Elena Arresek (Tolosa, 1966) Historia eta Geografia graduko lizentzia du, baina askotariko diziplinetan aritzen den artista bat da gaur egun. Haurra zela piztu zitzaion arterako interesa, eta interes hori ogibide bihurtzea erabaki zuen ikasketak bukatu berritan. 1989az geroztik ari da bere lanak munduko hainbat herrialdetan erakusten, hala nola AEBetan, Mexikon, Grezian, Turkian eta Frantzian. Erroetara itzultzea erabaki du orain, Kontaketak erakusketa inauguratu baitu berriki, Zumarragako Zelai Arizti kulturgunean. Arreseren (Tolosa, 1966) hitzetan, «barruko bidaia pertsonal» bat egiteko balio izan dio proiektuak. Astelehenean zabaldu zuten erakusketa, eta hilaren 28ra bitartean izango da bisitatzeko aukera.
Altzoko baserri batean bizi da Arrese, mendian, naturaz inguratuta, eta, hain justu, bere «inguruko paisaia, natura eta giza irudia» izan ditu inspirazio iturri. Azaldu du elementu horiek eragiten dizkioten emozio eta sentimenduak irudikatu nahi izan dituela, eta, bide batez, horien inguruko «gogoeta» bat sortu.
Etxe inguruko lurrei ez ezik, Urola ibarrari eta Zumarragari behatu die lanerako. Artistak bertako jaiak, herritarren arteko harremanak, kalean sortzen den giroa eta txikiteroen egunerokoa hartu ditu kontuan, besteak beste. Arreseren esanetan, Zumarragara eraman nahi izan du inguru horren «esentzia».
Elena Arreseren Kontaketak erakusketako obra bat, astelehenean, Zumarragako Zelai Ariztin. LIDE EGIZALA
Artistak «abstrakzioa» eta «figurazioa» erabili ditu Zelai Ariztin dauden lanetan, eta «kolore espresiboak» eta «ehundura lodiak» dira lanon ezaugarri nagusiak. «Artista materikoa» dela dio, elementu eta material desberdinak lantzen baititu geruza desberdinak sortuz. Hori dela eta, erliebe greko-erromatarrekin alderatzen du bere lana. Horrez gain, esan du «nahastea eta esperimentatzea» ere badirela bere obren gakoetako batzuk: «Geruzak eratuz joaten naiz material desberdinak nahastuz. Gehienetan, nahiz eta badakidan noiz hasten den obra, ez dakit noiz amaitzen den. Esperimentatuz joaten naiz, eta asko kostatzen zait obra bat amaitutzat ematea». Haren obretan espresionismo zantzuak aurki daitezke, baina artistak argi dauka ez zaiola gustatzen bere lana mugimendu edo estilo bakar batera mugatzea. Gainera, inspirazio iturriak «nonahi» aurkitzen dituela dio, estilo desberdinetako artistengandik ikasitakoak.
Menchu Gal eta Juan Luis Goenaga euskal artisten lanak izan ditu eredu estiloa definitzeko garaian. Areago, Arreseren lanek badute Goenagarenekin antzik: pintzelkada azkarrekin egindako «obra materiko» eta «energia handikoak» dira haren lanak ere.
23 obra
Kontaketak erakusketan, formatu ertain eta txikiko koadroak daude oro har, baina badago tamaina handikorik ere. 23 obrako erakusketa bat sortu du Arresek Zelai Ariztirako. Teknikari dagokionez, teknika mistoa izendatu duen teknika erabili du: olio pintura, akrilikoa, tindagaiak, esmalteak, pasta, erliebeak eta collagea nahastuz. Gainera, obrak metalezko elementuekin ere aberastu ditu.
Koadro batzuetan, naturan dauden elementuek hartzen dute garrantzia: lore koloretsuak, ibaiak, mendiak eta larreak ageri baitira. Beste koadro batzuetan, berriz, giza irudia da protagonista: txapeldun gizonezkoak edota emakumezko arrain saltzaileak irudikatu ditu. Albo batean, Urolako ibarrean inspiratutako koadroak kokatu ditu, eta beste aldean, Altzoko ingurune naturalean oinarritutako lanak. Lanak bi taldetan sailkatu dituen arren, Arreseren estiloa nabarmentzen da aretoko bi muturretan. Koloreak dira haren lanen ezaugarri nagusia. Hark dioenez, «barne korapiloak» azaltzeko tresna bezala erabiltzen du kolorea. Gauza bera dio ehundurez ere. Izan ere, ehundurak bere «barneko tolesak eta sentimenduak» islatzen dituela dio.
Elena Arreseren Kontaketak erakusketa, astelehenean, Zumarragako Zelai Arizti kulturgunean. LIDE EGIZALA
Arresek «esperimentazioa» hartzen du oinarri gisa lan egiteko, eta «kaosetik kosmoserako» bidaia egiten du hala. Dioenez, «ez da kasualitatea» lan egiteko modu hori erabiltzea. Margotzea «askatasun mekanismo» bat da harentzat, sentitzen duena islatzeko modu bat, eta baita «arimaren adierazpenik garbiena» ere. Horrenbestez, «askatasun osoz» sortzen ditu lanak, «inolako metodo edo loturarik gabe». Nahiz eta margotzea duen ogibidea, «gustura» egiten duela dio, «terapia moduko bat» dela, eta barrua arakatzeko eta «sufrimenduari aurre egiteko» baliagarri zaiola. Ezinezkotzat jotzen du bere bizitza pinturarik gabe.
Libreki margotzen badu ere, badauzka zenbait ohitura lan egiteko orduan. Musika entzutea da horietako bat. Hori gabe ere margotu dezakeen arren, askotan inspirazio iturri zaiola dio. Bakarrik egoteak ere asko laguntzen dio: «Nire espazioan egon behar dut, nire gauzen artean, lasai».
Arresek betidanik margotu izan du, baina duela zazpi urte ekin zion berriro erakusketak egiteari. Dekorazioetarako horma irudi artistikoak egiten aritu izan da urte askoan, eta erakusketak alde batera uztea erabaki zuen aldi baterako. Dena den, era batera edo bestera, inoiz utzi ez du utzi artea, eta argi dauka bizitza osoan jarraituko duela artea egiten.
Zenbait proiektu
Margolari izateaz gain, bi markaren sortzaile ere bada Arrese: Mitxoletak artisau albumarena eta Art-Panel arte mural handiena. Bi marka horien zuzendari artistikoa eta disenatzailea izan da, eta sariak ere jaso ditu «originaltasunagatik» eta «kalitateagatik». Foto-Ventas saria jaso zuen 2003. urtean, Bartzelonan, eta 2009an, Urteko Produktu Berritzailearen Saria, Varsovian.
Hortaz, Arresek badu eskarmentua artean, eta artea gustuko duen orori luzatu dio inauguratu berria den Kontaketak ikustera joateko gonbita, uste baitu «irudimena lantzeko» eta nork bere ondorioak ateratzeko modu «polit» bat dela. «Artearen hizkuntza unibertsalak ondoan ditugunekin komunikatzeko eta ikasteko aukera eskeintzen du». Astelehenetik ostiralera izango da erakusketa bisitatzeko aukera, 9:30etik 13:30era, eta 15:00etatik 20:30era. Larunbatetan, berriz, 10:00etatik 13:30era. Doakoa da sarrera.