Bihotza duten kuxinak, mina goxatzeko

Bihotza duten kuxinak, mina goxatzeko

Astero biltzen dira Irungo Minbiziaren Aurka Bidasoa elkartean Aurea Carames, Mari Carmen Gomez, Pepi Albisu, Pilar Arruabarrena, Mertxe Gende, eta Juncal Falco. Oihalak mozten dituzte aurrena, albaindu, zuntzez bete eta makinaz josteko. Bide desberdinetatik heldu dira elkartera, baina arrazoi berak batu ditu: kuxinak sortzea bularreko minbizia duten eta mastektomia egin dieten emakumeentzat, eguneroko bizimodurako.

Oihana Palacin elkarteko gizarte langileak azaldu du duela hiru urte hasi zirela kuxin horiek egiten. «Ideia Espainiako Estatuko topaketa batean ikusi, eta Irunera ekarri genuen». Hasieran, «aisialdi ekintza gisa» planteatu zutela gaineratu du: «Asmoa zen gaixoek eta gaixoen senideek parte hartzea tailerrean, eta gerora, gaixoak eta senideak ez diren boluntarioak ere hasi ziren taldean». 

Minbiziaren Aurka Bidasoa elkartean egiten dituzten kuxinak ez dira kuxin normalak. Izan ere, patroi jakin bat dute, pisu zehatza eta material berezia. Ebakuntza egindako bularraren aldeko besapean jartzen dira, besoak zauria uki ez dezan. Sorbalda, besoa eta lepoko giharrak egoki eusteko ere balio dute, baita linfedema saihesten laguntzeko ere.

Mastektomia egin dieten gaixoentzat kuxinak egiten sei emakumezko, urriaren 25ean, Irungo Minbiziaren Aurka Bidasoa elkartean. IKERNE ZARATE

Aurea Carames izan zen talde horren sustatzailea, 2021. urtean, eta gaur egun hark gidatzen du taldea. Jostuna izan da beti, eta patroiak sortzeaz eta kuxinak makinetan josteaz arduratzen da elkartean. Behin lana amaituta, kuxinak Donostiako Onkologikoko osatze zerbitzura bideratzen dituzte, hogeinaka, eta han, gaixoen artean banatzen dituzte, doan. «Ez dugu kalkulurik egin, baina urtean berrehun bat kuxin bidaltzen ditugu onkologikora», esan du Caramesek. Bizitza osoa egin du joskintzan, eta, adinean aurrera badoa ere, esan du ez diotela erretiroa hartzen uzten. 

Duela urtebetetik, Irungo eta Hondarribiko 30 botiketan kuxin bana dute erakusgai, eta behar duen jendea elkartearekin jartzen dute harremanetan botiketakoek. Tarragonara (Herrialde Katalanak) ere heldu dira aurten Irunen sortzen dituzten kuxin horietako berrogei.

Tailerra, astean behin

Boluntarioak astean behin elkartzen dira Minbiziaren Aurka Bidasoa elkartearen egoitzako gela batean; normalki, asteazkenetan, 17:00etatik 18:00etara. Pilar Arruabarrena taldeko kideak jakinarazi du bakoitzak bere egitekoa duela: «Batek moztu egiten du, besteak bete, hark josi, beste batek zelofan paperetan bildu… Saio bakoitzeko lau kuxin egiten ditugu, gutxienez». Gomezek dio pisu zehatza lortzea dela zailena: «Neurriz egokiak izateko, 160 gramokoak behar dira izan, eta pisu hori lortzeak ematen digu buruhausterik handiena». Pisuaz gain, forma berezia izan behar dute: oihalak kotoizkoa izan behar du, alergiak ekiditeko, eta josturak ere «oso arinak» eta «ezkutukoak» egiten dituzte. Gomezek esan du horri guztiari osagai «berezi bezain ezinbestekoa» gehitzen diotela kuxin bakoitzari. «Bihotzarekin eginak dira».

Egiten duten lanak ez du ordainik, baina ekarpen handia egiten die beren buruari. «Senarra hil zela bi urte bete ziren joan den astean. Gaixotu zenean, laguntza handia jaso genuen elkartean: arreta psikologikoa, ohe artikulatua senarra erosoago egon zedin, uzteko material protesikoa ere badutelako», azaldu du Falcok. «Eskertu egin behar nuen, nolabait, elkartekoek guregatik egin zutena, eta hau dut esker on hori adierazteko modua. Lagungarria zait, gainera, taldean aritzea: ulertu egiten naute bertan». Caramesek taldeko «giroa» eta «konplizitatea» nabarmendu ditu: «Ederki moldatzen gara gure artean, oso ondo antolatzen gara. Sentitzen dugu probetxuzkoa dela gure lana, eta gauza handi bat da hori. Oso gustura gaude egiten dugunarekin».

«Sentitzen dugu probetxuzkoa dela gure lana, eta gauza handi bat da hori. Oso gustura gaude egiten dugunarekin»
AUREA CARAMES Irungo Minbiziaren Aurka Bidasoa elkarteko boluntarioa

Taldeko kideek uste dute tailerrak, bularreko minbiziari aurre egiten ari diren emakumeentzat lagungarri izateaz gain, elkartearen izaera eta zerbitzuak gizarteratzeko bitarteko «ezin hobea» direla. «Jendea kuxin bila etortzen da guregana, eta ezagutu egiten gaitu», esan du elkarteko gizarte langileak. «Bide batez, gugana jotzen dutenen balorazioa ere egiten dugu, eskaintzen dugun zerbitzuren baten beharra ote duen ikusteko. Izan ere, batzuek ez dakite arreta psikologikoaz gain askotariko materiala ere utzi ohi dugula, akonpainamenduak egiten dituzten boluntarioak daudela edota badugula nutrizionista zerbitzua ere bai».

Kuxin tailerrean aritzen diren boluntarioek esan dute ateak zabalik dituztela parte hartu nahi duen ororentzat. «Ongi etorria da lagundu nahi duen oro. Josten badaki, oso ondo, baina ez dakitenek ere badute lekua, kuxinak betetzen edota zelofanean biltzen». Laguntza ere eskatu dute, oihalak dohaintzan lortzeko: «Hasieran jasotzen genituen oihalak, baina aspaldi da ez ditugula jaso. Baten bat emateko prest balego, bihotzez eskertuko genioke».