«Jendeak uste du informatika dela enpresen administrazio eta kudeaketa lanak egitea, baina asko du matematikatik»

«Jendeak uste du informatika dela enpresen administrazio eta kudeaketa lanak egitea, baina asko du matematikatik»

Kazetariak argazki bat erakutsi dio Arantza Diaz de Ilarraza informatikariari (Donostia, 1957). Diaz de Ilarraza ageri da, kamiseta zuri bat jantzita, bulego batean eserita, kamerari begira. «Gaztea nintzen orduan», esan du. «25 bat urte izango dira argazki hori atera zidatela». Irudian ageri den ordenagailu motarengatik jakin du zenbat denbora pasatu den ordutik. Izan ere, ordenagailuen aurrean egin du ibilbide profesionala, eta ondo ezagutzen ditu. Informatika ikasi zuen Donostiako EHUko Informatika Fakultatean, eta irakasle sartu zen ikasketak amaituta. EHUk irakasle oso izendatu zuen aurreneko emakumea izan zen, 2012an. Ixa Taldearen zuzendaritzako kide izan zen, bai eta talde horren jarraipena den HiTZ zentroaren lehen zuzendaria ere. Duela bi urte erretiratu zen, baina Gaindegia Behategiaren komite zientifikoan ari da egun lanean.

Txikitatik jakin zenuen Informatika ikasi nahi zenuela?

Ez. Nik Matematika ikasi nahi nuen, baina garai hartan ez zegoen Donostian Matematika ikasteko aukerarik, eta nire etxean ez zuten nahi ni kanpora ikastera joaterik. Zalantza izan nuen Kimikaren eta Informatikaren artean, baina familian beti dago norbait esaten duena Informatika ikasteak etorkizun handia duela. Seguruenik, esaldi magiko horrek bultzatuko ninduen Informatika ikasteko erabakia hartzera. 

Eta gustura gelditu zinen erabakiarekin?

Tira, gauza batzuk gustatzen zitzaizkidan eta beste batzuk, ez. Baina, orokorrean, Informatikan egin behar nituen lanak ez zitzaizkidan batere gustatzen.

Zergatik?

1970eko hamarkada zen, eta orduan enpresen administrazioa zen Informatikan ikasten genuen dena. Karrera inguruko enpresetan erabiltzen ziren aplikazioetara zegoen zuzenduta, batez ere. Jendeak uste du hori dela informatika, enpresen administrazio eta kudeaketa lanak egitea, baina asko eta asko du matematikatik. Lehen, egia da, informatikak atzean duen matematika hori erlaxatuta zegoen. Gaur egun, ez.

«Informatikariok ez bagenuen euskararen teknologia lantzen, nork landuko zuen? Garai hartan inork ez zekien ezer horretaz»

Orduan ez zenuten ordenagailurik izango. Nola moldatzen zineten?

Lankideek esan zidaten hau ez kontatzeko, baina azalduko dut zer-nolakoa zen egoera. Begira: guk programak paperean egiten genituen, paper berezi batzuetan. Gero, idazkari batek orduko txartel zulatuetara pasatzen zituen programa horiek. Idazkariak txartel sorta hartu, eta Madrilera bidaltzen zituen, maleta batean. Bertan prozesatzen zen guk programatutakoa, eta hamabost bat egun edo hilabete bat pasatuta, programatutakoaren emaitzak iristen zitzaizkigun. Normalena zen emaitzarik ez izatea, programak beti izaten baitzuen akatsen bat.

Eta halakoetan, zer?

Halakoetan, gaizki zegoena berregin behar izaten genuen, eta berriro bidali. Gaur egun zaila da hori ulertzea, gauzak asko aldatu baitira ordutik. Beste ordenagailu batzuk sortu zituzten gero, eta garatuz joan da poliki-poliki. Nik ikasketak amaitu nituenean, aldaketa handia izan zen Informatikako ikasgaietan. Berrikuntza asko iritsi ziren, geuk sortuak.

Irakasle hasi baitzinen gero.

Hala da. 1979an amaitu nuen karrera, eta 1981ean hasi nintzen lanean, laguntzaile. Ordurako fakultatean bagenuen terminal bat, eta ez genituen fitxak Madrilera maleta batean eraman beharrik: terminal horretan prozesatzen genituen. Hori izan zen lehen berrikuntzetako bat. 1983an sartu nintzen irakasle, eta orduantxe iritsi zen aldaketa ikasgaietan.

Nola ekin zenioten aldaketa horri?

