Uholde arriskuari aurre egiten

Uholde arriskuari aurre egiten

«Hemen orografia malkartsua eta klima euritsua dugu, eta ibaiak normalean energia altukoak, indartsuak, izaten dira». Hala esan du Ander Izarra Uraren Euskal Agentziako proiektu eta lan hidraulikoak zuzentzen dituen teknikariak. Esplikatu du naturak eragindako kalterik handienak «uholdeek eta itsasoak» eragindakoak direla. Izarrak dio uholde arriskua txikitzeko «diru asko» inbertitzen dela. «Mende hasieratik hona, 350 milioi euro erabili dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan uholde arriskua txikitzeko jardueretan». Haren hitzetan, inbertitzen den euro bakoitzeko 1,9 euroko galera eragozten da. Uholde arriskua txikitzeko esku hartzeak egiteko asmoa du agentziak Tolosaldeko hiru herritan: Tolosan, Villabonan eta Alegian.

Uraren Agentziak abian du Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana, eta Izarrak azaldu du zenbait irizpide jasotzen direla plan horretan. «Lehenengoa da egoera ez okertzea. Hau da, baldintza gogorrak jartzea ibaiertzetako eremuei erabilera berriak ematen zaizkienean». Beraz, planaren arabera, uholde arriskua duten eremuetan ezin dira etxebizitzak eta industrialdeak eraiki. «Bigarren irizpidea babestea da; hau da, eremu bat dagoeneko uholde arriskuan badago, ingurua babesteko neurriak hartzea», esan du. «Babestea litzateke, adibidez, zubiak aldatzea, haien azpitik ur gehiago igarotzeko. Funtsean, oztopoak kentzea da, ibaiari leku egiteko». Hirugarren irizpidea «prestakuntza» dela jakinarazi du. «Iragarpen meteorologikoak ditugu, eta horiek iragarpen hidrologiko bihurtzen ditugu Euskalmetekin batera, gero babes zibileko zerbitzuek modu egokian kudea dezaten egoera». Laugarren irizpidea, berriz, uholdeak gertatu ondoren ingurua lehengoratzea da.

Izarrak dioenez, ibaiak sarri garbitzen dira uholdeen arriskua txikitzeko. «Plastikoak-eta kentzea ondo dago, baina landaredia suntsitzea eta dragatze lanak egitea, ez». Izan ere, ibaia «elementu naturala» dela adierazi du, mendi gailurretatik itsasora sedimentua eta ura garraiatzen dituena. «Horretarako, bere bidea sortzen du, oreka bilatu eta ekosistema jakin bat sortu. Ibaiertzetako landaredia autoktonoa ez da arazoa, konponbidea baizik. Askotan naturak berak ematen dizkigu konponbiderik onenak». Gaineratu du landarediak ura xurgatzeko ahalmena duela, ertzak egonkortu egiten dituela, eta ibai eta erreka guztiak moteltzen dituela.

Izarrak dioenez, Uraren Agentziak uholdeen arriskua murrizteko egiten dituen lanak «agentziaren alde garrantzitsuenetako bat» dira. Horrez gain, Uraren Agentziak bestelako lan batzuk egiten dituela aipatu du: «Ur masen egoera ona izan dadin ahalegintzen gara. Hor sartzen da muturreko gertaeren kudeaketa, baina uraren kalitatearen alde ere egiten dugu lan. Asko hobetu da egoera azken urteetan; kutsaduraren aldetik, adibidez».  

1

Tolosa

«Oria ibaiak, Tolosatik igarotzen denean, oztopo batzuk ditu bidean: zubiak. Batzuek beste batzuek baino kalte handiagoa egiten dute, eta hori erakusten duen azterketa bat eginda dago, eredu matematikoak erabiliz», dio Ander Izarrak, Uraren Agentziako teknikariak. Gaineratu du Uraren Agentziakoak kontziente direla ezin dela kalte horiek eragozteko «edozer gauza egin», eta Tolosako Nafarroako zubia jarri du horren adibide: «Ondarearen aldetik, balio handia du, eta nahiz eta hidraulikoki kalte handia eragin, baztertu egin dugu zubi horretan zerbait egitea».

Tolosan kalte txikiagoak izateko alternatiba posible bat bilatu zuen agentziak: Zubiberria zubia eraistea eta beste bat eraikitzea. «Beste zubi bat eraikitzeko garaian, kontuan izan behar da gaitasun hidrauliko handia izan behar duela: komeni da zutaberik ez izatea, eta zubiaren taula liraina izatea», zehaztu du Izarrak. Orain bi urte, Tolosako Udalarekin batera, zubi bat eraikitzeko proposamena aurkeztu zutela gaineratu du: «Eztabaida sortu zuen proposamenak, eta Uraren Agentzian badakigu denok ados etorri behar dugula. Orduan ez zen lan hura gauzatu, baina zer egin argitzean, Uraren Agentziakoak prest egongo gara Tolosara joan eta lan horri berriro heltzeko». 

