«Jendea animatuko nuke txapelketan parte hartzera, ederra izaten ari baita ibilbidea». Hala dio Beñat Azaldegik, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren koordinatzaileak, eta aditzera eman du udaberrian hasitako bertsoaren bidea jada udazkenean sartu dela. Final-laurdenetako partera sartu da txapelketa, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea bi itzulitan iragan ondotik. Lehen itzulian 74 bertsolari ziren, eta bigarren itzulira 48 pasatu ziren. Horietarik 34 Gipuzkoako txapelketara pasatu dira. Ondorioz, udaberritik hasi eta, final-laurdenetan sartu da jada txapelketa. Final-laurdenetan hiru saio egitea falta da. Finalaurrekoetan hiru saio izanen dira, eta finala abenduaren 14an iraganen da, Donostian.
Beñat Azaldegi txapelketako koordinatzailearentzat garrantzitsua izan da aurtengoa prestatzea. Alde batetik, haren esanetan, 50 urte bete dira haurren lehen bertso eskola sortu zela, Eskoriatzan. Beste alde batetik, nola denbora tarte luze batez ez den txapelketarik izan, indartsua izatea nahi izan dute aurtengoa, bertso eskolen parte hartze handia sustatuz. «Bertso eskolen partaidetza handiarekin egin nahi izan dugu txapelketa. Kolaborazio handia izaten ari da. Saio ostean afari-meriendak antolatzen dituzte, elkarrekin egoteko lekua sortuz». Elkargune izateaz aparte, txapelketaren zurruntasuna eta seriotasunean ere izaera herrikoia aldarrikatzeko unea dela gehitu du Azaldegik.
Bertsolariak aldatzen ari diren heinean, profil eta kantaera desberdinak ikusten ari direla azpimarratu du koordinatzaileak. Ondorioz, oholtza gaineko saioetan aniztasuna agerikoa izaten ari da. Oso pozgarria dela adierazi du Azaldegik. Bestalde, belaunaldi aldaketa gertatzen ari da, 25 urtetik beherako hamar bertsolarik lortu dutelako txapelketako sarbidea. Horietariko bost final-laurdenetan sartu dira dagoeneko. «Poza eman digu eskolartekoetan egon den bertsolaria animatu dela txapelketan izena ematera».
«Bertso eskolen partaidetza handiarekin egin nahi izan dugu txapelketa. Kolaborazio handia izaten ari da. Saio ostean afari-meriendak antolatzen dituzte, elkarrekin egoteko lekua sortuz»BEÑAT AZALDEGI Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako koordinatzailea
Txapelketan orain arte eginiko ibilbideaz oro har pozik daude Haizea Arana eta Maider Arregi bertsolariak. Balorazio ona egin dute biek. Oholtza gainean lagunekin kantatzea egokitu zaie askotan, eta horrek konfiantza sortu diola esan du Arregik. Aldiz, txapelketa apur bat luze egiten ari zaiola aitortu du Aranak: «Luze ari zait egiten txapelketaren esperientzia; agian, udaberriko fasean hasi nintzelako edo lagun asko ari garelako kantatzen. Oso hurbiletik jarraitzen ari gara txapelketa. Ez dakit horregatik den, baina nahiko luze ari zait egiten».
Orotariko publikoa
Bertso saioen giroa ez dute bertsolariek bakarrik baldintzatzen. Azaldegiren ustez, publikoaren parte hartze handia izan da udaberritik gaurdaino eginiko saioetan. «Oso giro beroko saioak izan dira eta konfiantza ematen digu horrek. Beldurra genuen iraila luze egingo zitzaigula, baina dena ondo doa, bertsozaleek ere erantzuten dutelako». Aranak, aldiz, publikoaren erantzun onaz gain, zehaztu du geroz eta publiko transfeminista gehiago agertzen ari dela. Arregi bat dator horrekin; haren ustez, joan den txapelketatik hona deigarria egin zaio kolektibo horrek eman duen erantzuna.
«Ospatzeko indarra ematen dizun kolektibo transfeminista bat duzu. Erortzen zarenean ere, laguntzen dizun kolektiboa hor dago»MAIDER ARREGI Bertsolaria
Hori baino gehiago: kolektibo transfeministak, indarra emateaz gain, lorpenak kolektiboki ospatzeko eta porrotak bakarrik gehiago ez bizitzeko balio izan dio Arregiri. «Ospatzeko indarra ematen dizun kolektibo bat duzu. Erortzen zarenean ere, laguntzen dizun kolektiboa hor dago». Ez da kasualitatea, urte askotako lanketaren ondotik gertatu da aldaketa. Arregiren aburuz, ahalduntze bertso eskolen, poteo feministen, Señora bertso sariketen eta bollo bertso saioen isla da oholtza gainean gertatzen ari dena. «Azken bost urteetan egin diren saio feministen nolabaiteko emaitza da hauxe. Uste dut bost urteko ibilbidea bat-batean islatzen dela txapelketako oholtzan, bertsolariok gaiak enfokatzeko dugun moduan, eta abar. Ni neu indartu naute, eta plazera sortzen dit». Kolektiboa sustatzeko eta indartzeko lagun asko etorri direla ohartarazi du Aranak. Garrantzitsua baino gehiago, beharrezkoa dela azpimarratu du. «Niretzat, txapelketak duen alderdirik positiboena da kolektiboki bizitzen ari garela porrota edota garaipena».
Hurrengo saioak
Final-laurdenak bukatzeko hiru saio eskas dira. Asteburu honetan horietako bi izanen dira: bihar Azkoitian eta etzi Irunen. Azkena, berriz, Tolosan izanen da, azaroaren 3an. Bihar Ane Labaka Maioz, Asier Azpiroz Iztueta, Eli Pagola Apezetxea, Maialen Akizu Bidegain, Oier Etxebarria Zubimendi eta Unai Mendizabal Jauregik kantatuko dute. Etzi saioan, Amaia Iturriotz Etxaniz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Eneritz Artetxe Eizagirre, Eñaut Martikorena Lizaso, Iñaki Apalategi Astigarraga eta Oihana Iguaran Barandiaran ariko dira kantuan.
«Niretzat txapelketak duen alderdirik positiboena da kolektiboki bizitzen ari garela porrota edota garaipena»HAIZEA ARANA Bertsolaria
Aranak Eibarko final-laurdenetan kantatu zuen, urriaren 19an. Sentsazio gazi-gozoarekin atera den arren, udaberriko fasetik udazkenera pasatzea izan zen haren helburua, eta pozik dago, hori bete baitu. Bide batez, munduko zorterik handiena opa die beste guztiei. Arregik Tolosako final-laurdenetako azken saioan jardungo du, eta aipatu du, orain artekoa eginik, saiora indartsu eta gogoz joanen dela.
Gipuzkoako Bertsozale Elkartea ere datozen saioetarako oso gogotsu dagoela esan du Azaldegik. Jakinarazi du, berritasun gisa, abenduaren 14ko finalean 25 urtetik beherako bertsolari onenaren saria banatuko dutela. Orain arte arrakastatsuak izan badira saioak, geroz eta erakargarriagoak izanen direla iragarri du txapelketako koordinatzaileak.