Oso zentratuta geunden ikasgai motetan: zer irakatsi behar genuen, nola, zer kurtsotan, praktikak nola egin… Ondo genekien programatzen, eta hori irakasten saiatu ginen. Alderdi formal asko dira guri irakatsi ez zizkigutenak, eta gu saiatu ginen alderdi formal horiek ikasleei irakasten. Horretarako ikastaro asko egin genituen.

Zuen kabuz egin zenuten ikasgaietako aldaketa?

Irakasle batzuk etorri ziren kanpotik. Doktoreak ziren, gu ez bezala. Irakasle haiek ekarri zuten gugana hizkuntzaren prozesamenduaren ideia, beste gauza askoren artean. Baina horixe zen guri gehien gustatzen zitzaiguna: hizkuntzaren prozesamendua. Orduan, tesia egiten ari ginen lagun batzuk elkartu, eta gai horri buruzko liburuak aztertzeari ekin genion, eta hala hasi ginen adimen artifizialean gehiago sakontzen.

Beste herrialde batzuetan lehenago hasi ziren horretan, ezta?

Bai, eta uste genuen euskarak ere egon behar zuela hor: hizkuntzaren prozesamenduan, adimen artifizialean… Beste toki batzuetako adituak hasiak ziren horretan, eta gu ezin ginen atzean geratu. Orduan hasi ginen garatzen, kanpoko ereduei jarraikiz; artean ezagutzen ari ginen tresnak eta baliabideak.

Informatika ikasi zuen Arantza Diaz de Ilarrazak, Donostiako EHUko Informatika Fakultatean. Ikasketak amaitutakoan, Informatika irakasle sartu zen. Irudian, Diaz de Ilarraza, bere bulegoan, 2000. urtean.

Euskara adimen artifizialera eramateko ahaleginean ari zinen buru-belarri, baina garai horretan hasi zinen euskalduntzen.

Bai. Lehenago ez nekien euskaraz, nire familian inork ez baitzekien, eta eskolan ez baitzigun inork irakatsi. Nire hurbileko kideek eta nik gazteleraz egin genuen tesia, edo, bestela, frantsesez. 1980ko hamarkadan hasi ginen gai batzuk euskaraz ematen. Hor hasi nintzen euskaran gehiago sakontzen, ikasgai batzuk euskaraz emateraino.

Zer landu zenuen, zehazki, zure tesian?

Elkarrizketa sistema automatiko bat izan zen nire tesia. Fakultateko kide batek sistema tutore bat egiten zuen: alegia, sistema bat ikasleari automatikoki erakusten ziona programatzen. Orduan, nire tesia izan zen sistemaren eta ikaslearen arteko elkarrizketa sistema bat sortzea.

Egun ChatGPT denaren antzeko zerbait?

Bai, baina historiaurrekoa. Hipotetikoa zen tesirako landu nuena, ezinezkoa baitzen horrelako zerbait egitea, baina programatzeko eman beharreko pauso guztiak ulertzen lagundu zidan niri. Lau urrats bete behar zituen sistemak. Lehenengo, morfologia: ikasleak idazten zuena morfologikoki aztertu behar zuen, aditzak, izenak eta gainerakoak identifikatuz. Sintaxia zen hurrengo pausoa; sistemak identifikatzea subjektua, objektua… Ondoren, semantika: hitz bakoitzaren esanahia ezagutzea. Eta azkeneko pausoa zen nire lana: pragmatika. Azken puntu horretara iristeko, morfologiaren, sintaxiaren eta semantikaren mailak muntatuta eduki behar nituen. Semantikan eta pragmatikan konplexuagoa zen, baina morfologian eta sintaxian gauza politak ateratzen ziren.

Hala, hizkuntzaren teknologian espezializatu zinen. Euskararen alorrean?

Bai. Ordurako hasiak ginen euskara teknologietara egokitzeko lanean. Gainera, gazteleraren alorrean ikasten ari nintzen guztiak balio izan zidan ondoren euskarara ekartzeko. Izan ere, guk ez bagenuen euskararen teknologia lantzen, nork landuko zuen? Garai hartan inork ez zekien ezer horretaz. Gu kongresuetara joaten ginen, eta ikusten genuen gainerako herrialdeetan zer-nolako garapenak egiten ari ziren, eta argi genuen guk ere garatzeko beharra genuela.

Eta zerk piztu zizun hizkuntzaren teknologian espezializatzeko interesa?

