«Oso prozesu polita izan da, naturala izan delako»

«Oso prozesu polita izan da, naturala izan delako»

Eguerdian ikastolatik atera eta bizikletan etorri da Xuhar Epelde Loiola (Zarautz, 2016) bere ama Nerea Loiola Pikazarekin (Deba, 1985), Zarauzko Kikara tabernako terrazara. Biek Miraren mendekua liburua (Erein, 2024) aurkeztu dute urrian. Eskapu txiki bildumako lehen eskapu liburua da ama-semeek idatzi dutena. Elkarrekn hasi ziren obraren sorkuntza prozesuan.

Nola sortu zitzaizuen Miraren mendekua eskapu liburua egiteko ideia?

NEREA LOIOLA: Jatorrian dago 2022an hasi nintzela eskapu liburuak argitaratzen. Xuharri nik ahots goran irakurtzen nizkion, eta asko gustatzen zitzaizkion. Orduan, aurtengo urtarrilean oporretan geundela, Gasteizen, mendi buelta bat egin ondotik Xuhar etorri zen, eta esan zuen…

XUHAR EPELDE: Ez da justua!

LOIOLA: Niri esan zidan hori, baina ez nekien zer ez zen justua.

EPELDE: Ez zen justua nire adinekoentzat eskapu libururik ez izatea.

LOIOLA: Hori da, eskapu liburu guztiak 10 urtetik gorakoentzat dira, eta Xuharrek, nahiz eta irakurtzen jakin, ezin zituen irakurri. Eta, gurasook askotan arazoak gainetik kentzeko egiten dugun bezala, Xuharri esan nion nahi bazuen liburu bat egin genezakeela, eta esan zidan ideia bat zeukala buruan.

Hasierako ideia hori nola garatu zenuten?

LOIOLA: Mendian ginenean, ideiak grabatzen hasi ginen. Gero ikastola hasi zen, eta zer gertatu zen, Xuhar?

EPELDE: Hortik bi astera gaixotu egin nintzen.

LOIOLA: Ondoren, pixkanaka-pixkanaka indarberritzen hasi zenean, ez ninduen bakean uzten lasai lan egiten. Aspertua zegoenez, proposatu nion liburuaren ideia berriz hartzea. Xuharrekin nahi nuen denbora hori pasatu eta, ordu dezente eman ondotik, ikusi nuen ideia bat genuela esku artean. Erein argitaletxeari proposatu nion ideia, eta proiektua horrela eraman nien.

«Ez zen justua nire adinekoentzat eskapu libururik ez izatea»XUHAR EPELDE LOIOLA Ikaslea

Pertsonaiak nola sortu dituzue elkarrekin?

LOIOLA: Begira, hementxe dauzkat esku artean Xuharren lehen zirriborroak. Pentsatutako hasierako izenburua Nor ote da? izan zen, eta lehen eszena asmatzen hasi ginen nolabait, eta gero zer gertatuko zen pentsatzen. Etxean nor egongo zen galdetu genion geure buruari, eta aitona bat bazegoela argi zeukan Xuharrek. Oso argi zeukan pertsona misteriotsu batek egon behar zuela, kriskitin egiten zuen pertsona batek. Gaixo zegoen aste horretan esan zidan Xuharrek: «Pertsona hori trol bat da!». Istorioa osatu ahala joaten dira pertsonaiak sortuz. Eskemak egin genituen, eta, justu egun batez, sukaldean nintzen bitartean, Xuharrek idatzi zuen ideia hau, adibidez: «Mutila trol bat da, zurekin haserre dago, eta ez dakizu zergatik». Apunteak hartzen aritu ginen, eta horrela sortu zen dena.

Eta kontakizunaren erdigunean dagoen aitona?

LOIOLA: Xuharri atera zitzaion aitonarena.

EPELDE: Bai, besterik gabe, aitona bat.

LOIOLA: Gero egia da ilustratzaileak aitona bat marraztu behar zuela, eta nor marraztu zuen?

EPELDE: Gure aitona.

LOIOLA: Hala da, nire aita da marrazkietan agertzen den hori. Hasieratik argi geneukan protagonista, haren aitona eta kriskitin egiten zuen pertsonaia. Hiruren arteko uztarketan eta harremanean oinarritutako zerbait izango zela bagenekien, baina ez genekien zer oraindik.

Zaila egin zaizu amarekin liburua egitea?

EPELDE: Ez, ez da zaila izan. Asko esplikatu zidan amak, eta errazago izan zen dena.

Zuri, Nerea, zer eman dizu Xuharrekin obra hau gauzatzeak?

LOIOLA: Oso polita izan da prozesua, naturala izan delako. Ilusio handia egin zidan denbora hori Xuharrekin batera emateak. Hurrengo urratsera joan ginenean eta ikusi genuenean bazegoela zerbait eta, gainera, hasiera emango geniola eskapu liburu baten serie bati, sekulako ilusioa egin zidan!

«Ilusio handia egin zidan denbora hori Xuharrekin batera emateak»NEREA LOIOLA PIKAZA Idazlea

Enigma batzuk ebatziz irakurri behar da liburua…

LOIOLA: Bai. Adibidez, liburuaren hasieran dagoen hizki zopa Xuharrek egin zuen. Beste enigmak Exit eta halako jolasetatik hartu, eta begiratzen hasi ginen zein izan zitekeen egokiena paperera ekartzeko.

Emaitzarekin pozik?

EPELDE: Gustatu zait, bai. Beste azal bat prestatu nuen, baina hasierako izenburuarekin.

LOIOLA: Prestatu zuen azal proposamen bat, eta Ivan Landa ilustratzaileari pasatu genion. Gero Ivanek beste azal bat egin zuen, eta esan zizun zure azalean oinarritu zela, Xuhar.

EPELDE: Bai, eta tituluko bi letra horien marrazkia atera zuen.

LOIOLA: Xuharren ideia izan zen azalean degradatua egitea ere, eta ilustratzaileak horri eutsi dio.

Aurkezpenak egitekotan zaudete.

LOIOLA: Bai, Garoa liburu dendan aurkeztuko dugu datorren ostiralean, Zarautzen. Espero dut Xuharrek gaur baino gehiago hitz egitea… Prozesua ilusio handiz bizi izan du. Ikusi ahal izan du hasierako ideia hori nola sortzen den eta testua nola egiten den. Ilustratzailea ere hor izan da, prozesu guztian zehar Xuharren ondoan ekarpenak egiten.

Klasean erabiltzen hasi dira jadanik liburua?

LOIOLA: Bai. Xuharren klasean irakurtzen ari dira. Laguntzen diezu enigma onak aukeratzen?

EPELDE: Ez, eta, oraingoz, dena gaizki aukeratu dute…