Hainbat dokumentu eta artxibo irudiekin etorri da Miguel Angel Barcenilla historialaria (1954, Lezo) Lezoko udaletxea dagoen plazara. Etxetxo Lezoko memoria historikoaren elkarteko kide eta historialaria da. Aurten, Garaituak eta esklabotuak. Bortxazko lanak Lezon 1939-1942 (Lezoko Udala) argitaratu du. Frankismo garaian Lezoko kontzentrazio esparruetan sartu zituzten langileez egin du liburua.
Nola sortu zen Garaituak eta esklabotuak. Bortxazko lanak Lezon 1939-1942 liburua egiteko ideia?
Behar batetik jaio zen liburu hau. Etxetxo elkarteko helburuetariko bat da Lezoko Iparragirreko kontzentrazio esparrua memoria lekua izendatzea. Horretarako, lanketa handia egiten ari gara elkartean. Ni historialaria naiz. Elkarteak bilduriko lekukotasunak hasi nintzen aztertzen, eta dokumentazioa biltzen, artxiboetan murgilduz. Ni hasi nintzenetik lau urtera, bagenituen Lezon egondako bi mila presoren izen inguru. Orain, badakigu Lezoko esparruetatik bost mila pertsona pasatu zirela, gutxienez.
Nondik etorri ziren presoak?
1939-1942 artean 36ko gerra presoak ekarri zituzten. Etorri ziren gerra bukatu, eta berehala. Gerra denboran, frankismoak milaka preso zituen kontzentrazio esparruetan. 1938an, Francok erabaki zuen Langileen Batailoia sortzea, presoak lanean emateko. Garaiko dekretu batek zehazten du batailoia sortu zutela presoen laneko eskubidea bermatzeko, baina benetako helburuak ziren etekin ekonomikoa ateratzea, presoei zigor gogorra jartzea eta umiliazioa eragitea bereizketaren bidez.
Eraikuntzan ari ziren lanean.
Hasieran lubakiak eta frontera joateko bideak egiten zituzten. Gerra amaituta, 1939an, Pirinioetako gotorlekuak eraikitzeko ekarri zituzten presoak; P linea egiteko, hain zuzen. Gipuzkoako zatiaz Vallespin koronela arduratu zen, eta gehienek, Guadalupeko gotorlekura joateko bidean egiten zuten lan. Bestalde, Lezo inguruan beste hiru errepide eraiki zituzten. Garrantzitsuena, Oiartzundik Lesakara doan bidea izan zen.
Kontzentrazio esparruek Lezoko bizitzan eragin zuten?
Egia esateko, presoak ez ziren ateratzen esparruetatik. Herrian, aldiz, preso batzuk baziren agintarien zerbitzurako ekarri zituztenak. Horrez gain, 1939ko udan ekarri zituzten bi batailoietako preso batzuk baserrietara igorri zituzten, eta beste asko lekurik gabe gelditu ziren; orduan, Solotxo aldean lurrean ziren zulo batzuetan lo egin zuten batzuek. Oso udazken gogorra izan zen hura, eta asko gaixotu ziren. Ospitalera joan ziren asko, eta horregatik erabaki zuten Iparragirreko kanpalekua eraikitzea.
Zer baldintzatan ziren presoak?
36ko gerran harrapatu, eta kontzentrazio esparruetara bidaltzen zituzten. Egoera oso-oso txarrean ziren presoak. Higiene txarra eta gose handia pairatzen zuten. Iparragirre esparruan hiru metroko uraska bat zegoen milaka presorentzat. Errepresio mota asko ziren. Batzuk fusilatu egiten zituzten, eta beste pila bat hemendik atera eta kartzeletara bidaltzen zituzten. Presoak ez ezik, familia asko ere zigortu egin zituzten. Zeharkako errepresioa jasaten zuten familia ugarik: soldatarik gabe gelditzen ziren, edo baserria aurrera ateratzeko zailtasun handiekin.
«Gerra amaituta, 1939an, Pirinioetako gotorlekuak eraikitzeko ekarri zituzten presoak; P linea egiteko, hain zuzen»MIGUEL ANGEL BARCENILLA Historialaria
Lan bortxatuan ibilitako presoen memoria galdu zen…
Alde batetik, memoria soziala galdu genuen. Frankismoak bazeukan memoria politika bat, baina garaileentzat baino ez zen. Erabat isildu zuten besteen memoria. Inposatutako isiltasunaz gain, askok eta askok ez zuten kontatu preso egon zirela Lezon. Beste alde batetik, familiek, oro har, badakite gerran ibilitako norbait bazegoela, baina askotan detailerik gabe. Ahantzitakoa berreskuratu nahi dugu, eta horregatik nahi dugu Iparragirre memoria gune izatea.
Zer gelditzen da Oiartzualdean egin zituzten beste hamahiru esparruez?
Ez da ia-ia ezer gelditzen. Oiartzunen berriz ere eraiki zuten langileen barrakoi bat. Lezon, Iparragirren, eraikin guztietako aztarnak aurkitu daitezke. Espainiako Estatuan, oro har, ez dira bortxazko lan esparru asko gelditzen. Katalunian badira batzuk, baina esango nuke nahiko txarto daudela. Lezo inguruan memoria toki bakarra izan daiteke Iparragirre, azpiegitura ongi batago.
Berriki, Hanburgoko unibertsitatean egindako kongresu batean parte hartzeko deitu zizuten.
Ponentzia bat aurkeztu genuen Lezoko lan esparruetan zer gertatu zen azaltzeko. Iparragirreko eraikinak Jaizkibeleko baso barruan daude. Amezti elkartearekin lankidetzan ari gara ondare materiala mantentzeko, baita basoaren memoria berreskuratzeko ere. Memoria historikoa eta basoaren memoria batu genituen. Hanburgoko kongresuan, memoria hori isildu egin zutela eta berreskuratze lana egin genuela esatean, deigarria egin zaie auzolanean antolatzen ditugula Iparragirreko garbiketa eta lana. Jendarte zibilak antolatu du, eta hori harrigarria egin zaie, kasu gehienetan —Alemanian, batez ere—, instituzioek antolatzen dutelako memoriaren berreskurapen prozesua.