Hitza hartzea

Hitza hartzea

Isil-isilik pasatu izan ditu minutuak auto bidaietan, orduak ikastaroetan, egunak udalekuetan. Ez du jakin zer esan ez-dakit-non ez-dakit-nor ikusi eta agurtzera joan zaionean. Begiekin eta bekainekin adierazi izan du testuinguru askotan dena delakoa, hitzik esan gabe. Eztarrian geratu izan zaizkio hiru minutuz bere kolkorako memorizatu eta errepikatu dituen hitzak. Lagun taldeetan gehiengoari egin izan dio men, hizketaldian nola sartu ezin asmatuta. Ez du egiaz uste eta sentitzen duenaren inguruan askorik hitz egin izan. Entzun egin izan du pila bat, eta pentsatu, eta pentsatu zer esango lukeen, eta isildu. Gero, joan izan da etxera eta otu izan zaizkio une bakoitzean ahoskatu behar zituen hitz egokienak, eta eman izan dizkie mila buelta mini-elkarrizketa den-denei, eta erabaki izan du hurrengoan bai, bitan pentsatu gabe hitza hartuko duela. Zaila da, baina, ohituta ez dagoenarentzat.

Bueltak eta bueltak eta bueltak eman izan dizkio kontu horri. Deserosoa egin zaio askotan isilik egotea. Horregatik, batzuetan esnarazten du indartsu bere burua eta erabakitzen du «gaur ez naiz hain lotsatia izango». Ze ondo dago lotsa sentitzea-eta, baina batzuetan ez da lotsa, zer egin ez jakitea da. Irteten da etxetik, joaten da parkera, eskolara, lanera, kafetegira, liburutegira, kalera, eta ez du asmatzen nola egin.

Hitza hartzea omen da, gehien interesatu zaidan definizioaren arabera, mintzatzeko txanda iristean hitz egiten hastea. Alegia, esku erraldoi batek burua ukitzen dionean, edo foku handi batek musua argiztatzen dionean, edo nor esanguratsu batek bere izena ahoskatzen duenean, hitz egiteko txanda izango du. Itxaron, egon isilik, ez ezer esan, eta norbaitek dionean listo, zure txanda dela, ekin. Eta inolako esan nahi fuerteren batek hartzen badizu sabela, asko jota, eskua jasota itxaron, egon isilik, ez ezer esan, norbaitek esan arte listo, zure txanda dela. Garai batean ikasgela berean 23 ume berriketari gobernatzen ahalegintzen ziren hezitzaileek erakutsitako bidean. Orduan ere eskua jasota berak ematen zuen denbora gehien ikasgelan. Ez zuen denbora asko behar izan ikasteko hitza hartzeko heldu egin behar zaiola hitzari, inork txandarik esleitu ala ez.

Tokitxo hau nahi nuke aprobetxatu, bi astez behin nire txanda iristen denean, sentitzen dudanean esku erraldoi bat buruan, foku argiztatzaile bat musuan edo nor esanguratsu bat belarrietan, sabelean bueltak eta bueltak eta bueltak ematen dizkidaten hamaika kontu orriotan kontatzeko.

Hitzari heltzeko behar da ahotsa goratu. Ahotsa goratzeko behar da toki bat egin. Toki bat egiteko behar da sinetsi diozunean. Sinisteko behar da pentsatutakoaz seguru egon. Eta ez denak bere usteekin, pentsamenduekin eta ideiekin erabat seguru sentitzen, isil-isilik pasatu ohi ditu minutuak autobus bidaietan, orduak entrenamenduetan, egunak topaketetan. Hitza hartzea hitz egiten hasteko aurrera urrats bat egitea da. Eta hori zaila izan daiteke, toki ezagun zein berrietan, ohituta ez dagoenarentzat.

Bera ez naiz ni. Baina niretzat ere errazagoa da nire txanda iritsi dela esaten didatenean hitza hartzea. Horregatik, tokitxo hau nahi nuke aprobetxatu, bi astez behin nire txanda iristen denean, sentitzen dudanean esku erraldoi bat buruan, foku argiztatzaile bat musuan edo nor esanguratsu bat belarrietan, sabelean bueltak eta bueltak eta bueltak ematen dizkidaten hamaika kontu orriotan kontatzeko.

Hitza hartzeko toki bat izan behar da. Toki bat izan dadila, bada, hau, balioko didana niri hitzei heltzeko, eztarritik, begietatik eta bekainetatik igarotako hitzak esateko, eta balioko dizuena zuei hitzei heltzeko, eta eramateko hitzok zuen eztarri, begi eta bekainetatik harago.