Hondarribiko sarreran dago Elikaeskola zentroa, eta arreta pizten du. Behin barnera sarturik, sukalde zabal eta argitsu bat ikus daiteke, eta, han, fruituz eta barazkiz osaturiko saskitxo bat dago. Laranja izan daitekeen logo handi batekin apaindua da gela. Elikaduraz eta ongi izateaz aritzeko leku ezin aproposa da. Horretaz solasean aritu da Jone Larrañaga nutrizionista (Zarautz, 1990). Hain zuzen, esplikatu du buru osasunak elikaduran eragina duela. Bi osagai horien arteko harreman zail eta orotarikoa nabarmendu du. Halaber, esan du jaki ultraprozesatuen gehiegizko kontsumoa arriskutsua dela, eta dieta zorrotzak, berriz, beldurrak eta ondorioak ekar ditzakeela.
Zertan oinarritzen da garunaren eta hesteen arteko lotura?
Ni ez naiz patologia digestiboetan aditua. Nire lankidea da aditua: Eli Gallego. Egia da azken urte hauetan asko bilatu dela garunaren eta hesteen arteko lotura, eta esan dela hesteetan sortzen den serotoninak garunean eragina duela, eta horrek zoriontasuna ekar dezakeela, baita depresioa sendatu ere. Aldiz, ikerketek frogatu dute serotoninak barrera hematoentzefalikoa ez duela pasatzen. Orduan, ez dauka benetako eraginik garunean, ezta lotura zuzenik ere.
Elikagai ultraprozesatu asko janez gero, depresioaren seinale batzuk ager daitezke?
Ez dakit depresioarekin lotura zuzena duen, baina egia da jaki ultraprozesatuek eragin zuzena dutela gure garunean. Oso ongi diseinatutako elikagaiak dira, sariztatze zirkuituan eragiten dutelako. Susperraldi moduko bat sortzen dute. Janari ultraprozesatuetako azukreak goraldia dakar, eta gorputzak gluzemia gorakadak eta jaitsaldiak jasaten ditu.
Nola eragin diezaioke dieta behartu jakin batek buru osasunari?
Izugarrizko eragina du. Gure paziente gehienek elikadura nahasmenduak eta patologia digestiboak dituzte. Bietan hori izan daiteke arazoaren jatorria. Gaitz bat sendatzeko diseinatutako estrategia bat martxan jartzen da, baina maiz estrategia hori ez da pertsonari egokitua. Pentsatu behar da elikadura zorrotz batek epe luzera ez duela funtzionatzen. Zorroztasun horrek, batik bat, obsesioak eta beldurrak sor ditzake. Dieta zorrotzetatik ateratzean, gizentzeari beldurra diote askok; sekulako beldurra diote aurretik murriztu dituzten elikagaiak berriz kontsumitzeari; blokeatuta gelditzen dira.
«Pentsatu behar da elikadura zorrotz batek epe luzera ez duela funtzionatzen. Zorroztasun horrek, batik bat, obsesioak eta beldurrak sor ditzake»
Elikadura nahasmendua buru gaixotasun baten ondorioa da?
Nik uste dut nahastea sortzen dela zentzu horretan. Elikadura nahasmendua da elikagaiak ezohiko moduan kontsumitzea. Askotan ahazten zaigu buru nahasmendua dagoela elikadura nahasmenduaren oinarrian. Berez sortzen diren egoerak ez dira elikadurarekin ikusten ditugun jarrera horiek, baizik eta horren atzean dagoenaren ondorioa: antsietatea, trauma, perfekzionismoa, beldurrak eta beste hainbat gauza.
Bestalde, azken urteetan jende askok alergia die elikagai jakin batzuei. Nondik dator hori?
Glutenari eta esneari alergia, adibidez. Pertsona batzuek euren kabuz kentzen dute glutena, kalte egiten dielako. Bestalde, inolako oinarririk gabe, osasun arloko profesional batzuek esnea eta glutena kentzeko esaten diete paziente askori. Gizarteak sekulako beldurra hartu die elikagai horiei. Aurrekoan norbaitek esan zidan profesional batek esnea kendu ziola mediku probarik egin gabe, esnea kaltegarria ez zaionean. Glutena kentzen duten pertsonak hobeto sentitzen dira, baina baliteke glutena ez izatea arazoa, baizik eta glutena duten jaki ultraprozesatuak.
Alergien eta dieten sasizientzia hori nondik zabaltzen da?
Sare sozialetatik. Azkenean, bideo motzak egin behar dituzu, mezu zuzen batekin eta jendearen arreta erakartzeko. Dieten modaren araberakoa da. Orburuaren dieta zen lehenik modan jarri, eta beste asko etorri ziren atzetik. Bestalde, fruituak oso kriminalizatuak dira sare sozialetan. Fruituak jatea, baina, zoragarria da; gutxienez, egunean hiru pieza jan behar genituzke.
Sentsibilizazio falta da osasun arloan?
Ez osasun arloan bakarrik. Arazo handia dago osasun publikoan, ez baitago nutrizionistarik. Arazo batekin joaten zarenean, mediku batek edo erizain batek emango dizu aholkua. Baina ez dira horretarako prestatuak. Nik uste dut esku hartze handiagoa behar dela.
«Pertsona batzuek ez dutenean emozioak kudeatzeko tresnarik, elikaduraren bidez kudeatzen dituzte. Horrek erakusten du tapatzen dela kudeatu ezin den emozio hori eta elikadura baliatzen dela horretarako»
Esango zenuke elikadura dela emozio txarrak sendatzeko erabiltzen den alternatiba?
Bai, guztiz. Lehen aipatu dudan betekadagatiko nahasmenduari lotuta dago. Pertsona batzuek ez dutenean emozioak —positiboak edo negatiboak— kudeatzeko tresnarik, elikaduraren bidez kudeatzen dituzte. Horrek erakusten du tapatzen dela kudeatu ezin den emozio hori, eta elikadura baliatzen duzula horretarako. Kasu horietan, arazo bihurtzen da. Baina, neurri batean, denok egiten dugun zerbait da! Adibidez, egun txarra eduki eta txokolate asko jan, noizean behin denean, ez da ezer gertatzen. Errekurtsoa beti baliatzea, ordea, arriskutsua da.
Zaila da ohartzea zer tapatzen den elikadurarekin?
Zaila da. Askotan kostatzen da ulertzea nondik datorren benetako arazoa. Guri etortzen zaigu jendea esanez elikaduraren inguruko laguntza nahi duela, kontrol falta ez izateko. Baina aztertu behar da nondik datorren hori, eta, segur aski, pazienteek, gure laguntzaz gain, psikologo baten laguntza ere beharko dute.