Etorkizuneko belaunaldien ereduak, paneletan

Etorkizuneko belaunaldien ereduak, paneletan

Jakiunde akademia, Europako zientzia akademiekin konparatuz gero, berri samarra da. Hain justu, duela hamazazpi urte sortu zen, eta zientzian, artean eta letretan adituak direnen topagune izateko asmoz jarri zuten abian. Aditu horien ezagutza gizarteratu nahi du akademiak, jendeari hausnarrarazteko, etorkizuneko belaunaldiak inspiratzeko eta garaian garaiko erronken aurrean «bide berriak» proposatzeko. Asmook betetzeko, askotariko ekinbideak antolatzen ditu akademiak, hala nola hitzaldiak, solasaldiak eta erakusketak. Horren adibide da Hondarribian jarri berri duten 24 Emakume zientzian, artean eta letretan kale erakusketa. Zortzi panelek osatzen dute erakusketa, eta Harresilanda kalea izango dute erakusleiho, urriaren 27ra bitartean.

Adituen ezagutza gizarteratzeko asmoz sortu zuten erakusketa ibiltaria. Gizarteari aditu horien berri nola eman pentsatzen ari zirela otu zitzaien funtsezkoa dela gazteengana jotzea; «bereziki, neska gazteengana», esan du Jakeline Barker Jakiundeko idazkari nagusiak. Hortaz, zortzi panelez osatutako kaleko erakusketa bat sortu zuten. 24 emakumeren argazkiak ageri dira panelotan, zientzian, artean eta letretan lan egiten dutenak. Argazki bakoitzak testu labur bat dakar azpian, emakume horien lanbidearen gaineko azalpen batekin. Testuaren alboan QR kode bat dago, eta minutu bat irauten duen bideo batera bideratzen dituen ikusleak. Barkerrek esan du argazkietan ageri den emakume bakoitza «sakonago» ezagutzeko aukera ematen dutela bideoek: «Batzuek beren lanari buruz hitz egiten dute: hautuari buruz, egunerokoari buruz… Beste batzuek, berriz, lana bizitza pribatuarekin nola uztartzen duten azaltzen dute». Begoña Garcia Zapirain Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Katedradunak eta Ingeniaritza Biomedikoaren koordinatzaileak, esate baterako, bere bi pasioez hitz egiten du bideoan: ikerkuntzaz eta bere familiaz.

«Gizarte osoari zuzendutako erakusketa da, edonon geratzen da ondo, neska gazteen erreferente izateaz gain, gizarte osoarenak ere badirelako emakume horiek»
JAKELINE BARKER Jakiundeko idazkari nagusia

Barkerrek azaldu du erakusketaren helburua dela «neska gazteek etorkizunean bete ahal izango dituzten rol desberdinak» ezagutzea, adibide zehatzen bidez. «Gizarte patriarkal batean bizi gara. Beraz, kultura jakin batean murgiltzen gara, horrela hazten gara, eta, askotan aukerak ikusten ditugun arren, ez dugu uste gu hor egon gaitezkeenik». Andreek beren burua gutxiesteko joera dutela gaineratu du. «Askotan, gizarteak oztopoak jarri baino gehiago, guk jartzen dizkiogu geure buruari, ez dugulako sinisten halako lanak egiteko gai izango garenik».

«Bizitzak ateak irekitzen dizkizu, ez itzazu zuk itxi». Itziar Astiasaran Jakiundeko jarduneko lehendakariordearen hitz horiek ekarri ditu gogora Barkerrek. «Horregatik da garrantzitsua emakumezko adituen lanak ikusaraztea», esan du. Kasu baterako, kristalografian katedradun emeritua da Maribel Arriortua Marcaida, ibilbide luzea egin du ikerlari gisa, eta erakusketak hark «atomoen munduan barrena» egin duen «bidaia liluragarria» dakar, Barkerrek dioenez; gainera, uste du neska gazte batentzat baliagarri izan daitekeela halako lanbide baten berri izatea. «Neska gazte batek, Arriortuaren ibilbidea irakurrita, ohiko lanbideetatik harago jorra ditzakeen bide batzuk daudela ikusiko du».

