Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa jokatuko dute bihar, Asteasuko Usarrabi frontoian, arratsaldeko seietan. Zortzi harri jasotzaile arituko dira lehian, eta Urdax Magunazelaia abadiñarra izango da faborito nagusia, marka hautsi baitzuen iazko txapelketan. Lau harri altxatu beharko dituzte: 200 kiloko laukizuzena, 175 kiloko zilindrikoa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Beste aukera bat ere izango dute: 200 kiloko zilindrikoa eta 175 kiloko laukizuzena altxatzea. Harri bakoitzarekin hiru minutuko txandak egin beharko dituzte parte hartzaileek, eta lau harriak erabili ondoren kilo gehien altxatzen dituen harri jasotzailea izango da irabazlea.
Magunazelaiak Euskal Herriko Harri Handien Txapelketako marka hautsi zuen iaz, erakustaldia emanda. Izan ere, 10.125 kilo altxatzea lortu zuen. 11 jasoaldi egin zituen 200 kiloko harriarekin, hamasei jasoaldi 175 kilokoarekin, beste hamasei 150 kilokoari eta 22 jasoaldi 125 kilokoari. «Magunazelaia lehenengoa izan da 10.000 kiloko marka gainditzen», esan du Joxe Anjel Sarasola harri jasotzaile ohiak eta herri kiroletan adituak. «Aurretik Aimar Irigoienek egindako errekorra hautsi zuen», azaldu du Sarasolak, baina ez du uste Magunazelaiak iaz egindako marka egitea lortuko duenik: «Irabaztera etorriko da, baina ez dirudi berriro marka hausteko moduan izango denik».
«Magunazelaia lehenengoa izan da 10.000 kiloko marka gainditzen, aurretik Aimar Irigoienek egindako errekorra hautsi zuen»
JOXE ANJEL SARASOLA Harri jasotzaile ohia
Jokin Eizmendi zarauztarrak du bigarren egiteko aukerarik handiena. Bost txapel irabazi ditu Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan, eta aurtengo Gipuzkoako Txapelketa irabazi du oraintsu. «Harri handiekin nor bere lana egitera joaten da, eta Eizmendi gogoz etorriko da, ondo dago. 40 urte ditu, eta hura izango da hautagai nagusia bigarren egiteko», esan du Sarasolak.
Hirugarren posturako lehia aurreikusten du harri jasotzaile ohiak, Gari Garmendia eta Xabier Aranburu Guzta harri jasotzaile idiazabaldarren artean. Garmendia atletismotik harri jasotzera pasatu zen orain hiru urte inguru. Guztak Zizurkilen jokatu zen Gipuzkoako Txapelketan parte hartu zuen, eta «ondo» aritu zela dio Sarasolak. «Nire ustez, Guztak aukera gehiago ditu hirugarren postu hori lortzeko, baina hori txapelketaren egunean ikusi beharko da».
Errusiar bat, lehen aldiz
Stepan Tsirkin errusiarrak lehen aldiz parte hartuko du biharko Harri Handien Txapelketan. Sarasolak uste du «alde exotikoa» aterako diola egunari. «Orain 11 urte inguru etorri zen hona, beka baten bitartez, eta hemen geratzea erabaki zuen, Irunen. Halterofilian aritzen zen, eta hortik harrira pasatu da», azaldu du. «Indarra du, baina oraindik gehiago landu beharra dauka teknika».
Gari Garmendia harri jasotzailea, iazko abenduan jokatu zen Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan. IMANOL GARCIA LANDA
Gorka Etxeberria oriotarra da harri jasotzaileen artean gutxien pisatzen duen partaidea, ehun kilotik behera da. «Aurretik ere parte hartu izan du Euskal Herriko txapelketan, eta harri horiek mugitu ditu. Amezketako Albizuri-Handi harri baldarraren txapelketa irabazi zuen», esan du Sarasolak. Imanol Royo Lartain 20 urteko zarauztarra da parte hartzaileetan gazteena, eta lehen aldia izango du Euskal Herriko Txapelketan. «Adin horrekin parte hartzeak badu meritua».
Sergio Mielgo madrildarrak ere parte hartuko du bihar, baina ez du aurreneko aldia Euskal Herrikoan. «Orain urte batzuk harriak eraman zituzten Madril aldera, eta han aritzen den kuadrilla batekin lehiatu izan da», esan du Sarasolak. «Beti gauzak ikasteko prest etortzen da, eta errespetuz hartzen du harri jasotzea».
Asteasuk badu tradizioa Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa antolatzen. Izan ere, 2010 inguruan hasi ziren horretan, eta bi urtetan salbu, han egin dira txapelketa guztiak ordutik. Sarasolak aurreneko urtetik antolatzen du txapelketa, eta azken urteotan esatari lanak egiten ditu.