Euskal nortasuna kantxan, 50 urtez

Euskal nortasuna kantxan, 50 urtez

Bada eroritakoan nekez altxatzen denik, edota behin erorita sekula altxatzea lortu ez duenik. Donostiako Askatuak saskibaloi klubak izan ditu erorikoak, baita berriz altxatzeko nahikoa indar ere. Hain justu, 50 urte bete berri ditu klubak, eta Iñaki Almandoz presidenteak esan du bidean zailtasun ugarirekin egin dutela topo. «50 urte hauetan denetatik bizi behar izan dugu, baina bidea ez da inoiz erraza izan. Izan ditugu pozak ere, baina esango nuke une gogor gehiago pasatu ditugula gozoak baino». Ilusioa eta gogoa izan dute une latzak iraultzeko giltza, eta, zailtasunak zailtasun, zutik jarraitzen du gaur egun klubak. «Beste klub askok bezala, musu truk egiten dugu lan, eta askotan galdetzen diogu geure buruari zergatik ari garen horretan», esan du presidenteak. «Ez daukagu erantzunik, baina uste dut ilusioa eta gogoa direla bizirik irauteko gakoak». Euskal nortasunari eutsi nahi izan diote sortzetik; klubaren izena eta logoa dira horren erakusle.

Askatuak klubak hitzarmen bat sinatu du berriki Gipuzkoa Basketekin, «22 urteko ezinikusiaren ondotik». Almandozek esan du hitzarmena izango dela bi kluben arteko harremanak berreskuratzeko eta normalizatzeko aro berri baten abiapuntua, eta, gainera, balioko duela «Gipuzkoako saskibaloia indartzeko» eta elkar «leialki» laguntzeko. «Hitzarmen hori aitortza moduko bat da guretzat, eta sekulako indarra ematen digu».

Saskibaloi zale amorratu batzuek sortu zuten Askatuak, 1975ean. Jose Antonio Gasca izan zen klubaren sustatzaile nagusia, Iñaki Almandoz, Fran Otxoa, Jose Maria Zumalde eta Alberto Cifuentesekin batera. Dicoproga izena jarri zioten aurrena; izan ere, Espainiako saskibaloiaren Bigarren Mailan jokatzeko plaza bat lortu zuten, baina babesle bat behar zuten erronkari aurre egiteko, eta Dicoproga enpresaren babesletzarekin lortu zuten aurrera egitea. Errenteriako Don Bosco eta Donostiako Atletico taldeetako jokalariekin osatu zuten taldea, eta tartean zen Edward Robota jokalari estatubatuarra ere, besteak beste. Estreinako denboraldian erakustaldia eman, eta, horri esker, Lehen Mailara igotzea lortu zuen Dicoprogak. 1976-1977ko denboraldian egin zuten debuta Lehen Mailan, izen berriarekin: Dico’s. Bosgarren postuan amaitu zuten liga.

«50 urte hauetan denetatik bizi behar izan dugu, baina bidea ez da inoiz erraza izan. Izan ditugu pozak ere, baina une gogor gehiago pasatu ditugu gozoak baino».
IÑAKI ALMANDOZ Askatuak saskibaloi klubeko presidentea

Ondo gogoan du Almandozek goreneko mailara igo zireneko sasoi hura. «Ederra» izan zela dio, baina babeslerik gabe geratu ziren handik gutxira. Espainiako Estatua trantsizio garai betean zegoela, Dicoproga gisa bataiatu zuten klubari Askatuak izena jartzea erabaki zuten sortzaileek. «Ez geunden ados Espainiako Saskibaloi Federazioaren funtzionatzeko moduarekin, eta izen hori jarri genion, federazio horretatik independetea izango zen klub bat nahi genuelako; klub aske baten parte izan nahi genuen, eta argi genuen euskarazko izen bat jarriko geniola, gainera».

Handia da Donostiako klubak euskararen alde egindako ahalegina, izenari ez ezik izanari ere eman baitzioten euskal nortasuna. Dicoproga izena zuenean, txapel bat zeraman baloi bat bihurtu zuten klubaren logo, eta, Almandozen hitzetan, Euskal Herrikoak zirela erakutsi nahi zuten horrela. Askatuak izena hartzearekin batera, logoa aldatzea erabaki zuten. «Euskaldun guztiok definituko gintuen ikur baten bila ibili ginen, eta eguzki lorea erabiltzea erabaki genuen, gure lorea delako, euskaldunon lorea». Hainbat etxetako ateetan jarri ohi dira eguzki loreak, «minak eta gaitzak uxatzeko», eta halakorik «barrura sartzen ez uzteko».

