Beasaingo Udalak sei desfibriladore instalatu ditu herrian: Usurbe antzokian, Urbiberri gizarte zentroan, udaletxean, Gernika pasealekuko pilotalekuan, Bideluze plazan eta Ezkierdi frontoian. «Eremu jendetsuak» direla esan du udalak, eta, horregatik, «ezinbestekoa» dela gune horietan gailuak eskuragarri egotea. «Beharrezkoa da ospitaletik kanpo izaten diren bihotzekoen ondoriozko heriotzen tasa murriztea». Horretarako, herritarren «berehalako esku hartzea» erraztu behar dela dio udalak, baita lehen sorospenetarako prestatu eta sentsibilizatzea ere. Izan ere, esan dute bihotzeko asko esparru publikoetan edo pribatuetan gertatzen direla, ospitaletik kanpo. «Kasu horietan, erantzuna egokia bada, bizirik irauteko aukerak %70etik gorakoak izan daitezke».
Gailuak erabiltzen jakin behar da, eta, hain justu, lehen laguntzari eta desfibriladoreen erabilerari buruz trebatzeko aukera izan dute beasaindarrek. Azken bi asteetan ikastaroak egin dituzte herriko hainbat gunetan: Urbiberrin, Murumendi eskolan, udaletxean, eta, azkena, lehengo ostegunean, Antzizar kiroldegian. Hamabost laguneko taldeetan jaso dituzte ikastaroak, eta ikasi dute nola erabili gailua modu «egoki» eta «eraginkor» batean.
«Denok jakin beharko genuke erabiltzen, edozein unetan salba baikenitzake bizitzak»
MARIA LOPEZ Erizaintza ikaslea
Ikastaroetako irakasleek esan dute desfibriladore bat erabiltzea «erraza» dela, baina erabiltzaileak «oinarrizko zenbait urrats» egin behar dituela erabili ahal izateko. Egoera ebaluatu beharra dago lehendabizi, eta, esku hartze bat egin behar dela ikusiz gero, «berehala» deitu behar zaie profesionalei, larrialdi zenbakiaren bidez. Bien bitartean, egiaztatu behar da pazienteak arnasten ote duen, eta baita bihotzak taupadarik duen ere. Arnasten ez badu edo arnasketa irregularra bada, desfibriladorea prestatu behar da. «Gailu automatikoek edo erdi-automatikoek ahots bidezko aginduak edo jarraibide bisualak ematen dituzte, lanak errazteko», esan du udalak. Beasainen instalatutakoak erdi-automatikoak dira, eta, horrenbestez, «arretaz» aditu behar dira gailuak agindutakoak.
Makinak, aurrena, gaixoari elektrodoak jartzeko eskatuko du. Bularrean kokatu behar dira. Normalean, bi puntutan jartzen dira: bata, bularraren goiko aldean, eskuinaldean, eta bestea, ezkerraldean, bihotzaren behealdean. Elektrodoak ondo itsatsita egon behar dira, eta, behin jarrita daudenean, desfibriladoreak pazientearen bihotzaren erritmoa aztertuko du. Gailuak automatikoki ebaluatuko du shock-a beharrezkoa den ala ez, eta, desfibriladoreak bulkada ematea beharrezkoa bada, aginduak emango dizkio erabiltzaileari. Shock botoia sakatu behar da hurrena, gailuaren jarraibideek eskatzen dutenean. Botoi horri emandakoan, inguruan dauden pertsona guztiek gaixoarengandik aldendu beharko dute. Bulkada emanda ere ez badu arnasten edo bihotza ez bada berriro martxan jarri, Bihotz-Biriketako Bizkortzea (BBB) fasera egin behar da salto, ahoz ahoko praktika ere deitzen zaion fasera. Orduan, desfibriladoreak berriro aztertuko du bihotzaren egoera, eta adieraziko du shock gehiago behar ote diren.
«Desfibriladore bat erabiltzea erraza da, eta bizitza bat salbatzeko aukera ematen du», esan du udalak. «Gailu horrek pazientearen bihotza nola dagoen aztertzen du, eta, bulkada elektrikoa ematen duenean, bihotza modu erregularrean hasten da berriro taupaka». Udalaren hitzetan, emaitzarik onenak lortzeko, desfibriladorea «lehenbailehen» erabiltzea da gakoa, baita laguntza profesionalari deitzea ere.
Herritar ororentzat
Erizaintza ikasle Maria Lopez beasaindarra ikastaroetan izan da, eta bere etorkizuneko ogibidean trebatzeko ikasi nahi du desfibriladorea erabiltzen. «Hasieran behar bat balitz bezala hartu nuen, baina gero jabetu nintzen gailu hauetako bat erabiltzen jakiteak duen garrantziaz», esan du. Horregatik, «ahalik eta prestatuen» egon nahi duela dio. «Desfibriladoreek nola funtzionatzen duten jakitea garrantzitsua da niretzat, etorkizuneko erizain gisa ez ezik, baita herritar gisa ere. Denok jakin beharko genuke erabiltzen, edozein unetan salba baikenitzake bizitzak».
Ikastaroetan izan da Nerea Fernandez erizaina ere. Ez du sekula desfibriladorerik erabili behar izan, baina lanean «argi» ikusi du edozein larrialditarako prest egon behar duela: «Desfibriladore bat erabiltzen ikastea erabaki nuen, edozein unetan diferentzia markatu eta bizitza bat salbatu dezakedala uste dudalako». Orain «seguruago» sentitzen dela dio, halako kasuren bat ikusiz gero gero jakingo baitu nola jokatu.
Desfibriladoreak erabiltzen ikasteko ikastaroa, asteartean, Beasainen. HITZA
Osasun arloko langileetatik harago, Lopezek eta Fernandezek herritar oro animatu dute desfibriladoreak erabiltzen ikastera. Beasaingo Udalak dio «edonork» egin dezakeen ekintza bat dela, eta hartara, larrialdi zerbitzuekiko mendekotasuna murriztuko litzatekeela. «Tresna horiek jartzeak kontzientziazio handiagoa eragiten du herritarrengan, eta osasun krisietan prestatuta egotearen garrantzia eta prebentzio zein interbentzio ohitura sustatzen du».