Pasaiako Trintxerpe Atletiko klubak ia 50 urte daramatza kausa sozialetan murgilduta. 1979an sortu zen, «droga eta heroina herrian errotuta» zeuden garaian, eta orduan udalerrian «drogaren menpean zeuden gazteei aterabide bat» eskaini behar zitzaiela adierazi du Josetxo Maneiro klubeko presidenteak. Hori dela eta, garai hartan talde mordoa sortu zirela esan du Maneirok, Trintxerpe Atletiko tarteko. Kluba iniziatiba sozial batetik eratu zen, beraz, eta «ildo solidario» horri eutsi diote kluba sortu zenetik. Hain zuzen ere, ekintza solidario bat gauzatu dute berriki: Recicletak. Klubak 50 bizikleta lortu ditu, Pasaiako Udalaren biltegitik jasota eta hainbat herritarrek emanda, bizikleta horiek gaitu egin dituzte, berrerabiltzeko moduan jarri, eta «beharra duten herritarren artean» banatu dituzte horietako batzuk. 25 bizikleta eman dituzte, oraingoz.
Recicletak proiektuaren helburua da «zakarretan» bukatuko luketen bizikletei beste bizialdi bat eman, konpondu, eta beharra duten herritarrei ematea. Bizikletak gaitzeko, Ortzadar ikastetxeko ikasleen laguntza izaten dute, lankidetza itun bat baitute sinatuta haiekin. Ortzadarrek gizarte, hezkuntza eta lan integrazioa sustatzen ditu bazterketa arriskuan daudenen artean, eta Maneirok esan du Atletiko Klubaren «elkartasun ildoaren beste adierazle bat» dela hori.
Recicletak ez da hutsetik sortu, Trintxerpe Atletiko duela 25 urte murgildu baitzen gisa horretako proiektuetan. Klubak Mali Elkartasuna elkartearekin harremana zuen, eta elkartearen bidez, bizikletak bidaltzen zituzten Malira. Gerora, arazo batzuk tarteko, bizikletak bidaltzeari utzi zioten, «asko ez baitziren behar zen tokira iristen». Klubean bizikleta ugari zituztela kontatu du Maneirok, eta argi zuten «aterabide bat» eman behar zitzaiela. Pasaiak «behar asko» dituela esan du, «herri umil» bat baita. Hori dela eta, bizikletak gaitzen hasi ziren, halakoen beharra zutenei emateko, doan. Jakinarazi du eurengana jotzen dutenak «bazterkeria egoeran» egoten direla, oro har. «Guk ez dugu inoiz dirua eskatuko; gauzak eman egiten dizkigute, gure denbora da geuretik jartzen dugun bakarra, eta gustuko dugu lan hori egitea», esan du Maneirok.
Donostiako Ortzadar ikastetxeko bi ikasle, 2021ean, bizikleta bat konpontzen. ORTZADAR IKASTETXEA
Egiten duten lanak «asebeteta» uzten dituela dio Trintxerpeko klubeko presidenteak, ikusten baitute bizikleta horiek «beste bizitza bat» izango dutela. Horrez gain, «mugikortasun jasangarria» ere bultzatu nahi dute: «Nahi duguna da jendea bizikletan mugitzea. Gaur egun errazagoa da, bidegorri asko baitauzkagu. Posible da, eta kultura horretan murgildu behar gara». Horrenbestez, beste erabilerarik eman ezean, «zaborretan» bukatuko luketen materialei irtenbide bat bilatu nahi die klubak. «Donostian mila bizikleta inguru botatzen dira urtero zakarrontzira. Ikaragarria da hori, eta horrela ezin dugu jarraitu».
Presidenteak aurreratu du badutela beste proiektu bat esku artean: Saharako Tindufeko kanpamentuetara bidaltzeko bizikleta batzuk diseinatzen ari dira, garuneko paralisia duten haurrentzat. «Jakina da haur haientzat ona dela mugitzea. Bizikletak askatasuna ematen du, eta asko laguntzen die fisikoki eta mentalki». Hamar bizikleta egokitu sortuko dituzte. Batzuk Kantabriara (Espainia) joango dira, uda bertan pasatzen duten haur saharar asko joaten delako hara. Gainerako bizikletak Tindufeko kanpamentuetara bidaliko dituzte; basamortuko harea dela eta, gurpil zurrun batzuk egingo dituzte Ortzadarreko kideek, hango egoerara egokitu ahal izango direnak.
Egunerokoa, Trintxerpen
Trintxerpe Atletiko Klubak auzoan bertan egiten du lan. Gaur egun, tailer eta biltegi bat dituzte, eta han aritzen dira eguneroko jardunean. Bertan gordetzen dituzte bizikletak eta bizikleten osagarriak, eta konponketa lanak ere bertan egiten dituzte. Lanerako toki bat badute ere, Maneirok esan du «lokal handiago bat» edukitzea gustatuko litzaiekeela, lanerako «aukera gehiago» emango baitizkie horrek.
«Guk ez dugu inoiz dirua eskatuko; gauzak eman egiten dizkigute, gure denbora da geuretik jartzen dugun bakarra, eta gustuko dugu lan hori egitea»
JOSETXO MANEIRO Trintxerpe Atletiko klubeko presidentea
Klubaren jarduna, baina, ez da bizikletak gaitu eta banatzera mugatzen. Izan ere, bestelako jarduerak ere antolatzen dituzte, hala nola bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroak, mekanika tailerrak edota mugikortasun edo adimen urritasuna duten pertsonei begirako jarduerak. Horrez gain, urtero azoka solidario bat egin nahi dutela esan du presidenteak, «behar duenak behar duena hartu eta eraman dezan». Izan ere, Maneiroren hitzetan, Trintxerpe Atletikok «gizarte justuago bat eraikitzen jarraitu» nahi du.