Oparoa izan zen Mikel Laboak (Donostia, 1934-2008) euskal kantagintzan egin zuen ibilbidea. XX. mendeko euskal abeslari esperimentatzaile, ezagun eta eraginkorrenetarikoa izan zen, eta hala bihurtu da euskal musikagintzaren erreferentzia handienetako bat 1960ko hamarkadatik hona. Hain justu, igandean hamasei urte izango dira hil zela, eta oraindik ere sarri begiratzen zaie hari eta haren obrari, eta sortzen eta ikertzen da haien bueltan. Heriotzaren urteurrenaren harira, Mikel Laboa …izan liteke konstelazio, izan gabe izar… erakusketa zabaldu zuten atzo Andoaingo Bastero kulturgunean. Ehun marrazki inguru daude ikusgai, besteak beste, eta urtarrilaren 31ra bitartean egongo da zabalik.
Erakusketa iaz antolatu zuten estreinakoz, Laboaren heriotzaren 15. urteurrenaren harira. Donostiako Literkatum jaialdiaren barruan egin zuten orduan, Gros auzoko Okendo kultur etxean. Antolatzaileen arabera, unibertso bat kabitzen zen Laboaren bizitzaren, obraren eta izaeraren geruza bakoitzean, eta, hain zuzen ere, horixe irudikatu nahi izan dute Mikel Laboa …izan liteke konstelazio, izan gabe izar… erakusketan.
Joseba Larratxe Josevisky-k, Harkaitz Canok eta Unai Iturriagak 2022an kaleratu zuten Ni ez naiz Mikel Laboa komikia du oinarri. Laboaren ibilbidearen eta hark utzitako lorratzaren emaitza da Ni ez naiz Mikel Laboa komikia. Canok eta Iturriagak jarri zizkioten hitzak lanari, eta Larratxek, berriz, iruditara eraman zituen hitzok. Hain justu, Larratxeren ehundik gora irudi jaso dituzte erakusketan, bai eta Laboa oinarri duten kartelak, askotariko artelanak, argazkiak, dokumentuak eta ikus-entzunezkoak ere. «Laboaren bizitzari, haren ahotsari eta haren musikari egiten zaion omenalditzat har daiteke erakusketa», esan dute antolatzaileek.
Mikel Laboa …izan liteke konstelazio, izan gabe izar… erakusketa, iaz, Donostiako Okendo kultur etxean. JAGOBA MANTEROLA
Komikia EHUren Mikel Laboa katedrak proposatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta ondu zuten hiru egileek, eta Elkar argitaletxeak kaleratu zuen. Sortzaileek orduan azaldu zutenez, Lekeition (Bizkaia) bildu ziren komikia egin aurretik, «Laboaren lekeitioen sorburu edo iturburu izan zen lekuan», musikari eta kantaria eurentzat nor den eta komikian zer kontatu nahi zuten adosteko. Harkaitz Canok iaz Donostiako Literaktum jaialdian esan zuen Laboaren «izpiritu libre eta jolastia» bilatzen ahalegindu zirela lanean. «Iparrorratza hautsi behar genuela ondorioztatu genuen, gu libre sentitzeko eta haren izpiritu libre eta jolastia harrapatzen saiatzeko, eta ez hainbeste Laboa solemne hori». Horrenbestez, kantariaren gaineko biografia soil bat egitea baztertu, eta haren askatasuna eta aldarte jostaria hartu zituzten lanerako abiapuntu. Gaurtik aurrera Basteron ikusgai izango den erakusketan ere ideia horixe islatu nahi izan dute.
Atalak, unibertsoak
Koma Kultur Zerbitzuak etxeko Miren Koro Campos eta Mauro Peñalba arduratu dira erakusketako komisario lanak egiteaz, eta erakusketa osatzeko material ugari eta askotarikoak bildu dituzte. Materiala lortzeko jo zuten ate oro zabalik aurkitu zutela azpimarratu zuten komisarioek, komikiaren egileek material guztiak haien esku jarri baitzituen, nahi bezala erabil zitzaten. Hartara, liburuko marrazkiak ez ezik, sortzeko prozesuan landutako probak eta zirriborroak, koadernoak eta bestelako material ugari ere badira.
Basteroko aretorako sarrerak berak erakutsiko dio bisitariari zein norabidetan ikusi behar duen erakusketa, eta jarraian kolokatu duten testu batek dio artistaren bizitza eta obra osatzen duten «unibertsoetan barrena bidaia bat» egitea proposatzen duela erakusketak. Hogei panel inguru daude, hitzez zein irudiz ilustratzen dutenak zer-nolakoa izan zen Laboaren bizitza eta ibilbide artistikoa. Erakusketako atalak «unibertsoka» antolatu dituzte, eta kantariaren ibilbideko etapa desberdinak irudikatzen dituzte.
Mikel Laboa …izan liteke konstelazio, izan gabe izar… erakusketa, iaz, Donostian. Irudian, besteak beste, Laboak inspirazio iturritzat izan zituen artista batzuk ageri dira. JAGOBA MANTEROLA
Esaterako, osasunari lotutako atal bat ageri da, eta Medikuntza ikasi zuen garaiko irudiak bildu dituzte. Bihotz handi bat ere bada atal horretan, artistak izan zuen gaixotasun bati erreferentzia egiten diona, eta Gernikako bonbardaketak utzi zion arrasto sakona ere irudikatu dute, besteak beste.
Ikus-entzunezko materiala ere bada erakusketan. Kasu baterako, Larratxek egindako irudiekin osatutako bideo bat eta Laboaren esperimentaziorako joeraren erakusle den beste bat, Komunikazio-Inkomunikazio proiektuaren harira eman zuen zuzeneko batean grabatutakoa.
Horrenbestez, Laboak inspirazio iturritzat izan zituen musikariak, Ez Dok Amairuko sasoia, kontzertuetako kartelak eta sarrerak, eta kantariaren beraren omenez beste artista batzuek eginiko lanak ere aurkituko ditu bisitariak; tartean, Iñaki Olazabalen eta Koldobika Jauregiren pieza batzuk.
Hala, aretoko sarrerak adierazitako norantzari jarraituz iritsiko da bisitaria erakusketaren amaierara, eta testu, ilustrazio eta bestelako piezei esker ezagutuko du Mikel Laboaren ibilbidea.