancan (Espainia) hasi zituen ikasketak, baina ez zituen han amaitu, Belgikara joan behar izan baitzuen, ihesi. 1991tik 2009ra, Donostiako Onkologikoko zuzendaria izan zen.

Zumarragakoa izanik, lantegi handiz inguratuta egonda, ez zenuen industriara jotzeko tentaziorik izan?

Ikasten jarraitzeko aukera izan nuen, eta Donostiara joan nintzen, Peñaflorida institutura. Handik, Bilbora, Santiago Apostol ikastetxera, eta, gero, Salamancara joan nintzen Medikuntza ikastera.

Zergatik medikuntza?

Bokazioz. Gustatzen zitzaidalako.

Salamancan hasi zenituen Medikuntza ikasketak, baina ez zenituen han amaitu.

Ez. Ihes egin behar izan nuen, Belgikara. ETAkoa izateagatik jazarri egiten ninduten. Burgosko prozesuaren testuinguruan, Salamancan ikasten genbiltzan 21 ikasle euskaldun apezpikuaren palazioan gotortu ginen, gose greba egiteko. Atxilotu egin gintuzten, eta kartzelara bidali. Isunak ere jarri zizkiguten, baina uko egin genion ordaintzeari, diru horrekin herritarren aurka egiteko armak erosiko zituztelako. Aurrekari horiekin eta frankismo betean, zaila zen aurrera egitea, eta aukera izan nuenean alde egin nuen.

Ez zara damutzen?

Zertaz? Borroka egiteaz? Ez. Erregimen faxista baten aurka borroka egin behar da.

Nolakoak izan ziren Belgikan bizi izan zenituen urteak?

Bruselako Unibertsitate Askean ikasi nuen. Masoneriari lotuta dago unibertsitate hori, eta metodo masonikoa barruraino sartu ziguten. Hau da, eztabaida masonikoan ezin diozu besteari aurre egin, zure ikuspegia gehitu behar duzu. Helburua da egia bilatzea. Saiatu naiz halako eztabaidak gure sisteman txertatzen urte askoan, baina ez dut lortu, hemengo jendeak ez duelako halako debaterik onartzen. Demokrazia ez dago soilik hauteskundeak daudelako; mentalitate demokratikoa ere eduki behar da. Ikasketa prozesua ere gogorragoa zen Belgikan: zazpi urteko karrera bat zen, hemen baino urtebete luzeagoa; hiru urte egin genituen ospitalean, goizero-goizero, sail guztietatik pasatu nintzen arte. Denek ebaluatu gintuzten, eta ikasleren batek maila nahikorik ez zuela uste bazuten, titulazioa baldintzatuta lortzen zen. Hilabeteko oporrak besterik ez genituen.

«Borroka egiteaz ez naiz damutzen, erregimen faxista baten aurka borroka egin behar da»

Hango osasun sistema hemengoa baino hobea da?

Han bakoitzak nahi duen medikua aukeratzeko eskubidea du. Ordaindu egiten zaio, baina egun batzuen buruan Gizarte Segurantzak diruaren zati bat itzultzen du. Modu horretan, nolabait, medikuarentzat bezero bat zara eta ondo artatzen zaituzte: adi entzuten zaituzte, atseginagoak dira… Zergatik? Herritarrek agintzen dutelako eta bakoitzak erabakitzen duelako nork artatuko duen. Hori da sistema ideala. Ez dut esan nahi hemen gaizki artatzen dutenik, baina hemengo mediku bat funtzionarioa da, eta soldata bera izango du lan egin edo ez.

Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak Osakidetza eraldatzeko plana abiatu du. Zein aholku emango zenieke bilkuretan parte hartzen ari direnei?