Izarraren ustez, han zubia aldatzea «onuragarria» izango da herritarrentzat. «Horrelako obra bat egiteak ez du erabat ziurtatzen uholde arriskua ekiditea. Hori ezinezkoa da. Izan ere, ezingo dugu inoiz natura menderatu», esan du. «Obra hori egingo dugu, eta baliteke aurreikusitakoa baino eurite handiagoa etortzea eta uholdeak izatea». Hala eta guztiz ere, Izarrak nabarmendu du zubia aldatzea «denentzako onuragarria» izango dela, eta uholderik gertatzekotan, «larritasun txikiagokoak» izango direla.  

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak adierazi duenez, gaia «sozializatu» nahi zutela esan zieten Uraren Agentziakoei. «Jendeari gutxienez adierazi nahi genion benetako arriskua dugula Tolosan, eta esku hartze hori halabeharrez egin behar dela». Zutaberik gabeko proiektuak «arku altu samar bat» zuela dio, bost metrokoa, eta horrek kezka pixka bat sortu zuela. «Jende dezente kontra azaldu zen, eta aurreko udal gobernuak Uraren Agentziari proposatu zion beste diseinu bat aurkeztea». Udalari beste proposamen bat aurkeztu zion agentziak, bi zutabekoa, eta Martinez de Rituerto alkateak dio egungo udal gobernuak ez duela gustuko, gaitasun hidrauliko txikiagoa baitu. Egoera ikusita, Tolosako Udalak ingeniaritza bulego bati eskatu zion azter zezala posible ote zen zutaberik gabeko beste zubi bat egitea. «Erantzunaren zain gaude, eta jasotzen dugunean, Uraren Agentziari aurkeztuko diogu».

2

Alegia

Amezketa erreka Oria ibaiarekin elkartzen den lekuan dago Alegia. Eta, hain zuzen, Amezketa errekan dagoen zubi bat aldatuko dute. Franconi eskola zaharraren aurrean dago, eta beste bat eraikiko dute, 25 metrokoa. Horrez gain, Franconiko ingurua babestu egingo dute, lurrez eraikitako horma txiki baten bidez.

Alegiako Amezketa errekako zubia, aste honetako irudi batean. IMANOL GARCIA LANDA

Orain lau urte inguru Gipuzkoako Foru Aldundiak pare bat lan egin zituen Oria ibaian, Alegian. «Bi presa eraitsi zituen ibilguan, eta hori hobekuntza handia izan zen uholde arriskuari dagokionez», esan du Izarrak. Lehendabizi, Amezketa errekako zubiaren proiektua egin behar dute, eta, ondoren, lanak abiatu. «Proiektua egiteko hilabete batzuk beharko ditugu, ondoren, alegazioak jartzeko epea zabalduko da, eta, gero, obraren lizitaziorako beste epe bat zabalduko da. Epeak zehaztea zaila da, baina ziurtzat jo daiteke luze gabe egingo dela». 

3

Villabona-Amasa

Villabonan uholde arriskua txikitzeko «lan handiak» egin dira dagoeneko. Lehen fasean, Oria ibaia zabaldu egin zuten zati batean, eta, horrenbestez, toki handiagoa eman zioten ibilguari. Bestalde, Zubimusu zubiari beste begi bat ireki zioten ezkerraldean, emari handiagoa pasatzeko. «Bi esku hartze horiekin asko hobetu zen inguruko uholde arriskua, baina ikusi dugu beste lan bat egin behar dela oraindik», esan du Izarrak. Zubimusu zubiaren eskuinaldean, Kale Berriaren hasieran, eremu bat ibaiaren pare samarrean dago. «Eremu horretan, baranda kendu eta petril baten antzeko horma iragazgaitza jartzea proposatuko dugu. Horma horrek ez dio urari irteten utziko».

Villabonako Zubimusu zubiaren alboan dagoen baranda, asteon. IMANOL GARCIA LANDA

Alegiakoaren antzera, Villabonako barandaren proiektua egiteke dago, eta luze gabe egiteko asmoa dute. «Uraren Agentziako kideok jakitun gaude arazo puntual batzuk daudela, eta horiei konponbidea eman behar diegu ahal den heinean», dio Uraren Agentziako teknikariak. «Inoiz ezingo da esan ehuneko ehunean bermatuta egongo denik, baina uholde arriskua murrizten lagunduko du».