Askatuak saskibaloi taldea, 1980an, Huescan (Espainia), partida bat jokatu aurretik. PABLO SCHNELL

Areago, logoan erabilitako tipografia ere «euskal hizkiak» direla adierazi du Almandozek: «Euskal hilarrietatik hartu genituen Askatuak-en logoa osatzeko hizkiak». Gaur egun ere ikur hori dute, «harrotasunez», nahiz eta inork esan izan dien badela aldatzeko garaia. «Ez dugu aldatzeko asmorik. Gu euskaldunak gara, eta hortik datozkigu izena, logoa eta tipografia. Argi dugu detailerik txikiena ere zaindu nahi dugula».

Saskibaloi kluba eratzeko lanean hasi zirenetik eman nahi izan zioten garrantzia euskarari. Almandozek kontatu du 1970eko hamarkadan ez zegoela baloncesto euskaraz esateko modurik, eta denek baloncesto esaten ziotela kirol horri. «Euskaraz esan nahi genuen; egon behar zen baloncesto euskaraz esateko hitzen bat». Euskaltzaindira jo zuten, zalantzak argitzeko asmoz. «Garai hartan Euskaltzaindiko buru zen Luis Villasanteri idatzi nion esanez ea nola esan genezakeen baloncesto euskaraz, eta eskutitz bidez erantzun zidan saskibaloia zela euskaraz baloncesto esateko hitz egokiena». Almandozek gordea du oraindik Villasanteren eskutitz hura. «Euskara erabili nahi genuen, eta oinarrizkoenetik hasi nahi genuen; horregatik jo nuen Euskaltzaindira. Gutxik jakingo dute, baina Askatuak kluba izan zen Euskal Herrian saskibaloi hitza erabili zuen lehenengoa».

Denboraldiko ospakizunak

Presidenteak esan du «izen handiko» hainbat jokalari pasatu direla Askatuak-etik, Euskal Herrikoak —Segundo Azpiazu Shegun eta Estanis Ubarretxena, besteak beste—, zein Euskal Herritik kanpokoak —Edward Robota, Essie Hollis eta Nate Davis, adibidez—. Euskal jokalari onenetako bat izan zen Azpiazu; kirol ibilbide oparoa egin zuen Donostiako Atletico, Askatuak, Gasteizko Kas eta Bartzelona taldeetan. 2016ko abenduaren 1ean hil zen, 72 urterekin. Urtebete lehenago, Askatuak-en 40. urteurrena ospatzeko taldeko jokalari izandakoak elkartu ziren. Ospakizun hartan elkartu ziren Robota, Hollis, Davis, Ubarretxena eta Azpiazu bera.

Edward Robota, Shegun Azpiazu, Estanis Ubarretxena, Essie Hollis eta Nate Davis Askatuak taldeko jokalari ohiak, 2015eko urrian, Donostiako Gasca kiroldegian. PABLO SCHNELL

Haien garaitik hona hainbat jokalari pasatu dira Askatuak-etik, eta, hain zuzen ere, ospakizunetarako denboraldia dute hasi berri den hau, klubaren 50. urteurrena dela eta. «Honaino iristeko zailtasunak izan ditugu, baina aurrerantzean jarraitzeko indarrez eta gogotsu gaude», esan du Almandozek. Irailaren 18an eman zieten hasiera ospakizunei, Gipuzkoa Basketen eta Bilbao Basketen arteko partida «gogoangarria» antolatu baitzuten, Donostian, Gasca kiroldegian.

Klubarentzat «garrantzi handiko» beste ekitaldi batzuk ere antolatuko dituzte, nahiz eta oraindik ez duten datarik zehaztu. Abenduan, esaterako, Saskoamets Eguna egingo dute, «saskibaloi inklusiboari ikusgaitasuna emateko». Izan ere, klubak desgaitasunen bat dutenentzako saskibaloi txapelketa bat antolatu nahi du lehen aldiz. Gabonetan, ohi duten gisan, hiruko saskibaloiko txapelketa egingo dute. Apirilean, kluben arteko topaketa bat egiteko asmoa dute, eta, denboraldiari amaiera emateko, ekainean, bazkari bat antolatu nahian dabiltza 50 urtean klubaren parte izan direnekin.