Egitura egokien zain

Egitura egokien zain

«Pitzadurak, itoginak eta hainbat arazo ditu belodromoak». Hori deitoratu du Emaitz Izagirre Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko pista arduraduna. Donostiako belodromoan ez ezik, Gasca kiroldegian ere arazo asko dituzte itoginak direla eta. Azkena urriaren 7an Oscar Araujok X sarean zabaldutako bideoan ikusi zen: ura teilatutik sartu eta pistan erortzen zen IDK saskibaloi taldeko emakumezkoak Europa mailako partida bat jokatzen ari ziren bitartean. Itoginak bakarrik ez: pistak eta azpiegituraren elementu askok ez diote gaur egungo araudiei erantzuten, kirol egiturak zaharrak direlako eta ez direlako behar beste berritu. Esate baterako, Belodromoak 60 urte ditu, eta Gasca kiroldegiak, 54. 

Urteak dira kexu direla kirol arloko hainbat eragile eta erabiltzaile. Eukene Larrarte txirrindulariak zehaztu du 2016an belodromoan entrenatzen hasi zenetik arazoak direla azpiegituretan. Entrenatzeko garaian, eraikinaren egoera txarrak ondorioak eta ziurgabetasuna zabaltzen du egunero joaten diren kirolarien artean. «Gure egunerokoan eragiten digu, noski», esan du Larrartek. «Gu harremanetan gaude belodromoko arduradun edo langileekin, eta askotan abisuak pasatzen dizkigute itoginak direla eta. Ondorioz, ez dakigu posible den entrenatzea edo ez». 

Tatiana Garmendia Bera Bera eskubaloi taldeko jokalariak Gascako kiroldegian diren beste arazo batzuk ere argitara eman ditu. Ura sartzeaz gain, zehaztu du aforoa ez dela batere egokia, barneko tenperatura oso hotza dela eta neguan sufritu egiten dutela entrenatzeko garaian. Garmendiaren esanetan, ikusita zenbat kirolarik eta zenbat taldek erabiltzen duten kiroldegia, azpiegiturak ezin die egungo behar guztiei erantzun. Horrez gain, azaldu du aforoa ezin dela bete, eserleku batzuetatik ezin baita eskubaloiko ate bat ikusi. 

«Gu harremanetan gaude belodromoko arduradun edo langileekin, eta askotan abisuak pasatzen dizkigute itoginak direla eta. Ondorioz, ez dakigu posible den entrenatzea edo ez»
EUKENE LARRARTE Txirrindularia

Bera Berako jokalariak nabarmendu du eserlekuetara heltzeko zailtasunak agerikoak direla. «Gasca kiroldegia deserosoa eta desatsegina da mugikortasun arazoak dituztenentzat. Partida bakoitzean hainbat lagun sartzen dira harmailetara pistatik, eta gurpil aulkiarekin datozenak ate atzean jarri behar izaten ditugu, ikusgarritasun txikiagoko eremu batean». 

Lehiatzeko ezintasuna

Bertan entrenatzeko ez ezik, Gasca kiroldegian edo Donostiako belodromoan lehiatzeko zailtasunak aipatu dituzte. Larrarteren ustez, belodromoak ez du nazioarteko araudia betetzen, eta, hala, han ezin dira Europako eta nazioarteko bestelako txapelketak antolatu. Bat dator Izagirre, eta, gainera, gehitu du belodromoan elkartzen diren goi mailako txirrindularien kopurua ikusita oso desegokia dela azpiegitura onik ez izatea. «Donostiak lotura handia du txirrindularitzarekin. Lehendik munduko bi txapelketa eginda daude belodromoan, eta Euskal Herriko Sei Orduak ere bai. Nazioartean ikusten dutenean zer-nolako belodromoa daukagun, harrituta gelditzen dira».

Donostia Kulturako Europako hiriburua izan zen 2016an, eta urtero Zinemaldia egiten da, besteak beste. Beraz, erabateko kontraesana dagoela esan du Izagirrek, kanpoan eraikitzen den irudiak hainbat gabezia gordetzen dituelakoan atzean. «Kursaala eta Kontxako hondartza oso politak dira, baina esango nizuke belodromoa ia-ia ustelduta dagoela».

«Kursaala eta Kontxako hondartza oso politak dira, baina esango nizuke belodromoa ia-ia ustelduta dagoela»
EMAITZ IZAGIRRE Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko pista arduraduna

Aldiz, futbolari garrantzi handiegia ematen zaiola gaitzetsi du Larrartek. Anoeta futbol estadioari eta Reala klubari diru gehiegi jartzen zaiela esan du. Ondorioz, haren ustez, bigarren mailan kokatzen dira beste kirol guztiak. «Donostian benetan Realean eta futbolean inbertitzen da. Partidak direnean, ezin dugu aparkatu, eta ez digute belodromo ondoko aparkalekura sartzen uzten. Ematen du dena gelditzen dela Reala jokatzen ari denean. Realean uzten duten dirutzarekin alderatuta, guk eskatzen duguna oso txikia da». 

Belodromoaren berritzea

Belodromoan dagoeneko hasi dituzte obrak. Urte bukaerarako aurreikusten dute bukatzea telaituaren berritzea. Proiektuak 1.400.000 euroko aurrekontua du. Horietarik 530.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2022-2025 kirol ekipamenduetarako laguntzen planetik datoz. Gainerakoa —870.000 euro— udalaren ekarpenari dagokio.

Izagirrek eta Larrartek aditzera eman dute esperantza izpi bat dela. Hala ere, Izagirrek uste du adabaki sendo bat baizik ez dela. «Berrikuntza sakona beharko luke belodromoak, eta ideialena litzateke belodromo berri bat izatea». 

Gasca kiroldegiari doakionez, Garmendiak erantsi du gaurko eskaerari erantzuten duen azpiegitura beharko luketela hiriko goi mailako taldeek, jendearentzat erakargarria izateko eta jokalarientzat praktikoa. Horrez gain, idealki amesten duen egituraz hausnartu du: aukera handiagoak izateaz. «Bi joko pista izatea hobe litzateke, bata goi mailako kirolarientzat eta bestea entrenamenduetarako edo oinarrizko partidetarako. Gauden inguruetan nahiko leku egon liteke».

Larrarte ausartago mintzatu da. Instituzioek benetako apustua egitea nahi luke, eta futbola bezalaxe, beste kirolak garatzea. Hori azpiegitura onak izatetik hasten dela azpimarratu du.