Txillidaren artisauei aitortza

Txillidaren artisauei aitortza

XX. mendearen bigarren erditik aurrera, Eduardo Txillidaren eskulturak egiten aritu ziren Legazpiko langile batzuk, Legazpin bertan, Patrizio Etxeberriaren burdinolan. Hain zuzen ere, eskultorearen jaiotzaren mendeurrena bete dela eta, Ser irrati kateak banatzen duen Bikaintasunaren Saria jaso zuten langile horietako batzuek azaroaren 6an, Donostiako Kursaal auditoriumean. Zortzi igo ziren oholtzara, saria jasotzera: Juan Mari Romaratezabala, Abel Araguzo, Angel Alonso, Joakin Perez, Claudio Caballero, Iñaki Azarola, Agustin Beloki eta Jose Mari Andueza. Saria haiek jaso bazuten ere, bidelagun izandako lankide guztiak izan zituzten gogoan. Bikaintasunaren Sariak Gipuzkoan erreferente bihurtu diren norbanakoak, enpresak eta erakundeak saritzen ditu, eta, aurten, Txillidarekin (Donostia, 1924-2022) lanean aritu ziren Legazpiko langileek jaso dute arte eta kulturaren saileko aitortza.

Sari banaketan, azaldu zuten arteak eta industriak «lotura estua» izan dutela Gipuzkoan, eta Patrizio Etxeberriaren burdinolako langileak «ezinbestekoak» izan zirela Txillidaren zenbait eskulturatan. Gaineratu zuten langileak gai izan zirela «burdinaren maneiuan lantegiko mugak gainditzeko» eta eskultoreari «artea egiten laguntzeko». Ondare hori oraindik «bizirik» dagoela esan zuten sari banaketan. «Txillida Lantoki museoan artea eta lana modu harmoniatsu batean bizi dira gaur egun».

Eduardo Txillidarentzat lanean aritu ziren forjarietako batzuk, urtarrilean, Legazpiko Patrizio Etxeberriaren burdinolan. J. ALTZELAI

Juan Mari Romaratezabala (Legazpia, 1956) 1971n hasi zen Legazpiko burdinolan lanean, 15 urte besterik ez zuela. 57 urterekin hartu zuen erretiroa, arazo fisikoak zirela medio. Lantegian garai «gogorrak» eta «politak» bizi izan zituela dio, Txillidarekin lan egitea «berezia» bezain «konplexua» izan baitzen harentzat. Nahiz eta eskultoreak eskatutakoa nola egin pentsatzeak langileen «loari ordu asko kendu» zizkien, Romaratezabalarentzat «ohorea» izan zen Txillidaren gisako «maisu baten unibertsoaren parte» izatea.

Azaroaren 6an jasotako sariak «ezustean» harrapatu zituen langileak, hainbeste urteren ondotik ez baitzuten uste halako aitortzarik jasoko zutenik. Txillidarekin lan egin zutenetako zortzi langile izan ziren galan gazteena Romaratezabala zen (68 urte). Hitzartze bat egin zuen oholtzan, eta amaitutakoan, keinu bat egin zuen zerura, eurekin lanean izan zirenak oroituz.

Txillida Goierrin 

Txillida 30 urtez izan zen Patrizio Etxeberriaren burdinolan. Eskultura handiak Reinosan egin zituzten (Kantabria, Espainia), baina obra gehienak Legazpin egindakoak dira. Gaur egun, artistaren lanak mundu osoan daude sakabanatuta. Orain gutxi, Legazpiko Lenbur museoak Legazpitik mundura izeneko erakusketa ireki zuen, burdinolan egindako eskulturak mapan kokatzeko.

Bertan lanean aritu zirenek kontatu dute Txillida «arrarotzat» jo zutela Legazpin izan zen lehenengo aldian, ez baitzuten ulertzen haren pentsatzeko modua. «Izugarrizko sorpresa» izan zen langileentzat «ohiko biribil, karratu eta laukizuzenez» bestelakoak egitea. Romaratezabalak dio Txillida burdinolara joaten zenean albo batera utzi behar izaten zituztela gainerako lan guztiak, zeren langileak, haren inguruan bildu, eta hark esandakoa egiten baitzuten. Normalki, eskultorea maketa edo irudi batekin joaten zen tailerrera, eta, hurrena joaten zenerako, maketa horren lehen piezek prest egon behar zuten. Ondoren, pieza horiek nola mugitu eta nola itxuratu agintzen zien Txillidak. Romaratezabalak kontatu du askotan hasierako ideiatik «oso urrun» gelditzen zirela lanak, baina «inperfekzio» hori ere gustatzen zitzaiola artistari.

«Esan ohi dute burdinazko eskulturak ehun urtean behin milimetro bat higatzen direla, baina Txillidaren ‘Haizearen orrazia’-k orain arte itsasoaren indarrari eutsi badio, gure lana ondo egin genuen seinale da»
JUAN MARI ROMARATEZABALA Forjari ohia

Romaratezabalak gogoan ditu artistarekin bizi izandako hainbat pasadizo. Besteak beste, kontatu du eskultoreak beretzat hartzen zituela burdinolan «sobran» zeuden edo beste bezero batzuenak ziren burdin piezak. «Txillida forjara etortzen zenean, artea ikusten zuen guk zaborra ikusten genuen lekuan». Gaineratu du pertsona «jatorra» eta «hurbilekoa» zela, bai eta «umoretsua» ere. Forjari ohiaren hitzetan, Txillidak langileei esan ohi zien orkestra baten antzera funtzionatzen zutela. «Hura zen zuzendaria, eta forjariok, berriz, haren musikariak».

Legazpiko burdinolan egin zituzten Txillidaren obra ezagunenetariko batzuk; Haizearen orrazia, kasu baterako —Donostian jarri zuten—. Romaratezabalak dio «harro» sentitzen dela Haizearen orrazia ikusten duen bakoitzean. Nolanahi ere, pentsatu izan du zenbat iraungo ote duen zutik eskultura horrek. «Esan ohi dute burdinazko eskulturak ehun urtean behin milimetro bat higatzen direla, baina Haizearen orrazia-k orain arte itsasoaren indarrari eutsi badio, gure lana ondo egin genuen seinale da».