Imanol Azkuek (Zumaia, 1965) Hamaika argi gure euskarari liburua idatzi du. Garai bateko zumaiarren euskara aztertzea eta biltzea izan ditu helburu, besteak beste. Lana egiteko, iturri dokumentaletara jo du, gehienbat, eta prozesu horrek «konstantzia» eskatu badio ere, «gustura» dago emaitzarekin. Abenduaren 2an aurkeztuko du, Zumaiako Alondegiko ganbaran.
Zer kontatzen du Hamaika argi gure euskarari liburuak?
Aurretik Baleike aldizkarian argitaratutako artikulu batzuk bildu ditut liburuan, gehi beste pare bat, kronologikoki antolatuta, XVIII. mendearen amaieratik gaur egunera arte. Artikulu horiek idazten hasi nintzenean, honako hau zen nire kezka: euskaraz ari gara gaur egun, baina zer dakigu duela ehun, berrehun edo hirurehun urteko zumaiarrez? Pentsatzen dugu euskaraz biziko zirela, baina ez daukagu ziurtasunik hori baieztatzeko. Artikulu horiekin saiatu nintzen arrasto batzuk ematen, eta adibideak irudikatu nituen argiak bezala, lehen ilun ikusten nuen gai batean argi pixka bat egoteko.
Beka batetik abiatutako lan bat da. Zer hipotesirekin abiatu zenuen prozesua?
Zumaiako Udalak banatu zuen beka aspaldi izan zen, 2018 eta 2020 bitartean. Zumaiako euskararen historia soziala ikertzea izan zuen helburu, ez genekielako zein egoeratan egon zen euskara gure herrian. Beka hari esker, kontu ugari jakin genituen; batez ere, euskara zenbateraino zabalduta zegoen eta nola erabiltzen zuten. Lanari esker egiaztatu ahal izan dut lehen ere euskara nagusi izan zela Zumaian. Lehen, agian, sumatzen genuen hala izango zela, baina frogarik ez geneukan.
«Nire kezka nagusia zen lehendik eginda neukan bekako lan mardulari irteera bat ematea, hura ez geratzea kaxoi batean ahaztuta eta, batez ere, zumaiarrek kontu horien berri jakitea»
Artikulu horiek argitaratu zenituenean, pentsatzen al zenuen liburu forma hartuko zuela gero?
Buruan baneukan ideia hori, baina ez nengoen seguru azken emaitza liburua izango ote zen. Nire kezka nagusia zen lehendik eginda neukan bekako lan mardulari irteera bat ematea, hura ez geratzea kaxoi batean ahaztuta eta, batez ere, ezagutaraztea eta zumaiarrek kontu horien berri jakitea. Horregatik hasi nintzen artikuluak idazten, eta, atera ahala, konturatu nintzen baietz, erraza zela gero denak batera liburu batean jartzea, eta koherentzia handia zeukala liburuak, euskara zelako kontakizunaren hari nagusia, dena lotzen zuena.
Beraz, Zumaiak eutsi egin dio euskarari, ezta?
Bai, euskarak eutsi dio, iraun du, biziraun… Baina, batez ere, zumaiarrek eutsi diote, pertsona batzuek ekarri digutelako euskara orainera, euskara ez delako bakarrik eta ahaleginik gabe ailegatu gurera. Garai batzuetan errazago eta erosoago bizi izan ziren zumaiar euskaldun haiek, adibidez, euskaraz bakarrik zekiten. Beste batzuetan, berriz, estu eta larri ibili ziren, mehatxuei, debekuei eta zigorrei aurre egin behar izan zietelako euskaldun izateko; ahalegin handia egin behar izan zuten euskaraz bizitzeko; lortu zuten, eta gu hemen euskaraz ari gara beste batzuek euskarari eutsi ziotelako eta transmititu zutelako. Liburua hori nabarmentzeko era bat da, baita eskerrak emateko ere.
Euskaldun izatea nekeza zen orduan ere…
XIX. mendean oso nabarmena zen euskara eta euskaldunak ahultzeko eta gaztelania indartzeko ahalegina, euskara erabiltzea debekatzen edo zigortzen zuten legeekin, eta orduan sortu ziren Euskal Pizkundea eta abertzaletasuna ere, euskalduntasuna indartzeko. XX. mendean ere gauza bera; batez ere, 36ko gerraren ondoren, frankismoarekin. Gogorra izan zen hura, baina aspalditik ari gara euskara biziberritu nahian. Euskaldun izatea ez da inoiz erraza izan, ez orain eta ez lehen, eta beti egon dira euskarari eutsi dioten eta euskara babestu eta bultzatu duten zumaiarrak, batzuetan antolatuta eta beste batzuetan ez.
Azterlan sakona egin duzu. Zer iturritara jo duzu ikerketa egiteko?
Batez ere, idatzizko iturrietara, duela hiru eta bi mendeko bestelako materialik ez dagoelako. XVIII. eta XIX. mendeetakoa aztertzeko, artxiboetako dokumentuak eta liburuak erabili ditut. Gainerakoan, XX. mendean, beste iturri batzuk ere badaude: hemeroteka, argazkiak… Eta, batez ere, pertsona batzuen lekukotzak aurkitu ditut, oraindik ere bizirik dauzkagulako garai hartako lagun batzuk, zer gertatu zen kontatzeko. Antzinako dokumentu horietako gehien-gehienak gaztelaniaz daude, euskaraz ez zelako idazten, eta horietan hizkuntza ez da propio lantzen edo aitatzen. Horregatik, batik bat, bilaketa lana egin dut, ia ezkutuan zeuden euskararen arrastoen bila, egoera nolakoa izan zitekeen imajinatzeko.
«Gu hemen euskaraz ari gara beste batzuek euskarari eutsi ziotelako eta transmititu zutelako. Liburua hori nabarmentzeko era bat da»
Ba al dago ezustean harrapatu zaituen zerbait?
Horrelako lan batek konstantzia eskatzen du, eta testu asko-asko alferrik irakurri behar izatea. Horrelakoetan, erraza da etsitzea edo aspertzea, eta burugogorra izan beharra dago. Tarteka, sorpresak eta poz handiak ere izaten dira, gutxien espero duzunean azaltzen zaizulako adibide on bat, eta horrek erabat arintzen du ordura arteko neke guztia. Bereziki interesgarria egin zait epaiketetako materiala; horri buruzko kontu ugari egoteaz gain, herritar arruntak azaltzen baitira hizketan eta garai bateko bizimoduaren berri ematen baitute.
Arlo asko landu dituzu, baina gelditu al da zerbait kanpoan?
Bai, adibide ugari geratu dira kontatu gabe. Adibidez, leku izenak aipatu baino ez ditut egin hemen, eta hari horri tiraka material ugari dago, badago zer kontatua izenen gainean: etxeak, kaleak, iturriak, errekak, bideak, terrenoak..