«Euskaraz jakiteak euskararen erabileraren arduradun egiten gaitu»

«Euskaraz jakiteak euskararen erabileraren arduradun egiten gaitu»

Itziar Idiazabal Gorrotxategi (Gaintza, 1949) euskal hizkuntzalari eta psikolinguista da. Gaur egun erretiroa hartuta badago ere, ikerketa lanetan murgilduta dago. Euskararen egoera, elebitasuna, hezkuntzaren garrantzia eta beste zenbait gai aztertu ditu urte askoan.

Zer dela-eta hartu dituzu elebitasuna eta eleaniztasuna zure ikerketen ardatz nagusi gisa?

Aspalditik interesatu zaizkidan bi gai dira. Hala ere, ez dira urte asko ikergai bilakatu direla. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan hasi zen elebitasunaren eta eleaniztasunaren inguruan interesa pizten; hain zuzen ere, euskararen normalizazioa bultzatzeko ikastetxeak sortzea planteatu zenean. Eusko Jauraritzak euskararen eta gazteleraren ofizialtasuna onartzen zuen legea jarri zuen martxan, 1980ko hamarkadaren hasieran, eta, orduan, helburu ezinbestekotzat jo zen elebitasuna. 

Zein zen orduko egoera?

Garai hartan elebitasunaren gaineko ikerketa falta handia zegoen. Elebistasuna nola gauzatu, kudeatu, eta, batez ere, elebistasunaren onurak zein izan zitezkeen aztertu beharra zegoen, baina elebitasuna ez zegoen ondo ikusita. Kalteak ekartzen zituela esaten zuen askok, eta eskola atzerapenaren eragile nagusitzat jotzen zen. Elebidun gisa, hori ikertzeko gogoa piztu zitzaidan, guretzat ez baita arrotza izan bi hizkuntza hitz egitea. Azken batean, teorizatu gabeko zerbait zen elebitasuna, eta teorizazio horren atzetik hasi nintzen. Genevara [Suitza] joan nintzen ikastera, hizkuntza batekin baino gehiagorekin antolatutako herrialde bat delako. Han Jean-Paul Bronckart hizkuntzalariarekin ikasteko aukera izan nuen.

Beraz, zein dira elebidun edo eleaniztun izatearen ondorioak?

Oraindik ere zenbait herrialdetan pentsatzen dute elebitasuna arazo iturri bat dela —Estatu Batuetan, esaterako—, baina hori ez da horrela. Ikerketa askok erakutsi dute hizkuntza bat baino gehiago hitz egiteak buru malgutasuna eragiten duela. Azken batean, hizkuntza batean jardutea burua lantzeko ariketa bat da, eta zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago lantzen da garuna.

«Hizkuntza batean jardutea burua lantzeko ariketa bat da, eta zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago lantzen da garuna»

Euskal herritarren kasuan, zer eragin du euskara jakiteak? 

Batetik, giza inklusiorako aukera handia ematen duela esango nuke; batez ere, bertakoak ez direnentzat. Gainera, frogatuta dago norbanakoaren gaitasun kognitiboan ere aurreparen nabarmena eragiten duela. Euskal Herrian elebidun izanda egokiago bizi zaitezke, aukera gehiago ditu elebidunak, hobeto ezagutuko ditu bertako kulturaren eta bizitzaren ezaugarriak, eta, beraz, integratzeko aukerak ere askoz handiagoak dira. Bertako elebidunen kasuan baino gehiago, atzerritarren kasuan antzematen da hori: euskara ikasteak inklusiorako aukera handia ematen die, eta horren adibide asko dauzkagu.

Zeintzuk?

Adibidez, saltoki eta dendak irekitzen dituzten atzerritarren kasuan, euskara jakiteak bezero euskaldun asko erakartzen ditu. Gainera, bi aldeek jasotzen dituzte onurak: dendariek bezeroak lortzen dituzte, eta erosleak gustura joaten dira, euskaraz hitz egin dezaketelako. Gainerakoan, bertan jaiotako euskaldunentzat ere beti izango da onuragarria poliglota izatea, aberasgarria baita. 

Zer desberdintasun dago etxeko hizkuntza euskararen gisako hizkuntza gutxitu bat izatearen edo hizkuntza hegemoniko bat izatearen artean?

Euskara ama hizkuntza duenak bere hizkuntza garatzeko askoz aukera gutxiago izango ditu hizkuntza hegemoniko bat duenaren aldean. Asko aurreratu dugun arren, ez da kasualitatea euskaldun askok zeinen erraz jotzen duten gaztelerara, eta, aldiz, erdara soilik dakitenak zein lasai bizi daitezkeen euskarara jo beharrik gabe. Euskara bezalako hizkuntza gutxitu batetik datorrenak, hizkuntza garatzeko, ezinbesteko du eskolaren eragina. Baina gaztelera, fransesa edo ingelesa hitz egiten duen batentzat, hizkuntza hori hitz egiten den herrialdeetan bizi bada behintzat, eskola osagarri bat besterik da. Nolabait esateko, hizkuntza hegemonikoek garatzeko aukera guztiak dituzte eskolaren beharrik izan gabe. 

Itziar Idiazabalek euskararen erabileran gaineko hainbat hitzaldi eman ditu bere ibilbidean zehar. 2017an, esaterako, Inge Sichra hizkuntzalariarekin batera aritu zen EHUk antolatutako hitzaldi batean. Irudian, Idiazabal eta Sichra, 2017an, Gasteizko Letren Fakultatean. LAURA LOPEZ

Beraz, ikastetxeek badute euskararen garapenean eta biziraupenean eraginik?

