Zumaiako Santiago hondartzako duna sistema babesteko lanketa abiatu zuen Aranzadi zientzia elkarteak duela bi urte. Joan den urriaren 29an egin zuten plangintzaren barruko orain arteko azken ekintza. Izan ere, Aranzadiko kideek auzolana egin zuten hainbat herritarrekin Zumaiako landare espezie inbaditzaileak kentzeko. Mari Azpiroz Aranzadiko Botanika saileko kidea (Lasarte-Oria, 1979) da Zumaiako dunak babesteko lanetan murgilduta daudenetako bat. «Proiektu handia da Santiagoko hau», azaldu du. «Bi urte daramatzagu honetan lanean, eta espero dugu etorkizunean ere jarraitzea».
Zer espezie inbaditzaile erauzi zenituzten Zumaiako Santiagoko dunetatik azken auzolan saioan?
Dunetatik espezie exotikoak kentzea da gure lana; jatorriz bertakoak ez direnak, alegia. Badaude kanpokoak izan arren kalterik sortzen ez duten espezieak, baina badira espezie exotiko inbaditzaileak ere, dunan kalteak eragiten dituztenak, bertako habitata baztertzen dutelako. Urriaren 29ko saioan, esaterako, Carpobrotus edulis espezieko landareak kentzen aritu ginen. Hegoafrikan du jatorria landare horrek, eta dunetan eremu handiak hartzen ditu sarri, sistema arrastakariari esker. Carpobrotus edulis-aren populazio zabalak izan genituen bere garaian Zumaian, eta, erauzi eta erauzi ibilita, landare gehienak kentzea lortu genuen, baina orain orban edo arrasto berriak agertu dira, eta horiek kentzen aritu ginen, auzolanean.
«Espezie inbaditzaileek gaitasuna dute eremu handiak okupatzeko, eta arriskua dakarkiete bertako espezieei, haien iraupena kinka larrian jartzeraino»
Nola heldu da halako espezie bat Hegoafrikatik Zumaiaraino?
Espezie hau oso polita da itxuraz, lore oso erakargarria dauka, handia, horia edo morea, garaiaren arabera. Beraz, lorategietan-eta landatzeko ekarri zuten, apaingarri gisa, baina hortik zabalduz joan zen. Zapalkuntza eta gazitasuna onartzen dituen landare bat da, eta horregatik izaten da oso ugaria kostaldean. Frantzia iparreko dunetan ikustea oso ohikoa da, adibidez.
Dunak habitat delikatuak direla esan ohi da. Horrelako espezieek zenbateraino jar dezakete arriskuan dunetako habitata?
Azken finean, espezie inbaditzaileen ezaugarri nagusiak zera dira, azkar hazten direla eta eremu handiak okupatzen dituztela. Bi ezaugarri horiek arriskua dakarkiete bertako espezieei, haien iraupena kinka larrian jartzeraino, habitataren galera sortzen dutelako. Horregatik, oso kontuan hartzekoak dira espezie inbaditzaileak, tokikoentzat lehiakide oso indartsuak izan ohi direlako.
Aranzadi zientzia elkarteko kideak eta Zumaiako bizilagun batzuk, urriaren 29an, Zumaiako Santiago hondartzan, landare inbaditzaileak kentzen. PEDRO AMUNDARAIN
Bi urte dira Santiagoko dunetan lanean hasi zinetela. Zer lantzen ari zarete Zumaian?
Jarraipen prozesu bat dela esan daiteke. Izan ere, landare inbaditzaileekin lan egiten denean, denbora askoan egin behar izaten da lan. Landare horiek haziak botatzen dituzte, lurrean hazi banku bat sortzen da, eta horrek urteetako lana eskatzen du. Eusko Jaurlaritzak Zumaiako Udalari emandako diru laguntza batekin abiatu zen proiektu hau. Lehen lana dunak ikuskatzea izan zen, eremu horretan zer espezie zeuden ikusteko. Ondoren etorri dira erauzketa lanak. Urteroko erauzketen eraginkortasuna kartografia berriarekin neurtuko dugu. Espezieka egingo ditugu erauzketa lanak, eta espero dugu pixkanaka-pixkanaka espezie inbaditzaileen populazioa eta eremua murriztuz joatea.
Zergatik dira garrantzitsuak Santiagokoak bezalako dunak?
Euskal kostako itsaslabarrak oso malkartsuak dira eta itsaslabar asko dauzkagu, baina ibaiak itsasoratzen diren eremu gutxi. Hau da, padura eta duna gutxi dauzkagu, eta, gainera, askotan gune eraldatuak izaten dira. Zumaian, esaterako, Santiagoko eremukoa nahikoa duna zabala da, baina Zarautzen, adibidez, herria bera duna baten gainean eraikita dago.
«Dunetan eta paduretan eraiki dugu. Espezie mehatxatuak oso eremu gutxitan ditugu, oso duna gutxi dauzkagulako»
Zergatik da garrantzitsua eremu horiek bere horretan mantentzea?
Urtez urte, duna eta paduretan eraiki dugu, eta, ondorioz, horrelako eremu oso gutxi ditugu. Espezie mehatxatuak oso eremu gutxitan ditugu, oso duna gutxi dauzkagulako. Beraz, oso garrantzitsua da dauzkagun eremu gutxi horiek ondo zaintzea eta dunen habitataren iraupena bermatzea.
Amaierarik gabeko lana al da dunetako habitaten zaintza?
Jarraipena eskatzen du. Horregatik, animatu nahiko nuke jendea Santiagon landare inbaditzaileak erauzteko egin dugun auzolanaren antzeko ekintzetan parte hartzera: batetik, jarraipena behar duen lan bat delako, eta, bestetik, espezieak ezagutzeko. Uste dut jende askok ezagutzen dituela zenbait espezie inbaditzaile; panpa lezka edo plumero de la Pampa, Cortaderia selloana, esaterako, ohikoa da. Baina badira beste batzuk hain ezagunak ez direnak, kamuflatuagoak-edo daudelako. Garrantzitsua da jendeak horiek ere ezagutzea, zer kalte sortzen dituzten jakitea. Horregatik da garrantzitsua da proiektu honek aurrera egitea.