Iazko maiatzean Usurbilen Txirikorda deituriko belaunaldien arteko etxebizitza komunitarioa zabaldu zuten, eta Gipuzkoako udalerri batzuetan hura bezalako etxebizitzak eraikitzeko prozesuak ari dira garatzen. Esate baterako, Tolosako Udalak belaunaldi arteko etxebizitza bat eraiki nahi luke. Herritarren eskaria dela zehaztu du Ander Figuerido Tolosako Hirigintza eta Etxebizitza alorretako zinegotziak. «Herritarren Batzarrak egindako gomendioetako bat izan zen, eta Gazteparte prozesuan ere bide hori jorratzeko eskaera egin zuten 18 eta 30 urte bitarteko gazteek», esan du Figueridok. Azaroaren 22an aurkeztu zuten Tolosan Iurramendi kalearen ondoan eraikiko duten etxebizitza proiektua. Horrez gain, Errenteriako Udalak etxebizitza komunitario bat eraikitzeko prozesua martxan jarri zuen 2018an.
Etxebizitza komunitarioa eraikitzeko, herritarrekin antolatutako parte hartze prozesua izaten da oinarrian. Hain zuzen, Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak adierazi du Txirikorda eraikitzeko ideia 2018an sortu zela. Udalak Ugartondo garapen urbanistikoan eraikin publiko bat eraikitzeko eskubidea lortu zuen. Horren harira, 18 eta 30 urte arteko gazteen eta 65 urtetik gorako pertsonen arteko hausnarketa prozesua bultzatu zuen. «Etorkizunean bizikide izango ziren bi kolektiboei eman genien aukera prozesu parte hartzailean aritzeko. Elkarrekin hausnartu genuen, eta horren emaitza da Txirikorda prozesu parte hartzailea».
«Etorkizunean bizikide izango ziren bi kolektiboei eman genien aukera prozesu parte hartzailean aritzeko. Elkarrekin hausnartu genuen, eta horren emaitza da Txirikorda prozesu parte hartzailea» AGURTZANE SOLABARRIETA Usurbilgo alkatea
Hamasei etxebizitza daude Txirikordan. Maiatzean sartu ziren lehen bizilagunak eta gaur egun etxe guztiak beteta daude. Bi espazio mota daude: hamasei espazio pribatuez gain, espazio komunitarioz osatua da Txirikorda. Jangela eta sukalde komunitarioak, egongela komunitarioa eta terraza amankomunak. «Elkarrekin topo egiteko aitzakiak» bilatu dituztela adierazi du Solabarrietak. Gainera, Txirikordak erabilera anitzeko gela bat dauka; bertako bizilagunek ez ezik, herriko eragileek ere balia dezakete gela hori. Usurbilgo alkatearen arabera, herriko beste dinamika batzuk «sustatzeko» xedez egin zuten gela. «Toki horren erabilera herriari irekitzen zaio, herrian dauden beste proiektuen arteko loturak eta sinergiak bultzatzeko».
Txirikorda etxebizitza komunitarioa «behar baten ondorioz» eraiki zutela adierazi du Solabarrietak, zehazki, gazteen emantzipazio beharrak bultzatuta eta adinekoen bakardadea kontuan hartuta.
Luken Harto usurbildarrak Txirikordan bizitzeko izena eman zuen, emantzipazio bila eta gurasoen etxetik ateratzeko gogoz. Han bizi da maiatzaren 1etik. Herriko jendearekin eta pertsona helduekin komunitate bat osatzea «oso interesgarria» egin zitzaion, eta horregatik ausartu zen izena ematera. Bestalde, haren ustez, alternatiba «ona eta merkea» da gurasoen etxetik ateratzeko. Solabarrietak berretsi duenez, bizilagunen errentaren araberako alokairuak ordaintzen dituzte etxebizitza komunitarioko bizilagunek. «Norberaren errentaren araberako alokairua ordaintzen dute gazteek. Errentaren %15 izaten da alokairua. Ondorioz, Txirikordan dagoen jendeak hilean 90 euro eta 300 euro ordaintzen du alokairua». Helduei dagokienez, 65 urtetik gorakoak bizi dira Txirikordan. Bakardadea sufritzen zutelako edota etxebizitza desegokiak zituztelako sartu ziren egitura komunitariora.
Komunitatea eraikitzeko bideak
Komunitatea eta bizikidetza eraikitzea da etxebizitza komunitarioen helburuetarik garrantzitsuena. Solabarrietak zehaztu duenez, Usurbilen zaintza ekosistema bat eraikitzen ari diren heinean, xedetzat jarri zuten Txirikorda horren parte egitea.
Barne funtzionamendu komunitarioa antolatzeko, Hartok zehaztu du bi astean behin batzarrak antolatzen dituztela ardurak eta jarduerak banatzeko. «Asanbladak antolatzen ditugu zer gai landu behar diren erabakitzeko, eta gure gain hartzen ditugu idazkaritza eta dinamizazioa. Helburua da ahal den bizilagun gehienek parte hartzea erabakiak hartzeko guneetan».
Batzarrak ez ezik, elkar ezagutzeko eta bizilagunen arteko harremanak indartzeko zenbait jarduera antolatzen dituzte. Harto bizilagunak esan duenez, zinema foroak eta afariak antolatu izan dituzte sukalde eta jangela komunitarioan. Hala ere, gaineratu du Txirikorda proiektu berria denez, ez dutela nahikoa denbora izan gauza asko egiteko. Solabarrietak onartu du oraindik goizegi dela Txirikordaz balorazioa egiteko.
«Asanbladak antolatzen ditugu zer gai landu behar diren erabakitzeko, eta gure gain hartzen ditugu idazkaritza eta dinamizazioa. Helburua da ahal den bizilagun gehienek parte hartzea erabakiak hartzeko guneetan» LUKEN HARTO Usurbilgo Txirikordako bizilaguna
Hala ere, maiatzetik orain arte eginiko bidea «emankorra» izan dela esan du Usurbilgo alkateak. Oso eskertuta dago komunitateko kideen jarreraz. «Oso eskertuta nago, Txirikordan bizi den kolektiboa proiektua barneratzen ari delako. Txirikordaren arrakasta eurei zor zaiela esaten diet. Era horretako proiektuak errazegi teorizatzen dira, eta, gaur egun gizartea nola dagoen ikusita, ederra izan da proiektua gauzatzea».
Luken Hartoren iritziz, etxebizitza komunitarioaren eredua «gehiago» zabaldu beharko litzateke. Nahiz eta «ez duen konponduko» etxebizitzaren krisia, etxebizitza berriak eraiki ordez herrietan dauden etxe huts guztiak betetzea nahi luke. Horrez gain, nahikoa ez balitz eta etxebizitzak eraiki behar balira, eredu komunitarioa aintzat hartuta eraiki beharko lirateke. «Etxebizitza krisiaren alternatiba ez du guztiz konponduko. Herri guztietan etxebizitza pila bat hutsik daude, eta, beraz, ezin gara ibili geroz eta etxebizitza gehiago eraikitzen. Ez da aterabide iraunkorra etxebizitza berriak etengabe eraikitzea. Hutsik daudenak betetzen baditugu eta etxebizitza komunitarioak eraiki, alternatiba merkea eta komunitatean oinarritutako aterabidea litzateke. Indibidualismotik at, pertsonak pertsonekin berriz elkartzea, hori da gakoa».