Klima aldaketa eta osasuna, bero-beroan

Klima aldaketa eta osasuna, bero-beroan

«Klima aldaketa azkartuz joango da, eta, ondorioz, inpaktu kaltegarriak ekarriko dizkie pertsonen osasunari eta ongizateari». Ondorio zuzenak ditu klima aldaketak osasunean. Naturklima klima aldaketaren Gipuzkoako fundazioak txosten bat argitaratu berri du: Klima aldaketaren inpaktua eta harekiko kalteberatasuna Gipuzkoan. Mundu osan, 2023. urtea izan zen urterik beroena. Industria aurreko garaitik, 1,45 gradu igo da batez besteko tenperatura.

Iaz, Gipuzkoako estazio meteorologikoek 14,2 graduko tenperatura neurtu zuten batez beste. Azken 30 urteetako batezbestekoarekin alderaturik, 0,67 gradu igo zen tenperatura 1981 eta 2010 artean, Naturklimako adituen arabera. Txostenean azpimarraturiko datu nagusietariko bat da 2015etik 2023ra gehiegizko tenperaturak 398 lagun hil zituela Gipuzkoan. 65 urte baino gehiagokoak ukitu zituen gehien. 2015 eta 2023an hil zirenen artetik, 382 lagunek 65 urte baino gehiago zituzten.

Prezipitazioen kopurua gehiegi aldatu ez den arren, txostenean agerian eman dute 1981-2010ean kalkulaturiko batez besteko historikoa baino %4,1 apaldu dela. Joera «kezkagarria ez bada ere», patroi meteorologikoek hurrengo urteetan izan daitezkeen aldaketak markatzen dituzte. Bestalde, tenperatura handien eragin zuzena da udak luzatu egiten ari direla. Adituek zehaztu bezala, hamarkada bakoitzean udak bi eta bost egun inguru gehiago ditu.

Joera «kezkagarria ez bada ere», patroi meteorologikoek hurrengo urteetan izan daitezkeen aldaketak markatzen dituzte.

Halaber, klima aldaketak eraginiko muturreko gertakari meteorologikoak emendatuko diren heinean, horiei loturiko arriskuak geroz eta handiagoak eta kontuan hartzekoak direla adierazi dute txostenean. Esaterako, itsasoaren mailaren igoeraz ohartarazi dute ikerketan. Bizkaiko Golkoa hamarkadaka 2,5 zentimetro igotzen ari dela nabarmendu du. Itsasoa berotuz doala jabeturik, 1980ko urteetatik hona, hamarkadaka 0,20 eta 0,26 gradu artean berotu da.

Eritasun bektoreak

Klima aldaketak eraginiko tenperatura beroengatik eritasun bektoreak emendatzeko arriskua ezagutarazi dute ikerketa horretan. Izan ere, tenperaturak igotzen ari direnez, hainbat eritasun infekziosoren bektoreen bizi zikloa eta espazioa aldatzen ari da. «Bektore horietako batzuk, klima aldaketaren, beren egokitzeko gaitasunaren eta globalizazioaren ondorioz, asko zabalduko dira». Hori horrela, Euskal Herritik kanpo etorririko espezie batzuk jada Gipuzkoan egonkortuak direla erakutsi dute.

Eltxo tigrearen eta eltxo japoniarraren kasua da, batik bat. Jakina da eltxo horien bidez transmititzen direla eritasun batzuk: dengea, Chikungunya birusaren gaixotasuna, sukar horia edota filariasi linfatikoa. Lehenbiziko aldiz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eltxo tigrea 2014an detektatu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Geroztik, haren egonkortzea nagusiki Bizkaian eta Gipuzkoan gauzatu da. Eltxoak, larba faseak garatzeko, ur geldiko eremuak behar ditu, hala nola ontzietan, loreontzietan edota bidoietan. Azken finean, ura bil daitekeen edonon ugal daitezke. Eltxoen ugalketa zabaldu ez dadin, hazkuntza foku posible guztiak deuseztatzea aholkatzen du Jaurlaritzako Osasun Sailak, ur metaketak saihestuz, ura biltzen duten kanpoko ontziak garbituz edota eltxoen kontrako sareak leihoetan emanez.

 

398

2015-2023 artean Gipuzkoan zenbat lagun hil diren gehiegizko tenperaturagatik.

1,45 gradu

Industria aurreko garaitik, batez beste zenbat igo den tenperatura.

0,20-0,26 gradu

1980ko urteetatik hona hamarkadaka zenbat berotu den itsasoko tenperatura.

Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak adierazia du eltxo tigrearen zabalpena kontuan hartzekoa dela. Espeziearen hedapena saihestea denon ardura dela dio. «Eltxo tigreak erronka bat dira oraindik ere Euskadin, eta prebentzio neurri egokiak hartzeak eta erakundeen, ikerketa arloaren eta herritarren arteko etengabeko lankidetzak eragina minimizatzen eta osasun publikoa babesten laguntzen du».

Eltxoak ez ezik, akainek transmitituriko eritasunen hedapena argitara eman dute Naturklimaren txostenean. Hain zuzen, Gipuzkoan Lyme eritasunaren intzidentzia igo egin dela detektatu baitute. Ez badira neurri egokiak hartzen gaitz horren hedapena oztopatzeko, ondorioztatu dute ondoko urteetan intzidentzia igo egingo dela. IO fundazioaren arabera, Espainiako Estatuan Lyme eritasunaren intzidentzia tasa 0,3 kasukoa da, eta, batez beste, ehun mila ospitale kontsulta izaten dira akainen ziztaden ondorioz.

Prebentzio eta babes neurriak

Bektore bidez transmitituriko eritasunei dagokienez, Naturklimaren txostenean ez dute prebentzio neurririk argitaratu. Osasun Sailak, berriz, hainbat gomendio eratu ditu. Alde batetik, ziztada jaso ondotik aktibatu beharreko protokoloa zehaztu du. Bestetik, Mosquito Alert aplikazioa sortu du eltxo tigrearen banaketa eta hazkuntza detektatzeko. Tresna horren bidez, herritarrek ohartaraz dezakete eltxo tigrearen presentzia, eltxoa geolokalizatuz eta aplikazioan argazki bat jarriz.

Gipuzkoan, Lyme eritasunaren intzidentzia igo egin dela detektatu baitute. Ez badira neurri egokiak hartzen gaitz horren hedapena oztopatzeko, ondoko urteetan horien intzidentzia igoko dela ondorioztatu dute.

Oro har, tenperatura igoera orokorrak jendearen zaurgarritasuna areagotzen du. Batez ere, haurrak, adinekoak eta aurrez patologiak edo eritasunak zituzten pertsonak ahultzen ditu. Gehiegizko tenperatura arrisku gisa definitzen du Naturklimak. Ondorioz, gehienik prebentziorako eta norberaren babeserako neurriak proposatzen dituzte: zainketa pertsonala, kolektiborik zaurgarrienen zaintza, barnealdeko prebentzioa eta ariketa fisikoa egitea.

Lan esparruan hedatzeko proposamenak ere eskaini dituzte txostenean, heldu diren hamarkadetako tenperatura igoerari aurre egiteko. Jada ezagunak diren arren, lan eremuko neurrietan langileei informazioa eta prestakuntza eskaini beharko zaiela esaten dute, baita beroari aurre egiteko ordutegia moldatzea eta lan karga egokitzea ere. Nahi eta nahi ez, neurri horiek lan prozesu orokorra aldaraziko lukete datozen hamarkadetan.