Abangoardiarako jauzia

Abangoardiarako jauzia

Urteak daramatzagu esaten herri honek jauzi kualitatibo bat egin beharra duela, baldin eta herritarren beharrei eta aurrez aurre ditugun erronkei egoki erantzungo badiegu. Betikoa beti bezala egitea ez da aukera bat bizi dugun egoera ezegonkor honetan. Galdera berriak pausatu zaizkigu, eta erantzunak eta horiek emateko moduak berritu egin behar ditugu. Helburu honekin egin du EH Bilduk Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde gorenetarako akordio proposamena.

Bidea eginez apurtzen dira inertziak eta proposamen honek izango ditu bidaide berriak. Adibidez, inork uste al du, krisi klimatikoari aurre egiteko, dependentzia energetikoari aurre egiteko, kultura aldaketa sakon eta oso bat burutzeko irla isolatuak bagina bezala aritu gaitezkeela? Herri bezala pentsatzea eta luzapenetan ez ibiltzea ezinbestekoa da.

Beharrezkoa da politika egiteko moduak aldatzea ere. Lidergo konpartituak eta lan egiteko modu kooperatiboak. Erakundeen artean, alderdien artean, gizarte eragileekin eta herritarrekin. Herritarrak politikaren erdigunean jarriz haien beharrei erantzuteko, baina, era berean, haiekin batera aritzeko proiektu kolektibo baten alde.

Ezinbestekoa iruditzen zait desafekzioa eta politikaren gutxiespena irauliko baditugu eta horrek sortzen duen giroan ultraeskuinari biderik utzi nahi ez badiogu. Gipuzkoa herri honen abangoardia izan daitekeela sinetsita, badugu zertan aurrera egin.

Urteroko lege nagusia da aurrekontu legea, herritar guztiona den dirua zer beharretara zuzenduko den eta politika publikoak zein norabidetan egingo diren erakusten du lege horrek.

Gaur egun, 34 urtez azpiko gazteek soldataren %52 bideratu behar dute etxebizitza bat alokatzera. Bi errealitate marrazten dizkigu datu honek. Zer-nolako soldatak dituzten, eta etxebizitzek, izan erosteko zein alokatzeko, zer prezio duten. Ondorioz, gazteek zail dute emantzipatzeko. Etxean edo inguruan begiratzea nahikoa da.

Urteroko lege nagusia da aurrekontu legea, herritar guztiona den dirua zer beharretara zuzenduko den eta politika publikoak zein norabidetan egingo diren erakusten du lege horrek

Badago zer egin fiskalitatearen arloan, hau da, gu guztion dirua era justu eta progresiboan banatzeari dagokionez. Badago zer egin geure egoera sozioekonomikoari egokitutako gutxieneko soldatari dagokionez. Eta egin daiteke.

Hamar gipuzkoarretatik hiruk bezala, 65 urte edo gehiago izango ditut nik ere 2039rako. Erronka handi bat, aspaldi ezagutzen genuena eta erabakiak hartu ezean gero eta korapilatsuagoa izango dena.

Zaintza sistema publiko batek bakarrik berma dezake, kalitatezko zaintza, zaintzarekin ez negoziorik egitea, zaintzaileen lan baldintzak duintzea. Ez da posible une honetan Gipuzkoan 900 pertsona zain egotea eta, batez beste, 160 egun behar izatea adineko egoitza batean sartzeko.

Baditugu ereduak herritarrekin, erakunde arteko elkarlanean eta hirugarren sektorearekin abian jarri eta denok oso balio positiboa eman diegunak.

Hamaika erronka ditu herri txiki honek, Europako herrialde garatuenen pare egoteko gaitasuna erakutsi duenak, behin eta berriz urratu arren hizkuntza bat, euskara, eta kultura bat gorde eta maila gorenera eraman dituen herria. Orain ere tokatzen zaigu zaintzen eta hedatzen jarraitzea.

Lehen eta orain bezala, etsi gabe jarraituko dugu herri honen alde, baita orain zabaldu den aurrekontu prozesuan ere. Horixe da gure helburu bakarra.