Doinu moreak sortzeko urratsak, Tolosan

Doinu moreak sortzeko urratsak, Tolosan

Tolosako Jabetze Eskolak udazkeneko eta neguko programazioa aurkeztu du berriki. Ohi duten gisan, askotariko jarduerak antolatu dituzte, baina azaldu dute programazioaren barruan badela erronka nagusi bat: emakumez osatutako txaranga bat sortzea. Izan ere, Jai Berdinzaleen Behatokiaren arabera, Tolosako txaranga taldeetan «eskasa» da emakumeen presentzia. Horrenbestez, egoera hori iraultzeko, arlo horretan berdintasunaren alde egitea erabaki dute Tolosako Andragora Emakumeen Etxearekin. Hamar saioko ikastaro bat antolatu dute, eta Ines Osinaga musikariak gidatuko ditu saiook. Urriaren 23an egingo dute aurrenekoa, Andragoran, 18:00etatik 20:00etara. Zehaztuak dituzte datozen saioen egunak; azaroaren 6an eta 20an, abenduaren 4an eta 18an, urtarrilaren 15ean eta 29an, otsailaren 12an eta 26an eta martxoaren 1ean izango dira, lehendabizikoa egingo den ordu eta leku berean. Inauterietan egingo dute azken saioa, eta kalejiran aritzeko asmoa dutela aurreratu dute Andragorako kideek, «kaleak hartuz eta plazak betez».

Osinagak kontatu du bere ibilbide profesionalaren zati bat Arrasateko Jabetze Eskolako espazio ez-mistoetan egin duela, «feminismoaren, transmisioaren eta ahalduntzearen begirada landuz». Halako espazioetan eskarmentua baduen arren, lehen aldiz dinamizatuko du txaranga bat sortzeko ikastaroa. «Ni plazatik nator, baina musika irakaslea naiz formazioz, eta hainbat musika eskolatan egin dut lan nire ibilbidean zehar; batez ere, musika eskola txikietan», esan du. «Horrelako musika eskoletan oso ohituta gaude taldeak sortzen dauzkagun baliabideekin».

«Gure artean elkar ezagutuko dugu aurrena, espazio seguru bat sortuko dugu, loturak, aliantzak… Eta berme horiek guztiak ezartzean, elkarrekin musika egiten hasiko gara»
INES OSINAGA Musikaria

Osinagak esan du «oso zehatza» dela ikastaroaren helburua: emakume musikariek espazio publikoa hartzea. «Txaranga bat zer den ezagutzen hasiko gara, eta errepertorioa landuko dugu gero, emakume musikariek espazio publikoa hartzea ahalbidetuko duen ahalduntze prozesua abian jartzeko». Osinagak dio ez dakiela zer-nolako txaranga sortuko duten, baina argi du zer urrats egin behar diren: ikastaroan batuko diren andrazkoen desirak zein diren aztertu, eta ideiak finkatu ondoren sortuko dute taldea.

Ines Osinaga musikaria, 2022an, Saturraranen (Mutriku). JONE ALBENIZ

Saioen dinamizatzaileak dio txaranga bat sortzeko garaian, oro har, kide bakoitzak rol bat hartzen duela. «Baina nire ikuspegia ez da hori izango», aurreratu du. «Ikastarora datozenek ez dute zertan ondo egin, eta ez dute aurrez jakin beharrik txaranga batean jotzen, denok elkarrekin ikasiko baitugu». Txaranga bat «banda informal» bat dela dio Osinagak, eta kontzeptu horri helduko diotela azaldu du. «Modu informalean arituko gara: honek pixka bat joko du, nik beste pixka bat joko dut, eta denona izango den zerbait sortuko dugu». Horretarako, «taldea sortzea» izango da ikastaroaren lehen asmoa. «Gure artean elkar ezagutuko dugu aurrena, espazio seguru bat sortuko dugu, loturak, aliantzak… Eta berme horiek guztiak ezartzean, elkarrekin musika egiten hasiko gara».

Izen emateak

Osinagak oraindik ez daki zehazki zenbat diren parte hartzaileak, baina jakinarazi du gainditu dutela lehen egunean jarri zuten gehienezko kopurua. Are, izen emate gehiago jasotzen ari dira egunotan. «Ez dakit oso ondo zein izango den parte hartzaileen profila, baina argi dago tolosar ez-gizonezko eta emakumezko musikazaleek Tolosako inauterietan txaranga batekin ateratzeko gogoa dutela». Horren isla da, hain zuzen ere, izen-emate kopurua.

Osinagak uste du orain arteko espazio faltaren seinale dela ikastaroetan izena emateko grina. «Tolosan orain arte ez dute txaranga bat sortzeko espaziorik izan, eta horrekin ez dut esan nahi emakumeek ezin izan dutenik txarangetan parte hartu. Badira txarangetan ari diren emakume batzuk, eta, gainera, ez diegu balioa kenduko, beste edozeinek baino lan gehiago egin behar izan baitute hor egoteko, ziur», esan du abeslariak. «Seguru beste edozeinek baino askoz hobeto jo behar izan dutela eta beste edozeinek baino indar eta gogo handiagoarekin egin behar izan diotela aurre erresistentziari».

«Neska gazte tolosarrentzat garrantzitsua da jakitea euren herrian lekua dutela, baina, horretarako, aurrekariak sortu behar dira»
INES OSINAGA Musikaria

Musikariaren ustez, herri batek ezinbesteko ditu «tokian tokiko ekosistema kultural eta herriaren egitura espezifikoari begira pentsatuta dauden ekintza inspiratzaileak». Nolanahi ere, argi du txarangaren kontzeptuak ez duela herri guztietan funtzionatuko, baina, haren ustez, «ez da kasualitatea» Tolosan txaranga bat sortu nahi izatea. «Tolosarra izanda, inauterietan txaranga baten parte izateak balio erantsia duen zerbait da, eta neska gazte tolosarrentzat garrantzitsua da jakitea euren herrian lekua dutela, baina, horretarako, aurrekariak sortu behar dira». Horregatik erabaki dute entseguak Tolosaldeko Emakumeen Etxean egitea. «Espazio seguru bat sortu nahi dugu, gizon ez garenok gure artean saretzeko, ahalduntzeko eta zaintza bat bermatzeko».

Zabalik dago oraindik matrikulazio epea, udalaren webgunean —Tolosakoudala.org/berdintasuna/—. Informazio gehiago, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxera —943-00 89 67— edo Tolosako Udaleko Berdintasun Sailera —688-86 90 23— deituta lor daiteke, bai eta bertaratuta edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzita ere.