Istorio ilunak hirigune historikoan

Istorio ilunak hirigune historikoan

Duela urte batzuk, Tolosaldeko Galtzaundi elkarteko kideak ohartu ziren Euskal Herrian Halloween ospakizunaren presentzia «gero eta nabarmenagoa» zela, eta pentsatu zuten Euskal Herrian ere bazela zer kontatua urriaren 31ko gauaz. Beraz, erabaki zuten kontakizun horri garrantzia eman behar zitzaiola. Gau Beltza edo Arimen Gaua XX. mendearen erdialdera arte euskarari eta euskal landa eremuari oso lotuta egon den ospakizun bat da. Hala, tradizio hori baliatuta, 2022an eta iaz, Beldurrezko ibilbidea ekitaldia antolatu zuen Galtzaundik, herriko Elosegi parkean, 13 urtetik gorako nerabeentzat. Aurten ere ikusgaitasuna eman nahi diote Gau Beltzari, baina beste modu batera, ekinbidea herriaren erdigunera eramanda eta adin guztiei zuzenduta. Horretarako, urriaren 31n, Misteriozko kale antzerkia antolatu dute Tolosako Alde Zaharrean zehar. Ibilbidea Euskal Pizkundea plazan hasiko da, 20:00etan, eta, iluntasuna lagun, hirigune historikoko kaleetan zehar misterioz betetako istorio bat kontatuko diete herritarrei.

Galtzaundiko kideez gain, beste hainbat eragile izan dira Misteriozko kale antzerkia antolatzen, hala nola Udaberri dantza taldeko dantzariak, Tolosako Ahots Gazteak abesbatzako kideak, eta azken bi urteetan Beldurrezko ibilbidea-n parte hartu duten zenbait antzerkigile eta euskaltzale. Eragile horietako hainbat kidek parte hartuko dute antzezlanean, baita eskualdeko bertsolari eta musikari batzuek ere. Amaia Senperena Galtzaundiko kideak aurreratu du 90 parte hartzaile inguru izango direla. Tolosako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan dute ekitaldia antolatzeko.

«’Misteriozko kale antzerkia’-n parte hartzeko ez da adin mugarik egongo, eta, beraz, inor ez da kanpoan geratuko. Herrian galduta dabilena ere gonbidatuta egongo da parte hartzera»
AMAIA PAGOLA Antzezlea

Amaia Pagola antzezleak jakinarazi duenez, azken bi urteetan ez bezala aurten ikusleak ez dituzte talde txikietan banatuko: «Oraingoan, txanda bakarra egongo da, eta ikustera etortzeko ez da aurrez izena eman beharko». Beraz, nahikoa izango da egunean bertan 20:00etarako Euskal Pizkundea plazara azaltzea. «Aurten, gainera, ez da adin mugarik egongo, eta, beraz, inor ez da kanpoan geratuko. Herrian galduta dabilena ere gonbidatuta egongo da parte hartzera».

Senperenak gaineratu du Galtzaundiko kideek espero dutela aurten herritar ugarik parte hartzea. «Erronka handia izango da. Azken bi urteetan, berrehun ikusle inguru bildu ditugu Elosegi parkean, eta azken asteotan zer egingo dugun galdezka izan ditugu herritarrak».

Beldurretik misteriora

Ekintza «polita» izango delakoan daude antolatzaileak. «Aurreko urteetakoekin alderatuta, oso desberdina izango da, formatutik hasita», esan du Senperenak. «Orain arte antolatu ditugun Gau Beltzetan beldurrari egin diogu tokia, eta aurten misterioan jarri dugu arreta».

Pagolak kontatu du Tolosako gertakarietan oinarritutako istorioak eta narrazio fantastikoak uztartuko dituztela antzezlanean: «1500. urtean sute erraldoi bat izan zen Tolosan, eta kolpe handia izan zen herriarentzat. Horrez gain, izurrite ugari izan dira azken mendeetan, eta hori kontatuko dugu». Esan du, gainera, herriko kaleak Gau Beltzean murgiltzeko elementuekin atonduko dituztela. «Ibilbidean zehar, herriko pertsonaia historiko, esanguratsu eta garrantzitsuei buruz ere hitz egingo dugu. Hori guztia Gau Beltzaren elementuekin eta xarmarekin nahastuko dugu».

«Orain arte antolatu ditugun Gau Beltzetan beldurrari egin diogu tokia, eta aurten misterioan jarri dugu arreta»
AMAIA SENPERENA Tolosaldeko Galtzaundi elkarteko kidea

Senperenak dio kale antzerkira joango diren «haur, gazte eta helduak antzerkiaren parte» sentitu ahal izango direla. «Polita da ikustea herritarrak antzerkian murgiltzen direla eta Gau Beltza geroz eta presenteago dutela». Horretarako, Gau Beltzeko jantziekin mozorrotzeko deia egin diete herritarrei. «Gau Beltzak estetika zehatza du, baina ez da beharrezkoa izango ezer erostea. Nahikoa izango da etxeko trapu zaharrak jantzita etortzea», esan du Pagolak. «Tolosarrok erraztasun handia dugu mozorrotzeko. Iazko Gau Beltzean, gainera, nerabe eta gazte asko etorri ziren mozorrotuta, eta, hori aintzat hartuta, ideia polita dela iruditu zitzaigun».

Mozorroez gainera, lurraren aurka jotzeko makilak eramatea ere eskatu du antzezleak. «Makilak oso garrantzitsuak izango dira amalurrari deitzeko eta amalurra esnatzeko. Etxeko goxotasunean sartuko garela esan, eta zaindu gaitzala eskatuko diogu».