«Oiartzungo erraldoi txikiak sortzeko prozesua aurkeztuko dugu»

«Oiartzungo erraldoi txikiak sortzeko prozesua aurkeztuko dugu»

Karmele Mitxelena idazle oiartzuarraren Erraldoi erraldoiak ipuina abiapuntu hartuta, izen bereko ikuskizuna taularatuko dute bihar Oiartzungo Landetxen, 17:00etan. 2019an erraldoi txiki batzuk sortu zituzten Oiartzunen, eta, hain zuzen ere, Mitxelenaren lanak erraldoi horiek sortzeko prozesua azaltzen du. Zuzeneko musikaren, ahotsaren eta erraldoien laguntzaz, ipuin kontaketa dramatizatua egingo dute igandean, haurrei zuzendutakoa. Nekane Martiarena antolatzaileetako bat da (Oiartzun, 1969), eta iragarri du emanaldi «ikusgarria» izango dela.

Zer da Erraldoi erraldoiak?

Erraldoi erraldoiak ipuin bat da, Oiartzungo erraldoi txikiak sortzeko prozesua kontatzen duena, eta orain hori aurkeztuko dugu. Ipuinak kontatzen du nola sortu genituen erraldoi horiek, nola aurkeztu genizkion herriari, nola hartu zuten parte haurrek eta nola sortu dugun erraldoien konpartsa bat. Bukaeran, erraldoi bakoitzaren bizitzaren gaineko esplikazio bat ageri da, erraldoi horiek dantzatzeko sortu den kantu batekin. Liburua Karmele Mitxelenak idatzi du, eta ilustrazioak haren ahizpa Naiarak eginak dira. Erraldoien inguruko egitasmoa Abaraxkaren eta Soinuenearen laguntzaz sortu zen.

Nondik dator ikuskizuna sortzeko ideia?

Erraldoiak 2019an sortu genituen, baina hor gelditu zen asmoa. Duela pare bat urte, aurrerapauso bat eman nahian, konpartsa bat sortu genuen haurrekin, eta orduan argitaratu genuen liburua ere. Bere garaian erraldoiekin atsolor bat egin genuen, eta herriari aurkeztu genizkion. Ondoren, beste urrats bat egiteko momentu polita izan zitekeela iruditu zitzaigun, eta ipuin hori antzeztea eta herriari aurkeztea erabaki genuen. Iazko ekainaren 8an egin genuen lehen ikuskizuna, eta ikaragarrizko arrakasta izan zuen. Gure asmoa saio bat egitea zen, baina bi egin behar izan genituen, handia baitzen eskaintza. Hura errepikatzea erabaki dugu aurten, eta herriari aurkeztuko dizkiogu erraldoiak, ipuina eta konpartsa.

«’Erraldoi erraldoiak’ liburuaren aurkezpena egingo dugu, baina ez da aurkezpen soila izango, emanaldia oso jantzita egongo baita»

Zein da emanaldiaren asmoa?

Erraldoi erraldoiak liburuaren aurkezpena egingo dugu, baina ez da aurkezpen soila izango, emanaldia oso jantzita egongo baita. Karmelek berak [Mitxelena] aurkeztuko du ipuina, orriz orri. Bitartean, ipuina antzeztuko dute oholtzan, zuzeneko musikaz lagunduta. Erraldoi txikien konpartsako haurrak ere bertan egongo dira, erraldoiak dantzatzen. Liburu bat aurkezteko modu desberdin bat izango da.

Ikuskizunaren muina erraldoiak dira. Zer dute berezia Oiartzungo erraldoiek?

Oiartzungo erraldoiak 2019an sortu ziren, prozesu parte hartzaile indartsu baten bitartez. Haurrek marraztu zituzten erraldoien diseinuak, eta lau erraldoi sortu genituen diseinu horiekin Abaraxkan eta Soinuenean. Haurrak eta familiak aritu ziren erraldoi horiek sortzen, hiru hilabetez, larunbatero-larunbatero. Orain konpartsa sortu dugu, eta niretzako balio handia du haurrek izan duten parte hartzeak eta haien arteko antolakuntzak. Erraldoiak deigarriak dira haurrentzat, eta tiradizoa izan dute Oiartzunen.

Zuzeneko musika eta ahotsekin lagundutako ipuin kontaketa dramatizatua egingo duzue.

Karmelek [Mitxelena] idatzi du liburua, eta hark hitzez kontatuko du ipuinean gertatzen dena. Ipuinak kontatzen duena eszenatokian ikusteko eta entzuteko aukera izango dugu. Lehen aldiz egin genuenean, ikaragarria iruditu zitzaidan. Iaz saio bakarra egin nahi genuen, baina bi egin behar izan genituen. Ikuskizuna oso polita, alaia eta ikusgarria da.

Ipuin kontalaria, zuzeneko musika, erraldoiak…

Ez da ezer faltako, ez. Herriko eragileek eta norbanakoek parte hartuko dugu. Ibargain musika eskolako haurren korua kantuan arituko da, Soinueneako Errege Beldak hainbat instrumentu joko ditu, Karmele Mitxelena idazlea bertan izango da, Abaraxkako kideak eta konpartsako erraldoiak ere ikuskizunaren parte izango dira… Herriko eragileen saretze bat izango da.

Aberasgarria eta garrantzitsua al da eragileak saretzea?

Guretzako oso garrantzitsua da hori. Abaraxkakoek eta Soinuenekoek herriko saretzea bultzatzen dugu herrian antolatzen diren jardueretan. Kasu honetan, gainera, ezinbestekoa da. Nork abestuko du koruak baino hobeto? Nork joko du musika Soinueneak baino hobeto? Nork dantzatuko du konpartsako haurrek baino hobeto? Elkarrekin ikuskizun eder bat sortu dugu.

«Abaraxkakoek eta Soinuenekoek herriko saretzea bultzatzen dugu herrian antolatzen diren jardueretan»

Haurkultur zikloaren programazioaren barruan dago igandeko emanaldia. Zer da Haurkultur?

Herrian Landetxe kultur etxea dugu, eta bertan kultur egitasmoak antolatzen ditugu; gehienbat, helduentzat. Herriko eragileen eta udalaren artean haurrak ere kulturan murgildu nahi ditugu. Urte guztian haurrei begirako hainbat ekitaldi antolatzen ditugu, eta Erraldoi erraldoiak ikuskizuna da horietako bat.

Erraldoiak dantzatzen ikasteko ikastaroak egiten ari zarete Oiartzunen.

Konpartsa txiki bat da gurea. Momentu honetan hamasei-hamazazpi ume dauzkagu, 4 eta 10 urte bitartekoak. Hilabetean behin saio bat egiten dugu zuzeneko musikarekin, eta oso giro polita sortzen da. Horrez gain, konturatu gara erraldoi txikiak eta handiak baditugula, baina ertainik ez. Txikienentzat tiradizoa dute, baina, ondoren, tiradizo hori galdu egiten da, eta zaila da erraldoien munduan murgildu nahi duen jendea harrapatzea. Orain, akademia bat sortu dute herrian, eta erraldoiak dantzatzen irakasten dute bertan. Soinuenea ari da lanean akademia horretan, eta jendea joaten da.