Donostiako Añorga auzoko Cementos Rezolako lan gatazka izan da Gipuzkoan aurten izandako entzutetsuenetako bat, enpresa historikoa baita; gatazkak ekainetik abuztu bukaera arte iraun zuen. Langileek batzar orokorra izan zuten abuztuaren 30ean, eta onartu egin zuten Heidelberg Materials enpresa taldeak eginiko azken proposamena.
Hain zuzen, bederatzi langile Arrigorriagako (Bizkaia) lantegira lekualdatu zituzten, 24k erretiro aurreratua hartu zuten, eta 23 kanporatu egin zituzten. Orotara, 56 langile gutxiago ditu Añorgako fabrikak. Abuztuaren 31n hasi ziren kaleratzeak egiten, eta irailaren 1ean langileak Arrigorriagako lantegira lekualdatzen. Erretiroa hartu duten 24 horietarik hamabostek ekaineko lan erregulazioa plazaratu baino lehen onartu zuten lana uztea, eta beste bederatzik erregulazio prozesua adostu zuten. 23 kaleratuei dagokienez, hemezortzi kasu bidegabeko kaleratzeak izan ziren, eta halakoei aplikatzen zaien kalte ordainaz gain, gainsari bat jaso zuten beharginek. Beste bost langileak inolako akordiorik gabe kaleratu zituzten.
Ekainaren 18an, Heindelberg Materials enpresak 56 langile kanporatzeko asmoa zuela-eta, Cementos Rezolak iragarri zuen erregulazio espediente bat martxan jarri zuela. Zehazki, enpresak esan zuen langileak kaleratuko zituztela «deskarbonizazio prozesu baten» eraginez. Kaleratzeen eragina leuntzeko, aterabide bat proposatu zien 56 lagun horiei: hamabost kide Arrigorriagako fabrikara lekualdatzea, eta beste hamabost enpresak atzerrian dituen beste lantegi batzuetara igortzea. Horrez gain, hamasei langileri aukera eman zien erretiroa hartzeko, eta iragarri zuen hamar langile enpresatik bidali egingo zituela.
Espedientea negoziatzeko tenorean, Cementos Rezolako langile batzordeak borondatezko kaleratzeak negoziatzea lortu zuen. Bestalde, zuzendaritzak epe bat eman zuen enpresatik joan nahi zuten langileek izena eman zezaten, eta baldintza argi batzuk jarri zituen: euren kabuz joaten ziren langileen kasuak bidegabeko kaleratze gisa hartzea eta gainsaria ematea, sindikatuek eginiko eskaera kontutan hartuz. Erretiro aurreratua 54 urtera apaltzea ere onartu zuen, baita Arrigorriagara joango ziren langileen lekualdatzeak bermatzea ere. Enpresako zuzendaritzak, ordea, abuztuaren 5ean eman zien langileei azken erabakiaren berri: beren borondatez izena eman zuten 51 langile horiek hitzartutako baldintzetan kaleratuko zituela, baina beste bost ere bai, inolako akordiorik gabe.
51 langilek beren kaleratzea adostu arren, Usua Lasa LABeko kideak adierazi zuen bere sindikatua akordioaren aurka zegoela, enpresak beste bost langile kaleratzea erabaki baitzuen bere kabuz. Langileak mobilizatuak ziren ekainetik, eta Lasak esan zuen borrokan jarraituko zutela bost langile horiei irtenbide bat eman arte.
Esther Arruti ELAko arduradunaren ustez, langileek ez zuten enpresaren proposamena «beren borondatez» izenpetu. «Langileak mehatxupean sinatzera behartu ditu, asko ez baitzeuden ados baldintzekin». Horrez gain, salatu zuen zuzendaritza «fede txarrez» aritu zela negoziazioetan.
Deskarbonizazio prozesua
Ekainean enpresak azaldu zienez, Arrigorriagako lantegira eraman nahi izan dute klinkerraren ekoizpena hango labeak isuri gutxiago eragiten dituelako. Cementos Rezola enpresak nabarmendu zuen klinkerra egiteko prozesuak eragiten dituela zementu fabrika baten «karbono isuri guztiak», eta iragarritako neurrien bidez «bi fabriken jasangarritasun klimatiko eta industriala ziurtatuko» zela.
Europako Batasunak zementuaren sektoreari eskatua dio 2030. urterako isuriak %62 apalagoak izatea 2005ekoak baino. Horren harira, enpresak esplikatu zuen Añorgako labea ixtea zela helburu horiek betetzeko «modu bakarra».
Gipuzkoako Merkal Calzadoseko langileak ere mobilizatzen ibili dira. Azaroaren 29an, black friday egunean, Donostiako San Martin merkataritza gunearen aurrean bildu ziren. Ia berrehun eguneko gatazkaren ondotik, pankarta bat eskuetan zutela eta musika ozen jarrita salatu zuten Merkal Calzados enpresak uko egin ziola soldata hobetzearen, antzinatasunaren eta kontziliazio baldintzen inguruan negoziatzeari.
Zumaiako Balenciaga ontziolan ere izan da arazorik: langileek prentsaurrekoa egin zuten azaroaren 26an, adierazteko enpresaren etorkizuna «politikarien eskuetan» dagoela. Azken urteak «txarrak» izan dira ontziolarentzat, baina urrian Donostiako merkataritza auzitegiak oniritzia eman zion hura salbatzeko planari. Hartzekodunen konkurtsoa egin dute enpresan, eta, langile batzordearen ustez, enpresako zuzendaritza da errudun nagusia.
Bestalde, Ekialdebuseko langileek greba egingo dute San Tomas, Gabon eta Urtezahar egunetan. Bidasoa eta Oiartzualdea Donostiarekin lotzen dituen autobus zerbitzuko langileek nahi dute linea horietan autobus gehiago jartzea, eta autobusak maizago pasatzea. Greba batzordeak esplikatu du %50 igo dela erabiltzaileen kopurua, baina autobus gutxiago daudela. Esaterako, 2011n lau milioi lagunek erabili zuten Ekialdebuseko zerbitzua, eta espero dute aurten hamar milioi izatea.