Hirigintza eta Etxebizitza arloak, Donostiako Udalaren lehentasun 2025ean

Hirigintza eta Etxebizitza arloak, Donostiako Udalaren lehentasun 2025ean

Donostiako Udalak 517.493.047 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean, aurtengoa baino %6,76 handiagoa. Urriaren 19an aurkeztu zuten proiektua Eneko Goia alkateak, Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotzi Kerman Orbegozok eta Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzi Ane Oiarbidek. Alkatearen hitzetan, diseinatu duten aurrekontua «soziala, inbertitzailea eta garraio publikoarekin eta mugikortasunarekin konprometitua» izango da. Hirigintza eta Etxebizitza arloak lehentasun izanik, haietan egingo dute inbertsiorik handiena.

Goiak esan zuen aurrekontu proiektuak hiritar oro hartu nahi duela kontuan. «Ez dugu inor atzean utzi nahi, etxebizitza publiko gehiago sustatu nahi ditugu, mugikortasun jasangarria bultzatu, eta hiri zaindua eta segurua izaten jarraitu».

Orbegozo zinegotziak zehaztu zuen Hirigintza Sailak 12,1 milioi euroko aurrekontua izango duela datorren urtean, lehen hasitako egitasmoak garatzeko edota berriak hasteko. Horretaz gainera, Donostiako Etxegintzak 70,8 milioi euro jarriko ditu datozen lau urteetan, babes ofizialeko 282 etxebizitza eta 38 zuzkidura apartamentu egiteko.

Mugikortasun jasangarriaren aldeko «apustu sendoa» egiten jarraituko dutela gaineratu zuen Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotziak. «Dbusi ekarpen handiagoak egingo dizkiogu, eta mantenduko dugu Mugi txartelaren deskontu sistema».

EAJk eta PSE-EEk osatzen dute Donostiako udal gobernua. Gehiengo osoa daukate udalbatzan.