Bai, noski. Orain gutxi egindako lan batean aztertu dugu hizkuntza gutxitua duten irakaskuntza eredu eleaniztunetan agertu diren aurrerapenak, ez baita gauza bera gaztelera soilik irakasten den eskola eredu baten edo euskara tartean dagoen eredu baten izaera. Noski, bat ez da bestea baino hobea, baina frogatu da gaitasun gehiago garatzen direla hizkuntza aniztasuna dagoenetan. Irakasleek ere gaitasun gehiago eta sentsibilitate handiagoa garatzen dituzte eredu eleaniztasunetan, elebakarretan baino.

Ohikoa da pentsatzea euskara ikastea zaila dela. Horren inguruko ikerketa bat ere egin zenuen.

Bai. Ane Ortega, Esti Amorrortu eta Andoni Barreñarekin egin nuen ikerketa bat izan zen. Prozesu horretan, ikusi genuen oso zabaldua dagoen jarrera bat dela euskara zaila dela pentsatzea, baina ez dauka fundamentu zientifiko handirik. Jarrerak sozialki eraikitzen diren ezagutzak dira, eta, sozialki euskara gaztelera baino gutxiago ikasten denez, zailagoa dela esan ohi da. Hizkuntza bat zailago edo errazago izatea, hori etxetik ikasitako lehenengo hizkuntzak egiten du. Alegia, lehenaren eta bigarrenaren artean antzekotasunak badaude, betiere errazagoa izango da ikastea; aldiz, oso desberdinak badira, gehiago kostatuko da. Dena den, bakoitzaren ideologiak eta jarrerak ere asko egiten du. Euskara zaila izan liteke gazteleratik salto handi bat dagoelako, baina, berez, haur batek ez dauka inolako arazorik elebitan egiteko. Frogatu da etxetik elebidun diren haurrek —hau da, etxetik bi hizkuntzatan hitz egiten dutenek— berdin-berdin ikasten dituztela bi hizkuntzak, inongo atzerapenik gabe. Beraz, esango nuke jarrera kontua dela gehiago.

Gauza bera al da haurtzaroan edo helduaroan hizkuntza bat ikastea?

Hizkuntza bat ikasteko ez dago adin mugarik, baina haurtzaroan errazagoa izan liteke. Nolabait, jaiotzen garenean ikasteko gaitasun handia izaten dugu. Haurren kasuan, gaitasun biologikoak dituztela esan daiteke, baina gaitasun horiek eragile sozialak behar dituzte garatzeko. Txikitan, abantaila nagusia da erakutsitako guztia ikasgai bihurtzen dela; hau da, haurrak sozialki oso emankorrak eta hartzaile izugarriak direla. Artean ez daukate irizpiderik edo konplexurik, eta helduek esandakoa erakargarri iruditzen zaie. Hori dela eta, txikitan errazagoa da ikastea, nahiz eta etxean hitz egiten ez den hizkuntza bat izan.

«Oso zabaldua dagoen jarrera bat da euskara zaila dela pentsatzea, baina ez dauka fundamentu zientifiko handirik»

Gaur egun, nola ikusten duzu euskararen egoera haur, gazte eta helduetan?

Hori soziolinguistikak aztertzen du hobeto, eta faktore askok eragiten dute kontu horretan. Gauza bat da eskolak bere zeregina nola betetzen duen, eta beste bat, eskolatik kanpo ikasleek zer aukera egiten duten hizkuntzen erabileran. Badakigu hor dagoela arazorik handiena. Euskararen eta gazteleraren edota beste hizkuntza hegemonikoen artean alde handia dago, eta euskaraz hitz egiteak ahalegin, kontzientzia edo sentsibilizazio berezi bat eskatzen du, eskolan behar beste landu ez dena, agian. Euskaraz jakiteak euskararen erabileraren arduradun egiten gaitu, eta ez hiztun, besterik gabe. Bestela, kontzientziarik ez baduzu, ezin zaio aurre egin gaztelerak edo ingelesak duten indarrari. Hala ere, uste dut, neurri batean, eskolan landu beharreko zerbait dela hori. Ardurarik edo kontzientziarik ez badago, oso handia da euskara baztertzeko aukera, eta hori da gertatzen ari dena. 

Esan daiteke hizkuntza baten hiztun kopuruak hizkuntza horren etorkizuna zehazten duela?

Garrantzia du, baina hor komunitatearen izaera, indarra eta kontzientzia da garrantzitsuagoa. Normalean, lau milioi hiztun dituen komunitate batek errazagoa dauka, baina ez da beti erabakigarria. Kitxua komunitatearen kasuan, adibidez, milioika hiztun dituzten arren, ez dute lortzen hizkuntza hori normalizatzea. Zenbakiak garrantzitsuak dira, baina ez dira baldintza bakarra.

MOTZEAN

Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu? Hitz egin, euskara, gaztelania, katalana, frantsesa eta ingelesa. Portugesa eta Italiera ere ulertzen ditut, baina hitz egiteko ausardia falta zait. 

Erreferente bat? Nire ama: Juanita Gorrotxategi Gorrotxategi.

Gomendatzen duzun irakurketa bat? Zergatik eta nola bihurtu didaktikari? liburua. 2020an euskaratu zuten. 

Zaletasun bat? Baratzea eta loreak lantzea. Sukaldean egitea ere asko gustatzen zait.