Ekainaren 21ean Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak kezka erakutsi zuen AHTaren Donostia-Iruñea lotunea Gipuzkoatik kanpo gera daitekeelako: hau da, Gasteizen, ez Ezkio-Itsason. «Aldarrikatzen dugu ezinbestekoa dela Ezkio-Itsasoko lotunea egitea, eta, hala, Goierri, Urola eta Debagoiena ibarrei zerbitzua emango dien geltoki bat izatea. Ezkio-Itsasoko lotuneak eragin txikiagoa du paisaian, zuzenagoa da, eta azkarragoa eta eraginkorragoa EAE eta Nafarroako hiriak lotzeko».
Mendozaren esanetan, Mediterraneoa eta Atlantikoa lotzeko biderik lasterrena izango litzateke Ezkio-Itsasoko aukera. Lotura handik eginez, Iruñearen eta Donostiaren arteko bidea egiteko 44 minutu beharko lirateke. Abiadura handiko trenak Gasteizeraino joan beharko balu eta berriz Donostiara itzuli, ordea, 63 minutu.
Denbora irabaztea ez ezik, jokoan dago Gipuzkoaren eta Arabaren arteko lehiakortasuna ere, proiektuak ekonomiari dagokionez ateak irekitzen dituelakoan. Ekonomikoki ez ezik, lehia politikoan ere oinarritua da lotunearen auzia.
Auzi «politikoa»
Ezkio-Itsasoko geltokiaren obrak «oso aurreratuak» daudela adierazi du Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkateak. Haren esanetan, geltokia bukatuta ez dagoen arren, barneko altzariak eta beirak ezartzea eskas da, eta zehaztu du aparkalekua eraikia dagoela jada. Bestalde, Telleriak salatu du desinformazio handia dagoela Gasteizko eta Ezkio-Itsasoko lotuneen inguruan. Azken hilabeteko auziak izugarrizko eragina izan du, eta alkateak erantsi du nazkatuak direla. «Denen ahotan gaude. Gure herria aipatzen dutenen erdiek baino gehiagok ez dakite non gauden. Ematen du oso garrantzitsuak garela, baina azkenean inork ez gaitu kontuan hartzen».
«Denen ahotan gaude. Gure herria aipatzen dutenen erdiek baino gehiagok ez dakite non gauden. Ematen du oso garrantzitsuak garela, baina azkenean inork ez gaitu kontuan hartzen»JOSEBA TELLERIA Ezkio-Itsasoko alkatea
Lotunea Gasteizen edo Ezkio-Itsason egin, ez ditu ondorio berak izanen bertako biztanleentzat. Hain zuzen, Telleriaren arabera, lotura Ezkio-Itsason egingo balute, gaur egungo azpiegiturak baliatzeko aukera izango litzateke, eta geltokia baliagarria izango litzaieke ibarreko ia 70.000 biztanleei. Aldiz, adierazi du lotunea Gasteizen eraikiko balute trenak ez liratekeela geldituko Ezkio-Itsason. «Trenak pasatzen ikusiko genituzke ziurrenik, eta ez lirateke geratuko. Hasieran, argi eta garbi zegoen lotura Ezkio-Itsason egin behar zutela».
Geltoki izateari utziko lioke Ezkio-Itsasok. Aukera horren harira, alkateak haserrea agertu du. «AHTaren proiektuaren kontra ginen, baina azpiegitura egin eta trenik ez gelditzea guri aurpegira barre egitea da». Lotunea edozein dela ere, Telleriak argi du erabakia «politikoa» izanen dela.
Ingurumen eragina
Ingurumenean eraginak izan ditu Ezkio-Itsasoko geltokia eraikitzeak, eta, oro har, AHTaren proiektuak. Beñat Azurmendi Goierriko Stop AHT taldeko kideak esan du abiadura handiko trenak nabarmen desitxuratu dituela landa eremuko paisaiak. Ez hori bakarrik: gehitu du AHTak suntsiketa eragin duela. «Lehenik, zundaketak egin zituzten, eta horrek arazo handiak sortu ditu. AHTak gure lurrak suntsitzen ditu. Txikizio ekosoziala ekarri duen makroproiektu bat da».
«Lehenik, zundaketak egin zituzten, eta horrek arazo handiak sortu ditu. AHTak gure lurrak suntsitzen ditu. Txikizio ekosoziala ekarri duen makroproiektu bat da»
BEÑAT AZURMENDI Goierriko Stop AHT taldeko kidea
Ezkio-Itsasoko aukera onetsiko balitz, 21,2 kilometroko tunel bat zulatuko dute Aralar mendian barna. Azurmendik salatu du, kutsadura handia eragiteaz gain, bertako fauna eta akuiferoak xehatuko dituztela. Gainera, esplikatu du Goierriko abeltzaintza lurrak arriskuan izango direla. «AHTak eragin handia izan du tokiko abeltzaintzan. Nekazarien lurrak erabili dituzte makroproiektua egiteko, eta horrek lurra suntsitu du. Adibidez, eremu askotan zundaketak egin dituzte, eta baserri inguruko paisaiak erabat aldatu dira».
Eragin sozialak
Ekosistema naturalean eragiteaz gain, hainbat langile hil dira AHTa eraikitzeko lanetan. Azurmendik adierazi du hamabi langile hil zirela. Lan istripu ugari izanik ere, horrek ez du trabarik sortu proiektua gauzatzen joateko. «Argi dago batzuei ez diela batere axola langileen bizitzak. Hortik bertatik hasita ikusten da nondik bideratu duten proiektua», esan du Goierriko Stop AHT taldeko kideak.
Obrak aspalditik hasiak diren arren, Ezkio-Itsasoko alkateak onartu du oso astunak egiten ari zaizkiola. AHTa eraikitzeak eragin zuzena izan du Ezkio-Itsason, herria bitan zatitu baitu. «Herri tontorraren eta Santa Luziaren artean trenbidea dago orain». Dena dela, esan du lehen ere bi gune nagusi zeudela, Santa Luziako auzoa behean baita, eta Ezkio, goian.
Azurmendik argi du alternatiba AHTa gelditzea eta tren sozialaren alde apustu egitea dela. «Tren sozialaren aldarria zabaldu nahi dugu. Eguneroko zerbitzua hankamotz utziko dute AHTarekin. Inbertsioa tren sozialean egin behar da, eta gaur egungo lineak hobetzeak izan beharko luke lehentasuna. Ordutegia eta maiztasuna aldatzea ekarpen handiagoa izango da AHTa eraikitzea baino».
Goierriko Stop AHT taldeko kidearen ustez, lotunea Ezkio-Itsason edo Gasteizen izan, erantzunak baino gehiago dira zalantzak, gaur egun. «Eraikitako azpiegiturak ez badira erabiltzen, zertarako balioko dute? Horretarako erabili den diru publikoarekin zer egingo da?».