Emakume bat, 24 emakume zientzian, artean eta letretan erakusketari begira, asteon, Hondarribian. ANE MENDIZABAL

Donostiako Zuloaga plazan aurkeztu zuten lehengoz 24 Emakume zientzian, artean eta letretan erakusketa, joan den otsailean, eta ordutik hainbat lekutan izan da ikusgai. Bilboko Deustuko Unibertsitatean eta Leioako (Bizkaia) EHUko campusean izan zen, ikasleek ikus zezaten. Iruñeko etorbide nagusietako batean ere jarri zuten, Karlos III.aren etorbidean, handik pasatzen zen herritar orok ikusi ahal izateko. Bergarako Laboratorium museoaren lorategian izan zen martxoan, eta propio, «zientzian interes berezia zuten pertsonentzat» jarri zuten erakusketa. Hondarribiko Harresilanda kalea du orain geltoki, Erreginaren Baluartearen pean, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Biteri eraikinaren aurrean. Datorren urteko martxoan, Arrasatera eramango dute erakusketa, eta Barkerrek aurreratu du dagoeneko badituztela beste zenbait leku begiz jota. «Gizarte osoari zuzendutako erakusketa da, edonon geratzen da ondo, neska gazteen erreferente izateaz gain, gizarte osoarenak ere badirelako emakume horiek».

Jakiundeko idazkari nagusiak aitortu du «oso pozik» daudela erakusketak izan duen oihartzunarekin. Haren esanetan, zaila da jakitea zenbat bisitari izan dituen, aire librean dagoen erakusketa bat baita. «Badakigu jende askok ikusten duela egunero, eta jaso dugun feedback-a da oso interesgarria egin zaiola gehiengoari».

Erakusketaren aitzakian, Joanak joan, etorkizun kontakizun deituriko solasaldia antolatu dute datorren ostiralerako. Erakusketaren parte diren hiru emakume arituko dira solasean: Mariasun Landa Etxebeste idazlea, Aran Garcia Lekue fisikaria eta Oihana Otaegi Madurga ingeniaria. Beren ibilbidea kontatzeaz gain, emakume izateak beren lan esparruetan izan duen eraginaren gainean arituko dira, besteak beste. Barkerren gidaritzapean mintzatuko dira hiru adituak. 19:00etan izango da solasaldia, Hondarribiko kultur etxean.

Egutegiak

Ez da lehen aldia Jakiunde akademiak emakumezko adituei buruzko ekinaldi bat antolatu duena. Adibidez, egutegi propioa kaleratu zuen orain bi urte, zuri-beltzezko irudiekin. STEM sigladun diziplinetan —zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika— adituak diren hamabi emakume izan ziren egutegiko protagonistak. Ez zoriz; izan ere, akademiaren arabera, lau diziplina horietan andreen presentzia «nabarmen txikiagoa» da gizonezkoena baino, eta «emakumeei dagokien lekua emateko asmoz» erabaki zuten egutegia argitaratzea. Jakeline Barker Jakiundeko idazkari nagusiak esan du zuzendaritzatik jaso zutela egutegia egiteko proposamena, eta «harriduraz» jaso zutela dio. Ez zuten protagonista izan nahi, baina azaldu du zuzendaritzak proiektuaren helburuaren berri eman zienean «ideia polita eta interesgarria» zela iruditu zitzaiela. Euren lanen nondik norakoak azaltzea zen egutegiaren asmoa: lanak dituen zailtasunak, bidean ikasitakoak… Iazko egutegian ere emakumeak izan ziren protagonista. Orduan, ordea, beste hainbat esparrutako adituak ageri ziren.

Jakiunde akademiak emakume zientzialariekin eta artistekin egindako egutegiak. JAKIUNDE

Jakiundek barrura zein kanpora begira egiten du lan. Barnera begirako lanketa, adibidez, foroen eta kideen bileren bitartez egiten du. Urtean bi batzar nagusi izaten dituzte: lehena apirilean eta bigarrena azaroan. Gainera, Eusko Ikaskuntzaren neguko Riev aldizkaria sortzeaz arduratzen da orain bi urtetik.

Kanpora begirako lanketa, berriz, gazteentzako solasaldien bitartez egiten du. Esaterako, DBHko laugarren mailako gazteentzako Jakin-mina hitzaldi zikloa egin ohi du, eta aurten 13. aldia izango du solasaldi sorta horrek. Hitzaldiak Hego Euskal Herrian antolatu ohi dituzte, eta herrialde guztietako ikastetxe oro gonbidatzen dute. Azarotik martxora izaten dira hitzaldiok, hilean behin, ostiralarekin. «Ikastetxe askok bidaltzen dituzte ikasleak, baina badago ikaslerik bidaltzen ez duenik ere. Horregatik, denak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera». Izan ere, Barkerrek uste du hitzaldiok «gazteen etorkizunerako gakoa» izan daitezkeela. «Ezagutzen ditut zenbait adibide ikasketak hitzaldi hauen ondorioz aukeratu dituztenak, eta horrek ilusioa egiten du».