‘Irri’: Iker Irribarriaren ibilbidearen gazi-gozoak biltzen dituen liburua

‘Irri’: Iker Irribarriaren ibilbidearen gazi-gozoak biltzen dituen liburua

Maitane Ormazabal terapeutak eta Igor Meltxor editoreak Irri liburua kaleratu dute oraintsu, Zorrotz argitaletxearekin. Iker Irribarriaren (Arama, 1996) pilotari ibilbidearen gaziak eta gozoak azaltzen ditu lanak, Irribarriaren beraren hitzetan. Egileek elkarrizketa formatuan idatzi dute lana, eta Ormazabalek dio horrek irakurketa «arindu» eta «erraztu» egiten duela. Orain urtebete ekin zioten liburua idazteari, eta duela hilabete argitaratu zuten. Hasiera «arrakastatsua» izan duela dio Ormazabalek; are, gaur argitaratuko dute lanaren bigarren edizioa.

Zorrotz argitaletxeko Igor Meltxorrek proposatu zion Ormazabali Irri lana egiteko aukera. Izan ere, Meltxorrek jakinarazi zion Zorrotzen bazutela proiektu bat esku artean: elkarrizketen bitartez, pertsonaia ezagunak «sakonki» ezagutzea. «Argitaletxeak pertsonaiaren atzeko pertsona eman nahi zuen ezagutzera», esan du Ormazabalek. Proposamena onartu, eta Iker Irribarria pilotari ohiarekin elkartu ziren Meltxor eta Ormazabal, Araman, elkarrizketa egiteko. Behin hizketaldia amaituta, esandakoak liburu batean biltzeko proposamena egin zioten Irribarriari, eta baiezkoa eman zien hark. Pilotari ohiak esan du liburua bere kirolari ibilbideari «amaiera emateko modu bat» izan dela. Ormazabalek gaineratu du liburua Meltxorrek eta biek idatzi badute ere, Irribarriak berak kontatzen duela istorioa.

«’Irri’ liburua azken urteetan eraman dudan barne prozesuaren emaitza da, eta emozioei hitzak jartzeko balio izan dit»
IKER IRRIBARRIA Pilotari ohia

Orain arte, psikologia ardatz izan duten liburuak argitaratu ditu terapeutak: Telmo Lazkanorekin batera idatzitako Nerabeen garrasia (Alberdania, 2023) eta Autoestima como vitamina (Zorrotz, 2023). Ormazabalek esan du elkarrizketa eran idatzi duen lehendabiziko lana dela Irri, eta «oso gustura» dago emaitzarekin. Gainera, aitortu du «asko» ikasi duela lana egiteko prozesuan.

Ezohiko amaiera

Irribarriak orain urtebete utzi zuen pilota profesionala, belauneko lesio baten ondorioz, zortzi urteko ibilbidea egin ostean. Ibilbide oparoa egin du pilotan, buruz buruko eta binakako txapelketa nagusietan inoiz izan den txapeldunik gazteena baita, 19 eta 20 urterekin, hurrenez hurren. Bukaera «idealena» izan ez zuen arren, «gustura» dago egindako lanarekin, baita gaur egun duen bizi estiloarekin ere.

Liburuak, Irribarriaren kirol ibilbidea kontatzeaz gain, haren bizitzaren gaineko errepaso orokor bat ere egiten du. Izan ere, liburua pilotari ohiaren txikitako bizipenez eta familiarekin eta lagunekin dituen harremanez ere mintzo da. Protagonistaren iritziz, gaur egun sentitzen dituen emozioek lotura «estua» dute liburuak kontatzen dituen bizipen eta harremanekin. «Bizipen eta harreman horiek gabe ez nintzateke orain naizena izango».

Iker Irribarria pilotari ohia, iazko martxoan, zaleei agur esaten, Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatu zuen agurreko partidaren ostean egin zioten omenaldian. GORKA RUBIO / FOKU

Alderdi fisikoaz harago, kirolarientzat «ezinbestekoa» da alde psikologikoa lantzea, Ormazabalen ustez. Terapeutak dio kirol ibilbide profesionala «aldi baterako» zerbait dela, eta  bukatzen denerako «prest» egon behar dutela. Eta, hain zuzen, Irribarriak aitortu du ikasketak eta ingurune sendo bat izateak «lagundu» diola eguneroko berrira egokitzen, baina, hala ere, «kostatu» egin zaiola egokitzea. Pilota utzi zuenetik lanketa psikologiko «handia» egin du pilotari ohiak, eta esan du liburuak horixe islatzen duela, hein batean: «Lan hau azken urteetan eraman dudan barne prozesuaren emaitza da, eta emozioei hitzak jartzeko balio izan dit».

Gainera, edonork irakur dezakeen liburu bat den arren, aitortu du bere buruarentzat egindako zerbait dela: «Ez da salmentei begira egin dugun lan bat, baizik eta niretzako egindako zerbait». Horregatik, bere «errealitatea erakusteko» tresna gisa ere erabili nahi izan du. Kontatu duenez, profesionaletan igarotako zortzi urteetan garai «gozoak eta gaziak» bizi izan ditu, eta, «ingurukoen babesa» izan badu ere, izan du «bakarrik» sentitu den momenturik.

«Jendea aspertuta dago irabazleen istorioak irakurtzeaz, dena polita dela erakusten duten horietaz. Istorio errealak nahi ditugu, identifikatuta sentituko garen kontakizunak»
MAITANE ORMAZABAL Terapeuta

Ormazabalek adierazi du gaur egun, goi mailako kirola «izugarri» goraipatzen den arren, «sufrimendu handia» duela atzean. Horregatik uste du Irribarriaren testigantza «oso lagungarri» izan daitekeela egungo eta etorkizuneko gazteentzat. Liburua «barrutik kanpora» egindako proiektu bat dela nabarmendu dute bi egileek, eta «horrelako liburu gehiagoren beharra» dagoela: «Jendea orokorrean aspertuta dago irabazleen istorioak irakurtzeaz, dena polita dela erakusten duten horietaz. Orain istorio errealak nahi ditugu, identifikatuta sentituko garen kontakizunak».

Istorio erreal bat kontatu nahi izan dute Irri-n. Izan ere, egileek jakinarazi dute bizitzaren eta kirol profesionalaren «alde guztiak» erakusteko egindako lan bat dela, «edonori gusta dakiokeen lan irakurterraza». Salgai dago liburua, 15 euroan, Zorrotz argitaletxearen webgunean.