«’Bushcraft’-a ez da soilik basoan bizirik irauten jakitea, basoan bertan bizitzen jakitea baizik»

«’Bushcraft’-a ez da soilik basoan bizirik irauten jakitea, basoan bertan bizitzen jakitea baizik»

Panamako basoan ordu batzuez galduta ibili ondoren hasi zen Egoitz Salsamendi (Lasarte-Oria, 1979) egoera horietan bizirik irauteko teknikak ikasten. Horrela iritsi zen basoan bizitzeko teknikak biltzen dituen bushcraft-aren mundura. Euskal Herrian bushcraft-a praktikatzen dutenek berriki sortu dute Basque Bushcraft Society elkartea.

Zer da bushcraft-a?

Ez da azaltzeko gauza erraza, kontzeptu horren barruan mota askotako teknikak sartzen baitira. Gainera, normalean, bakoitza leku ezberdin batetik hasten da bushcraft-era hurbiltzen: ni bezala mendizaletasunetik datorrena, arrantzatik edo ehizatik datozenak… Horren arabera, bakoitzak modu ezberdin batean definitzen du. Baina gutxi gorabehera, basoan bizitzeko behar den jakinduria eta tekniken multzoa izango litzateke. Bushcraft-a ez da soilik bizirik irauten jakitea, basoan bertan bizitzen jakitea baizik.

Nondik dator?

Hitza ingelesa da, anglosaxoia. Han nahiko zabalduta dago bushcraft-a, eta hona duela urte gutxi iritsi da. Baina, izatez, Australiako eta Hegoafrikako basabizitzan dauka jatorria. Australiako aborigenek erabiltzen dituzten teknika eta ezagutzak dira asko. Han ez dauzkate Europan dauzkagun basoak. Sastrakadi gisakoak dira gehiago, eta bush deitzen diete. Hortik dator izena. Hegoafrikan, berriz, sabanan edo sastrakadietan bizi direnei bushman deitzen diete. Bushcraft-a, beraz, sastrakadi horretan bizitzeko ezagutza edo tekniken multzoa da.

«Ikerlari bat bederatzi egunez egon zen basoan galduta; beste batek hamar egun egin zituen, eta beste batek, 11»
 

Nola hasi zinen zu bushcraft-aren munduan?

Biologoa naiz, eta baita mendizalea ere. Aitaren familian ehiztari eta arrantzale asko zeuden, eta beti izan dut lotura estua naturarekin. Biologo gisa urteak eman ditut basoak eta mendiak ikertzen. Hain zuzen, unibertsitatetik atera nintzenean, ikerketan hasi nintzen lanean, eta Panamara joatea egokitu zitzaidan. Euri oihan tropikala ikertzera joan nintzen, Panamako kanalean dauden irletara. Mundu osoko ikerlariak joaten dira hara, eta konturatu nintzen asko galdu egiten zirela. Ni bertan nengoenean, ikerlari bat bederatzi egunez egon zen basoan galduta; beste batek hamar egun egin zituen, eta beste batek, 11. Ni ere galdu nintzen: hiru ordu egin nituen noraezean. Orduan konturatu nintzen bizirauteko beharrezkoa dela oinarrizko prestakuntza bat izatea.

Nola hasi zinen zeure burua prestatzen?

Lehendabizi oinarrizko gauzak ikasi nituen bizirauteko. Gero, konturatu nintzen mendian bizitzeaz ere gozatu nahi nuela, eta orduan hasi nintzen bushcraft-era gehiago hurbiltzen. Lehena bizirik irautea da, egoera txar batean zaudenean. Bestea, mendian bizitzeaz gozatzea.

«Mendian aurkitu dezakegun ura batzuetan ez da fidagarria, eta kantinplora ura egosteko erabil dezakegu»

Zer behar da mendian bizirik irauteko?

Bost gauza dira oinarrizkoak. Batetik, elementu meteorologikoetatik babesteko materiala: arropa egokia eta gauerako nolabaiteko babesa. Azken hori kanpin denda bat izan daiteke, baina guk normalean toldoak erabiltzen ditugu. Bigarrena labana bat izango litzateke, gauzak moztu eta beharrezkoak diren beste erreminta batzuk egiteko. Deshidratazioa izan daiteke beste arrisku bat, eta horri aurre egiteko kantinplora bat beharko dugu; ahal bada, metalezkoa. Mendian aurkitu dezakegun ura batzuetan ez da fidagarria, eta kantinplora ura egosteko ere erabil dezakegu. Eta hor berriz dator labanaren erabilera, sua egin behar badugu. Hurrengoa janaria izan beharko litzateke; hala ere, hainbat egun egin ditzakegu janaririk gabe.

Zenbat denbora iraun daiteke jan gabe?

Normalean, hirukoaren legea erabiltzen da: hiru minutu airerik gabe, hiru minutu hipotermian sartu arte, hiru egun urik gabe eta hiru aste jan gabe.

Zein da bizirauteko garrantzizko azken elementua?

Soka eramaten dugu guk normalean. Soka bera mendian egin daiteke, landareekin, baina denbora asko behar da, eta biziraupen egoera horretan denbora garrantzitsua da. Soka balia dezakegu arrantza egiteko, animalientzako tranpak jartzeko, babesleku izango den toldo hori bere tokian ondo tenkatuta jartzeko…

Zer egin behar da mendian galduz gero?

Sakelakoan seinalea daukazun begiratu. Horrek ez badu funtzionatzen, lehenengo eta behin, saiatu zeure burua lasaitzen. Adibidez, kantinplora badaukazu, urez bete eta ur pixka bat edan, eta zure egoera aztertu. Begiratu zer ordu den. Normalean, geure burua galduta ikusten dugunean, presaka eta korrika hasten gara norabait heldu nahian, eta hori da egin ditzakegun oker handienetako bat, gehiago galduko baikara hala. Oraindik gaua iristeko denbora falta bada eta mapa batean zeure burua kokatzeko gai bazara, saia zaitezke norabaitera iristen. Eta ez baduzu zeure burua kokatzen, lasaitu eta saiatu nolabaiteko leku babestu bat aurkitzen, gaua bertan pasatzeko.

Basque Bushcraft Society elkartea sortu duzue.

Bai. Gutxi gorabehera 50 bazkide gara, eta jende gehiago ere agertzen da. Denetarik daukagu elkartean: gai honekin denbora asko daramatenak, eta baita interesa piztu zaien nerabeak ere. Saiatzen gara ez dakitenei formazioa ematen, eta erakusten guk urteen poderioz zer ikasi dugun, baita horretan aditua den jendea kanpotik ekarrita ere. Urtean zehar hainbat irteera egiten ditugu. Oraingoz, gure helburua da bazkide bakoitzak gaitasuna edukitzea basoan bere burua babesteko. Hori lortuta dagoenean, gehiago zentratuko gara beste teknika batzuk ikasten.