Pasaiako Udalak Klima-Orratz proiektua abiarazi du

Pasaiako Udalak Klima-Orratz proiektua abiarazi du

Klima aldaketa etorkizuneko mehatxurik handienetako bat da, epe motz, ertain zein luzera begira. Azken bi asteetan Valentziatik (Herrialde Katalanak) iritsi diren albiste eta irudiek lehen lerroan jarri dute arazoa, berriro. Gaiarekin kezkatuta, Pasaiako Udala lanean ari da klima aldaketak etorkizunean eragin ditzakeen kalteei aurre egiteko. Erronka «handi» horri erantzuteko, datozen urteetan bide orri bilakatuko duten Klima-Orratz proiektua abiarazi du berriki.

Iraitz Pazos Pasaiako Udaleko Ingurumen zinegotziak esan du lehengo astean egin zutela proiektua abiarazteko aurreneko urratsa. Izan ere, Pasai San Pedroko eragile publiko, pribatu eta komunitarioak elkartu ziren, klima aldaketari aurre egingo dion prozesu bat martxan jartzeko asmoz.

«Egiteko modu berri bat behar dugu, lankidetza publiko-pribatu-komunitarioa helburu duena, eta ezagutza eta ahalmen komunitarioa aktibatzeko gai dena»
IRAITZ PAZOS Pasaiako Udaleko Ingurumen zinegotzia

Zinegotziaren arabera, klima aldaketaren erronka «konplexua» da, eta, dioenez, administrazioari «ezinezkoa» zaio «halako erronka bati» bakarrik erantzutea. «Egiteko modu berri batez ari gara, lankidetza publiko-pribatu-komunitarioa helburu duen batez, eta ezagutza eta ahalmen komunitarioa aktibatzeko gai den batez».

Bilkura «oso emankorra» izan zela azaldu du Pazosek, hogei eragiletik gora bildu baitziren. 2050eko Pasai San Pedro irudikatu zuten bildutakoek, eta «hitzeman» zuten klima aldaketari lankidetzan erantzungo diotela.

Aldaketa esanguratsuak

Bide orri hori diseinatzeko, metodologia «berezi» bat erabiltzea erabaki dute. Prozesua gidatzeko, Mariana Mazzucato ekonomialari italiarraren metodologia hartu dute eredutzat, ezaguna baita misioen ikuspegiagatik. Pazosek azaldu du ikuspegi horren ardatza eragileen arteko lankidetza dela, eta arazo konplexuei aurre egiteko premisa zehatza duela: hots, «ahalegin bateratu» baten bidez bakarrik lor daitezke «aldaketa esanguratsu eta iraunkorrak». 

AZTI ikerketa zentroa da lehen bilkuran parte hartu duten eragileetako bat. Inpaktuzko zientzian eta teknologian aditua da zentroa, eta gizarte osasungarri eta eraginkorra garatzeko lanean ari da aspaldi, San Pedron. Bilkuran izan zen Andrea del Campo AZTIko itsas teknologiako aditua, eta aitortu du proiektua «oso interesgarria» iruditu zaiela AZTIko kideei, uste baitute Pasaia «kalte gehien jasan ditzakeen eremua» dela.

«Geldiezina da klima aldaketa, eta, horregatik, gaurdanik zerbait egiten hasi behar dugu, eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen»
ANDREA DEL CAMPO AZTI Ikerketa Zentroko kidea

2050eko Pasaia nolakoa izango den irudikatu du Del Campok, eta azaldu du bi jokaleku aurreikusten dituztela Aztiko kideek. Lehenengo agertokian aurreikusten dute itsasoaren maila 26 zentimetro igoko dela, eta bigarrenean, 70 zentimetro. «Horrek ez du esan nahi etengabeko uholdeak izango direla, eremu batzuetan errepikakorragoak eta handiagoak izango direla baizik». 

Azti zentroko kidearen arabera, klima aldaketaren arazoa «konponezina» da. «Saihetsezinak dira itsasoaren igoera eta planetaren beroketa», esan du. «CO2a guztiz erabiltzeari utziko bagenio ere, planetak berotzen jarraituko luke. Geldiezina da klima aldaketa, eta, horregatik, gaurdanik zerbait egiten hasi behar dugu, eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen». Del Campok gaineratu du ondorio klimatologikoak aurreikusi eta horietara egokitzeko beharra dagoela.

Protokolo falta

Valentziako hondamendia adibide gisa hartuta, adituak «prebentzioan» eta «alarman» jarri du arreta, eta esan du berehala aktibatu beharko liratekeela protokoloak. Hain zuzen ere, protokoloei dagokienez, uste du oraindik «gauza asko» egin behar direla. «Protokoloak behar dira; asko dago egiteko alde horretatik. Zerbait berria behar da. Hori definitu nahi dugu Klima-Orratz proiektuan. Makineria piztuta daukagu».

AZTIko kideak azaldu du ez dagoela 2050a irudikatu beharrik klima aldaketaren ondorioak zein izango diren aurreikusteko. Izan ere, haren ustetan, hasiak dira agertzen klima aldaketaren ondorioak. «Ez dugu 2050era joan beharrik. Valentzian gertatu denak argi utzi du klima aldaketa hemen dagoela, gainean dugula».