Euskadik Osasunaren transferentzia ona lortu zuen, garai hartan Eusko Jaurlaritzan zeudenek lan ona egin zutelako, eta Pradalesen alderdikideak ziren. Osasun Mapa egin zuten, eta diseinuan parte hartu zuten profesionalek, udalek, gaixotasunen inguruan eratutako elkarte apurrek… Bukaeran kopuru bat jarri zuten: «Honek hainbeste milioi pezeta balio du». Ondo eta zehatz azalduta eta planifikatuta zegoenez, diru askoko transferentzia lortu genuen. Osasun Sailburutzan [Jose Manuel] Freireren ostean [Iñaki] Azkuna etorri zen eta ez dut oroitzapen onik hari buruz. Gaizkien oinarria hor dago. Zergatik diodan hori? Freirek dekretu batean jaso zuelako ospitale publikoetako zerbitzuburuek soilik osasun sistema publikoan egin ahalko zutela lan, interes talkarik izan ez zezaten, baina Azkunak kendu egin zuen hori.

Ezin izan duzu Belgikako sistema Euskal Herrira ekarri?

Han ibilitako bi medikurekin eta Lagun Arorekin lehen arretako zentro bat diseinatu genuen, kooperatibistentzat. Orduan ez zegoen gaixoaren eta espezialistaren arteko katebegirik, eta bost medikurekin 24 orduko arreta zerbitzua jarri genuen.

Bruselako Unibertsitate Askean ikasi zuen Iñigo Jaka Donostiako Onkologikoko zuzendari ohiak. Unibertsitatearen atarian dago nazien aurkako erresistentziaren G taldearen oroimenezko piramidea. Masoi talde bat izan zen erresistentzia organizazio hori, eta okupatzaile alemaniarren aurkako borroka armatu klandestinoaren alde egin zuten. Irudian, Jaka, orain bi urte, Bruselako Unibertsitate Askean dagoen piramidea aldean duela. IÑIGO JACA.

Nola pasatu zinen gaixoekin tratu zuzena izatetik kudeaketa lanetara?

Lagun Arorekin martxan jarri genuen sistema horrek kalte egin zion Arrasateko laguntza zentroari, gaixoak, ahal zela, etxean artatzen genituelako. Hortik kendu nahi izan gintuzten. Beste aukerarik ez nuenez, onartu egin nuen, baina bizpahiru hilabetera mediku inspektore izateko lanpostu batzuk atera ziren, eta neure burua aurkeztu nuen. Eibarren hasi nuen bide hori.

Erraz egokitu zinen ardura berrira?

Lotsagarria zen osasun etxea. Kontsulta guztiak goizez egiten ziren, eta dena pilatu egiten zen. Azkenean, arratsaldez ere ireki nuen osasun zentroa. Langile batzuei esan nien kontsulta arratsaldera aldatu behar zutela eta egoera arintzen hasi zen, nahiz eta ez zitzaien erabakia gustatu.

Zenbat denbora egon zinen Eibarren?

Urtebete egin nuen, Donostiara eraman ninduten arte. Arantzazuko Andre Mariaren osasun egoitzara lekualdatu ninduten, gaur egungo Donostia Ospitalera. ETAren ekintza batzuen erruz zuzendaritzarik gabe egon zen urte batzuetan egoitza hori, eta lan gatazkak ugaritzen ari ziren. 2.000 langileko instituzio bat, zuzendaritza egonkorrik gabea, zegokion baino ohe gehiagorekin… Desastre hutsa zen. Mikel Barriolaren eta bion ardura izan zen hura onbideratzea.

Gero, Bizkaian, Gurutzetako ospitaleko arduradun izendatu zintuzten.

Han ere ordena publikoko arazoak zeuden. Pentsa, hiru bider sartu behar izan nuen Polizia ospitalera, zeuden lan gatazkengatik.

Zer da zailagoa, gaixoak artatzea edo erietxe bat kudeatzea?

Kudeaketa lanak askoz ere zailagoak dira, eta esker txarrekoagoak.

Ez zitzaizun burutik pasatu lehen arretara itzultzea?

Ez. Ospitaleetan zebiltzan askoren moralitate trazak ikusita, borrokarako gogoa pizten zitzaidan. Denetatik ikusi dut.

Donostiako Onkologikoan ia hogei urte egin zenituen zuzendari.