Garai hartan gai berria zen, eta erakusten zuen informatika ez zela nomina arrunt bat egitea, ez zela administrazioko lan hutsa, baizik eta gehiagorako ere balio zuela. Gainera, linguistikoki ez ezik, informatikoki ere interesatzen zitzaidan kontu bat zen, inor gutxik ezagutzen zituen tresnak erabiltzen ikasi nuen eta.

Adimen artifizialean ari zinetela sortu zenuten Ixa taldea. Zein zen zuen hasierako helburua?

Gainerako hizkuntzetarako egiten ari ziren tresnak egitea euskararako. Analizatzaile morfologikoa lantzen hasi ginen, eta hortik sortu zen Xuxen ortografia zuzentzailea, adibidez. Guk programatzen genuen, baina kanpotik ikasitako ereduekin. Berehala konturatu ginen hizkuntzalarien beharra genuela egiten ari ginena egiteko, hizkuntzaren formalizazio bat behar genuelako, eta hori ezin genuen guk egin. Orduan, hizkuntzalari batzuekin hasi ginen lanean. Noski, egiten ari ginena jendearen eskura jarri behar genuen, eta guk ezin genuen hori egin. Horretarako, Baionako Hizkia enpresarekin jarri ginen harremanetan, eta haiek arduratu ziren gu egiten ari ginena komertzializatzeaz.

«Itzultzaile automatikoak ez dio estilorik emango erabiltzaileari; erabiltzailearen lana da estiloa ematea»

Zein izan da Ixa taldearen garapena?

Ikerketa talde batek gauza asko egin behar ditu. Ez da bakarrik ikerketaz arduratzen, formakuntza ere egin behar baitu. Gurekin arituko zen jendea behar genuen, eta, horretarako, jendeari erakutsi behar genion zer egiten genuen guk. Ixa taldeak ahalegin handia egin du formakuntza horretan. Sortu ditugu doktorego programak, bekak, masterrak… Ni aritu naiz master programaren koordinazioan lanean, besteak beste. Askotarikoak dira eskaini ditugun doktorego programak, baina beti sartzen dugu gure alorra: hizkuntzaren trataerarena. Gaur egun, Erasmus Mundus programa eta gure master lokala eskaintzen ditugu. Hizkuntzaren trataera lantzeko formatzen dira ikasleak, garai berrietara egokitzeko eta alor horrek garatzen jarraitzeko. Guretzat oso-oso inportantea da formakuntza.

Badirudi gaur egungo kontua dela adimen artifizialarena, baina zu aspaldi hasi zinen horretan lanean. Imajinatzen zenuten halako eboluzioa izango zuenik?

Ez genuen pentsatzen, ez. Gu poliki-poliki hasi ginen horretan, eta gauzak ondo ari ziren ateratzen. Baina mundu hau beti da borroka bat: egin nahi duzuna egiteko, finantzaketa lortu behar duzu. Behin finantzaketa lortuta, ikertzaileak kontratatu eta ikerketak egin behar dira. Hori da behar den dinamika.

Adimen artifizialaren izu da jende asko. Uste duzu zenbait lanbide desagerraraziko dituela?

Lanbide batzuk desagertuz joan dira historian, eta ziurrenik, bai, lanbide batzuk desagerraraziko ditu, baina ezin da jakin zein izango diren. Halere, uste dut gauzak beste modu batera ikusi behar direla, gauza batzuk ere erraztuko baititu adimen artifizialak.

Zer, adibidez?

Itzultzaile automatiko batek ez du sekula pertsona batek bezala itzuliko, baina tresnak balio du itzultzen laguntzeko. Hala, norbere langintzako laguntza tresna gisa ikusi behar da adimen artifiziala. Kontua da zertarako erabiltzen den. Tresna tontoa da, erroreak ematen ditu, noski, baina erabiltzailearen lana izango da sistemak egindakoa hobetzea. Itzultzaile automatatikoak ez dio estilorik emango erabiltzaileari; erabiltzailearen lana da estiloa ematea.

MOTZEAN

Emakumea eta informatikaria zara. Hori oztopo izan duzu zure ibilbidean?
Ez. Egia da badagoela estereotipo bat informatikariekin lotuta, baina ni ez naiz sartzen estereotipo horretan. Halere, gero eta emakume gutxiago sartzen dira Informatika ikastera, eta fakultatean kezka handia dago horregatik. Arazoa larria da, eta lan asko egiten da horren kontra.

Zu ikasle zinenean ere hala zen?

 Ez, nire ikasle garaian ez dakit erdira iritsiko ginen, baina ez ginen oso urruti ibiliko.