Aurretik Burgosen izan nintzen. Azkunak bota egin ninduen Gurutzetako ospitaletik. Dimisioa emateko esan zidaten, eta nik, ezetz. Azkenean, ostiral batean kargugabetu egin ninduten, eta astelehenean Burgosko General Yagüe ospitalean hasi nintzen lanean, Hirurehun Oheren ospitalea deitzen diotenean. Han ere ordena jartzea egokitu zitzaidan, eta arazoaren erroetara joatea. Horretan nenbilela, Kutxak deitu zidan, Onkologikoan norbait behar zutelako. Egoera ekonomikoa negargarria zen, defizitarioa zelako.

Zer balorazio egiten duzu bertan egindako lanaz?

Hamazazpi urte egin nituen han, utzi nuen arte. Kokoteraino nengoen, eta besteak nitaz ere bai. Instituzio baten gidaritzan behar baino urte gehiago egotea ez da ona, errutinan sartzen zarelako eta dena zalantzan jartzeari uzten zaiolako. Baina oroitzapen onak ditut.

Zer behar da zuzendari ona izateko?

Lehenik eta behin, zuzendari zuzen batek informatu egin behar du. Tarte bat hartu behar da gauzak nola egiten diren ikusteko. Ez dakizun zerbait badago, kanpora joan eta ikasi. Behin informazioa bilduta, planifikazioa egin behar da. Planifikazio hori antolatu egin behar da, eta, azkenik, kontrolatu. Hori da askotan zailena, hemen inork ez duelako kontrolik nahi. Askotan esan izan didate bazterrak ez aztoratzeko, hauteskundeak datozela eta bakea behar dutela.

«’Zaharren sarea’ deitzen diogun talde bat dugu, eta galduta dabiltzan gaixoei laguntzen saiatzen gara»

Erretiroa hartu aurretik, lehen arretako mediku izan zinen Nafarroan, Baztanen.

Mediku lanbidearekin adiskidetu nintzen. Nafarroan medikuak behar zituzten, eta neure burua birziklatzeko aukera eman zidaten.

Behin jubilatu eta gero, medikuntzarekin lotura izaten jarraitzen duzu?

Zaharren sarea deitzen diogun talde bat dugu, eta galduta dabiltzan gaixoei laguntzen saiatzen gara. Erretiratutako mediku batzuk saiatzen gara zerbait egiten.

Zer egitea gustatzen zaizu medikuntzatik atseden hartzeko?

Ospitaleko lana gogorra zen, goiz eta arrats aritzen baikinen lanean. Eta batzuetan gauetan ere bai. Zuzenbidea ikasi nuen. Nire semeetako batek Zuzenbidea ikasi zuen, eta ondoren neu ere hasi nintzen Zuzenbidea ikasten.

Etxean inork ikasi al du Medikuntza?

Hiru seme-alaba ditut, eta bakar batek ere ez du Medikuntza ikasi. Neu ez naiz horretan tematu. Nik izan ditudan arazoak haiek ere sufritu dituzte. Arazoak zeudenean, langileek protestak egiten zituzten etxe atarian edo eskolara bidean, eta argi uzten zieten aita kabroi hutsa zela. Herrialde honetan presio handiak egon dira. Gaur egun barre egiten dut norbait kexatzen denean escrache bat egin diotelako. Nirekin pasatu egin ziren.

Idatzi ere egiten duzu. Iaz El servicio Oficial de Salud (SOS) lana kaleratu zenuen.

Gauza txikiak idatzi ditut, niri buruzkoak. Baina oso idazle txarra naiz. Paternalismoari eta autonomiari buruzko fikziozko hamar kontakizuneko bilduma osatu nuen, eta horiek argitaratzeko aukera izan nuen. Gehiago gustatzen zait irakurtzea, baina ez dut nahi bestelako denborarik eduki.

motzean

Liburu bat?
El problema de Spinoza, Irvin Yalomena.

Hiri bat?
Brusela. Bizitzeko beharrezkoa zait noizean behin bertara joatea.

Sarritan joaten zara?
Urtean bi bider.

Zenbat hizkuntza dakizkizu?
Euskaraz badakit, baina nahi baino erraztasun txikiagoa dut. Frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez ere badakit.

Zertan jolasten zinen txikitan?
Urretxukoekin sekulako lehia genuen.